Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevista
Klara Olazabal
Piraguista

«Gogoko dut Parisekin amestea, motibazio puntua ematen dit»

Espainiako Kopan bi urrezko domina kolkoratu zituen Klara Olazabalek (Irun, 1998) iragan asteburuan, ur bizietako C1-ean. Orain, helburu nagusia Espainiako selekziorako hautatze proban, apirilean, emaitza ona ateratzea da, Europako txapelketan lehiatu ahal izateko. 

Klara Olazabal, Santiagotarrak klubeko piraguen artean.
Klara Olazabal, Santiagotarrak klubeko piraguen artean. (Jon URBE | FOKU)

Denboraldi hasiera paregabea burutu du Klara Olazabal piraguistak. Joan den asteburuan, C1 modalitatean, bi urre kolkoratu zituen Espainiako Kopan. Argi dauka hasiera besterik ez dela, baina ondo hasteari garrantzia eman dio GARAri emandako elkarrizketan. Txikitatik estuki lotuta egon da piraguismoari eta 14 urte zituela nazioartean lehiatzen hasi zenean erabaki zuen «konbikzio osoz» ordu asko sartu nahi zituela. Paris 2024 errealitatea da irundarrarentzat.

Zer moduz zaude? Bi urre Espainiako Kopan, hasiera ona.

Bai, urritik entrenatzen egon ostean, lehenengo txapelketa hauek erreferentzia izaten dira. Ez da denboraldiko txapelketarik garrantzitsuena, inola ere ez, baina bada landutako gauzak txapelketetan probatzen hasteko une egokia. Gustura sentitu naiz, disfrutatu dut. Denboraldia gogo handiarekin abiatzeko lagungarri izan dira.

Larunbatean Miren Lazkanoren aurretik geratu zinen. Nolakoa da bion arteko lehiakortasuna? Taldekakoan selekzioan ere emaitza politak lortu baitituzue.

Biok hazten joan gara kategorian. 2009an jaio zen kategoria da C1 emakumeetan eta Mirenek eta biok beti daukagu lehia polita. Horrek hobetzen laguntzen digu.

Aipatu duzu C1 kategoria emakumeetan nahiko berria dela; lehenago K1ean aritutakoa zara?

Bai. Ni oso gaztea nintzenez, K1ean hasi eta oso txikitatik C1ean ere ibiltzen nintzen, baina mutilak soilik lehiatzen ziren nazioartean. Emakumeak soilik K1ean zebiltzan. 2009an lehendabiziko aldiz Munduko Txapelketan sartu zuten. Hortik aurrera, nazioartean bai baina Olinpiar Jokoetan oraindik ere sartu gabe zegoen, eta iaz lehendabiziko aldiz izan zen modalitate olinpikoa.

«Jendeak esaten du sakrifizioak egin behar direla, baina nik ez dut sakrifizio moduan ikusten; niretzat erabakiak dira» 

Eta zure kasuan, zergatik aukeratu zenuen C1?

Berez biak egiten ditut, biekin jarraitzen dut. C1 gehiago gustatzen zait, sentsazioak gehiago gustatzen zaizkit; gehien lantzen dudana da.

Oreka handiagoa beharko da...

Bai, baina aldi berean, altuago nabigatuta, teknika errazagoa izan daiteke ur bizietako mugimenduak hartzeko orduan.

Olinpiar Jokoetan estreinakoz modalitate hau eta azken unera arte borrokatu zinen Tokion egoteko. Azkenean, Nuria Villarrublak irabazi zizun. Zer sentsaziorekin bukatu zenuen aurre-olinpikoa?

Niretzat izugarrizko esperientzia izan zen, esango nuke hazten joan nintzela prozesu osoan zehar. Oso luzea izan zen. 2019ko denboraldian Munduko Kopa eta Europako eta Munduko txapelketak hartu ziren aintzat puntuak lortzeko. Mundiala amaituta oraindik ez zegoen erabakita nor joango zen eta 2020an erabaki behar zen. Koronabirusak harrapatu gintuen eta selekzio probak bertan behera geratu ziren. Jarraitu genuen entrenatzen jakin gabe ea noiz egingo genuen. Azkenean 2020ko urrian egin genituen eta oso sasoi onean iritsi nintzen, oso gustura nengoen uretan eta han ere ikusi zen, ehuneko gutxitara geratu nintzen. Triste bukatu nuen, helburua Olinpiar Jokoetara joatea zelako, baina pozik egindako lanarengatik eta ikasitako guztiarengatik.

2019ko Munduko Txapelketan bosgarren bukatu zenuen.

Bai, nire emaitzarik onena lortu nuen. Egindako lana ona zen; nire entrenatzaile Xabi Taberna eta nire entrenamenduetako kide Ander Elosegirekin aritu nintzen eta benetan gustura egon nintzen sortu zen giroarekin eta baita emaitzarekin ere, nola ez.

«Txikia zarenean ondo pasatzera etortzen zara eta piraguarako horrelako kultura eta giroa hemen, etxean, izateak engantxatzen du gero jarraitu ahal izateko»

Laguntzen dizu Ander Elosegi bezalako piraguista bat klub berean egoteak?

Bai, noski. Berarekin lanean hastea izugarrizko zortea izan zen eta Taberna eta biekin gauza pila bat ikasi ditut azken urteetan. Orain Xabi Tabernak utzi egin du, Olinpiar Jokoen ondoren, baina Elosegirekin jarraitzen dut harremanetan. Ez agian lehen bezala, egunero entrenatzen bainuen, baina niretzat beti da lagungarri. Benetan eredu eta irakasle da.

Santiagotarrak bezalako klub bat etxean edukitzea ere zortea izango da.

Bai, noski. Txikia zarenean ondo pasatzera zatoz eta piraguarako horrelako kultura eta giroa hemen, etxean, izateak engantxatzen du gero jarraitu ahal izateko, eta esateko, konbikzio osoz, ‘hemen orduak sartu nahi ditut’. Eta Santiagotarrak klubean izan ditugun erreferenteek ere asko egiten dute horrelako erabakiak hartzeko garaian.

Ordu asko inbertitu; gehiegi edo behar dena?

Nire ustez, behar dena. Jendeak esaten du sakrifizioak egin behar direla, baina nik ez dut sakrifizio moduan ikusten; niretzat erabakiak dira. Batzuetan bidaiekin eta egin beharreko plangintzekin erabakiak hartu behar dira, bai ala bai. Baina nik gustura egiten dut; badakit hobetu nahi dudala eta ahal den urrutien iritsi nahi dudala. Ondo pasatzen ez dudan momentua iristen denean, proiektu honek zentzua galduko luke.

Ur bizietan entrenatzeko nora joaten zara?

Normalean, San Migeleko ibaia daukagu, baina Pauera irteten gara: han instalazio eta ur bizi politak dauzkagulako. Seu d’Urgellera ere joaten naiz, han apartamentu bat daukat. Eta bestela, nahiko urrun joan behar izaten gara. Parisen orain Olinpiar Jokoak jokatuko diren kanala daukagu eta bertara joango gara hurrengo astean entrenatzera. Izan ginen duela aste eta erdi, bost egunez entrenatzen, eta berriro itzuliko gara beste bost egunez entrenatzeko.

Eta zer sentsazio Parisera iritsitakoan?

Ba gustura! (irribarrez) Oraindik falta dira gauzak, baina kanala badago eta gustuko dut. Ur mugimenduak aldatzeko eta ondo entrenatzeko komeni zaigu. Noizbehinka entrenatzen ari zarela begiratzen duzu ingurura eta saiatzen zara imajinatzen nola izango den 2024an...

Agertzen dira «Paris 2024» hitzak edo halako zerbait?

Ez, ez dago. Baina, adibidez, Paris erdialdera joanda, badaude eraztun olinpikoak eta Olinpiar Jokoen giro horretan sartzen zara. Ez dago hain urruti, hurrengo urtean izango baitira selekzio probak. Gustatzen zait amesten joatea eta horrek ere ematen du puntu hori.

Apirilean dauzkazuen selekzio probak dira hurrengo helburua? Europako txapelketa jokatzea dago jokoan.

Bai, hori da hurrengo helburu nagusia. Oraindik Estatu mailan pare bat txapelketa dauzkagu, baina selekzio probak beti dira denboraldiko momenturik garrantzitsuenak, ondoren egutegiak egituratzen baitituzte. Bi asteburutan lehiatzen gara, Seu d’Urgellen eta Pauen eta lau txapelketetako hiru onenak sailkatzen dira.

«Gure kirolean izugarrizko garrantzia dauka [buruak]. Burua egon behar den tokian ez baduzu, ezin izango duzu akatsen bat saihestu. Segundo batzuk joan daitezke eta emaitza baldintzatu dezake»

Basque Team-eko zure deskribapenean aipatzen duzu faktore psikologikoak garrantzi handia duela. Zenbateraino eragiten du?

Gure kirolean izugarrizko garrantzia dauka. Teknikoki eta fisikoki ondo egon behar da ur bizietako mugimenduak ahalik eta azkarren egiteko eta zirkuituan akatsik ez egiteko, baina ez da izaten txanda luzea, minutu eta erdi edo irauten du eta horretan erabakiak oso azkar hartu behar dira. Burua egon behar den tokian ez baduzu, ezin izango duzu akatsen bat konpondu edo saihestu. Segundo batzuk joan daitezke eta txapelketako emaitza baldintzatu dezake.

Eta nola prestatzen da kirolari bat hain kontzentratuta egoteko eta akatsik ez egiteko?

Entrenamenduetan asko landu behar den zerbait da. Urteetako esperientziak ere asko laguntzen du konfiantza hori eraikitzen joateko eta zeure burua ezagutzeko. Guk psikologo batekin lan egiten dugu, Josean Arruzarekin, eta berarekin egiten dugun lana benetan beharrezkoa da. Azken urteetan benetan eskertu dudan baliabide bat da. Niretzat zoragarria da.

2019ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postua da zure emaitzarik onena; iaz edo 2019an taldeka lortutako zilarra baino hobea da?

Ezberdinak dira taldekakoak eta banakakoak. Taldekakoak badu garrantzia emaitza bezala, ondo egin den lan baten fruitua delako, baina egunero banakakoan entrenatzen gara eta modalitate olinpikoa ere soilik banaka da. Guretzat pisu handiagoa dauka banakakoak, baina horrek ez du kentzen guretzat izugarrizko saria dela taldeka jaitsiera on bat egin eta domina eskuratzea.

Parisen entrenatzen zarete; 2024ko Olinpiar Jokoak errealitatea dira zuretzat edo amets bat baino ez?

Errealitatea dela esango nuke. Tokio amets handia zen eta sailkapen faseak aurrera egin ahala, errealitate bilakatzen joan zen. Behin selekzio probak eginda, banekien Paris helburu erreal bat bihurtu zela.