Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevista
Maider Barros
Porriño taldeko jokalaria

«Lehen itzulian erakutsi genuen gai garela Bera Berari aurre egiteko»

Gazte mailan Zuazora iritsi eta seniorreko lehen urtean, duela bi denboraldi, 18 urte zituela, Ohorezko Mailan egin zuen debuta Maider Barros eskuin hegalekoak (Errenteria, 2001). Iazko udan Porriñora joatea erabaki zuen, «esperientzia berriak eta lan egiteko modu berriak» probatzeko. 

Maider Barros golaren bila.
Maider Barros golaren bila. (Xoel GIL | BM PORRIÑO)

Oro har, urte oso ona izaten ari da», laburbildu du Maider Barrosek GARAren telefono deia hartu berritan. Bihar Donostiara itzuliko da errenteriarra, «partida berezia» jokatzera, Bera Beraren aurka (19.30ean, Josean Gasca kiroldegian). Zaila bezain berezia. Zuazorekin aurkitu zuen abagunea Ohorezko Mailan debuta egiteko eta dena eskertu behar dio Barakaldoko taldeari, baina ez du ezkutatzen Bera Bera «talde eredugarria» dela. Era berean, txapelketaren maila gero eta hobea dela dio eta Marta Mangue, Shandy Barbosa edo Almudena Gutierrezen itzulera «onuragarria» dela, «erreferente izan baitira».

Salbazioa lortzeko borrokan ari zarete. Bi partida gutxiago dauzkazue, baina borroka benetan estua izaten ari da, ezta?

Borroka oso zaila izaten ari da. Batez ere, lehen itzulia bukatzean Morvedrek Shandy Barbosa fitxatuta ikusi genuen gauzak apur bat alda zitezkeela. Egia da, hala ere, guk gure lanak egiten baditugu ez dugula arazorik izango.

Bi partida gutxiago eta lau puntuko aldea daukazue Morvedrerekin.

Bai, lau puntuko aldea daukagu, baina bi partida gutxiago. Zonzamas eta Atletico Guardesen kontrakoak. Uste dut biak irabaz ditzakegula. Covid-19a ez daukagu gure alde orain bertan; taldekide pila bat ditugu gaixotuta eta azkenean, azken asteetan, ezin izan dugu ezer egin hori aldatzeko. Biharko partidarako jendea hobetzen ari da eta ez dugu kasu gehiago atzeman; beraz, ez genuke arazorik izan beharko.

Bera Bera izango duzue aurkari; arerio gogorra, baina lehen itzulian erakutsi zenuten gai zaretela aurre egiteko.

Argi dago Bera Bera aurkari oso zaila dela; lehen sailkatuak dira eta sekulako taldea daukate. Baina lehenengo itzulian erakutsi genuen ahal geniola aurre egin; berdindu egin genuen, eta, nire ustez, gauzak ondo egin eta partida serio bat jokatzen badugu, irabaz dezakegu.

Hurrengo aurkariei erreparatuta, Bera Beraren ostean Rocasa daukazue, geroxeago Malaga, Atletico Guardesen aurkako partida berreskuratzea… Gogorrak dira, baina zuentzat gakoa aurkari zuzenen aurkako partidak irabaztean datza?

Egia da aurkari zuzenei irabazi egin behar diegula, baina guk zortzigarren postu inguruan ibili nahi badugu, aurkari zailei ere irabazi egin behar diegu. Horretarako, uste dut ahal dugula Malagan irabazi, Rocasari ere bai, edozeini… 
 
42 gol sartu dituzu, inoiz baino gehiago.

Bai, aurten minutu pila bat izaten ari naiz eta denboraldi oso ona egiten ari naizela uste dut. Oraindik gauza asko daude hobetzeko eta oraindik denboraldi erdia falta denez, espero dut are hobeto bukatzea.

Garapenik bada Porriñora heldu zen Maiderren eta oraingo, lehen itzulia bukatu eta bigarrena hasi berri deneko, Maiderren artean?

Bai, uste dut hazi egin naizela jokalari gisa. Lasaitasun handiagoarekin jokatzen ari naiz. Nire hirugarren urtea da Ohorezko Mailan eta uste dut igartzen dela.

«Zorte handia izan nuen Zuazok seniorreko nire lehen urtean Ohorezko Mailan jokatzeko aukera eman zidanean. Oso polita iruditzen zait 18 urteko neska bati aukera hori ematea»

Lehen bi urteetan Zuazorekin jokatu zenuen; gazteen mailan iritsi zinen Barakaldora. Zer dela-eta erabaki zenuen Porriñora joatea?

Zuazon oso ondo pasa nituen bertan eman nituen hiru urteak; oso onak izan ziren. Esperientzia berriak pilatu nahi nituen, etxetik kanpora atera eta entrenatzaile eta taldekide berriekin gauza berriak ikasteko.
 
Proiektu polit bat zegoela ikusten zenuen. Espero baino gehiago sufritzen ari zarete?

Urte hasieran espero genuen partida gehiago irabaziko genituela, baina egia da, azkenean, jokalari berri pila bat daudela eta asko kostatu zaigu jokalari guztiak koordinatzea.
 
Hirugarren denboraldia Ohorezko Mailan. Azkar esaten da, baina 20 urte baino ez dituzu.

Zorte handia izan nuen Zuazok seniorreko nire lehen urtean Ohorezko Mailan jokatzeko aukera eman zidanean. Oso polita iruditzen zait 18 urteko neska bati aukera hori ematea. Oxala urte asko geratzea gorengo mailan eta espero dut, orain arte bezala, denak politak izatea.

Maider Barros Porriño taldeko elastikoarekin. (Xoel GIL/BM PORRIÑO)

 
Gainera, bi urterako kontratua sinatu zenuen Porriñorekin.

Bai, nire buruari konstantzia apur bat eman nahi nion eta urtero mugitzen ibiltzea saihestu.
 
Gipuzkoarra izanda, Zuazon bilatu zenuen abagunea Ohorezko Mailan debuta egiteko. Edonola ere, Bera Beraren aurkako partida berezia izango da zuretzat?

Bai, talde gipuzkoar baten aurka jokatzea beti da berezia. Nik txikitatik beti eduki dut Bera Bera erreferente gisa, taldea eta hango jokalariak. Donostiara joatea beti da berezia.
 
Amestu izan duzu Bera Beran aritzea edo hitz handiak dira?

Gipuzkoako jokalari gazte guztiek beti amestu izan dute Bera Beran egotea etorkizun batean. Horretarako, baina, gauza asko aldatu behar dira.