Pablo Fustok bere Buruz Buruko zazpigarren txapela jantzi du Bizkaia pilotalekuko final gogorrean Esteban Gaubeka 2-3 mendean hartuta. Argentinarrak arazo fisiko nabarmenekin jokatu du, baina hala ere gai izan da ia galduta izan duen finalari buelta eman eta garaipena lortzeko. Fustok Oskar Insausti handiaren marka berdindu du, Buruz Buruko zazpina txapel irabazita (Gaubeka seirekin geratzen da).
Lehen jokoaren lehen tantoetarako ikusi da Fustok arazo handiak zituela makurtzeko ere, bizkarreko eta hankeko minak erasanda. Baina hala ere, pilotari norabide eta efektu ederrak emanda, 7-10 gailendu da lehen setean. Gaubeka deseroso aritu da hasiera horretan, eta tanto kurioso bat ere izan da, Fustok pala apurtuta egin duen 3-5ekoa.
Bigarren jokoan finala asko gogortu da. Partida apurtzeko garai bateko txispa eta abiadurarik gabe, baina sekula galtzen ez den teknika eta joko irakurketa bikainarekin, piloteo ederrak osatu dituzte bien artean. Gaubeka gero eta erosoago sentitu da kantxan, Fustok gero eta arazo gehiago izan ditu maila fisikoari eusteko, eta bizkaitarra 10-5 nagusitu da.
Berdinketak konfiantza eman dio Gaubekari, eta haizea alde zuela jokatu (eta irabazi) du hirugarren jokoa ere. Errematean gehiago asmatzen eta Fustori zabala bilatzen –argentinarrak jada korrika saioak ere ezin zituen egin– 10-6ko emaitzarekin bereganatu du seta.
Bazirudien finala azkar amaituko zela, Gaubeka indartsu ikusten zelako eta Fusto ezinean. Are gehiago laugarren jokoan Armintzakoa 6-1 aurreratu denean. Baina txapeldun handiak ezin dira inoiz lurperatutzat eman, eta Fustok argi utzi du oraindik oso kontuan izateko palista dela. Hil ala bizi arriskatuz, ezkerrarekin tantoa bihurrituz, eta zorteko tanto batzuri esker –Gaubekak ere falta bat egin du sakez 8-5ekoarekin–, setari buelta eman eta 8-10 gailendu da, bosgarren eta azken joko erabakigarria behartuz.
Eta azken set horretan, kantxan sekulako tentsioa nabaritzen zela, Pablo Fustok gehiago asmatu du 7-10 irabazteko. 4-4koarekin, gainera, jokaldi eztabaidagarri bat izan da, Gaubekak buelta eskatu arren epaileak Fustoren tantoa adierazi duena, eta bizkaitarra oso haserre agertu da, burua apur bat galduz. Fustok berean jarraitu du eta azkenean beretzat izan da horrenbeste sufritutako garaipena. Guztira 498 pilotakada izan dira, ia bi ordu iraun dituen finalean (110 minutuko iraupena izan du).
«Hilda nago, ikaragarri sufritu dut. Banekien Estebanek eskubia bilatuko zidala, eta ia ezinezko jarri zait, baina azkenean zorte apur batekin asmatu egin dut eta ongi atera da», adierazi du txapeldun handiak, Argentinako banderarekin eta negar malkotan garaipena familia eta lagunei eskainiz.