Ehunka lagunek hartu dute parte gaur eguerdian Ukrainako gerra gelditzen laguntzeko eskatzeko Bilboko kaleetan izan den manifestazioan.
Ukraina-Euskadi elkarteak deitu du mobilizazioa, «zentzurik gabeko gatazka anker hau» gelditzen laguntzeko. Bertan, Ukraina «inoiz amore emango ez duen» herri «aske eta baketsua» dela nabarmendu dute elkarteko arduradunek.
Manifestazioa Jesusen Bihotza plazan hasi da eta udaletxean amaitu da. “Ukrainako zerua babestu” eta “Ukraina urrun dago, arriskua oso gertu” bezalako leloak erakutsi dituzte manifestariek.
Euskal alderdien eta sindikatuen babesa izan du. Bilboko kaleetan bildutakoen artean, Juan Mari Aburto alkatea izan da, baita Itxaso Atutxa EAJko EBBko presidentea eta EH Bilduko hainbat kargu ere. Jon Iñarritu diputatuak Ukrainako herriarekin elkartasuna adierazi du mobilizaziotik botatako txio batean. Errusiaren aldebakarreko erasoaldi «basatia» berehala gelditu eta bide diplomatikoak indartzeko dei egin dio nazioarteko komunitateari.
Informazio-bulegoen garrantzia
Manifestazioa hasi aurretik Eferi egindako adierazpenetan, Oksana Demyanovych elkarteko presidenteak Euskal Herriak erakutsitako elkartasuna nabarmendu du. «Manifestazio hau Ukrainako herriarekiko elkartasun adierazpen bat da, eta hori da beharrezkoa dutena, haiekin gaudela jakitea« adierazi du.
Ukraina bere subiranotasuna defenditzen ari dela azpimarratu ondoren, Euskal Herrira heltzen ari diren errefuxiatuentzako laguntza eskatu du. Era berean, Ukrainako zerua ixteko eskatu du, «Ukrainako herriaren genozidioa» gelditzeko.
Erakundeetatik jasotako laguntza aipatu du Demyanovych-ek, baita Lakuako Gobernuarekin eta beste hainbat erakunderekin sortutako lan-mahaiak ere. «Giltzarritzat» jo du informazio-bulegoak sortzea, «euskaldunen eta ukrainarren arteko komunikazio-zubi» eta «laguntzak bideratzeko modu» tresna gisa.
Ildo beretik, Donostiako bulego nagusia laster martxan izatea espero dutela esan du, baita ondoren Bilbon eta Gasteizen zabalduko direnak ere.