Joseba Salbador

Lorezaintza jasangarria Etxauribarretik lau haizeetara

Etxarriko Sustrai mintegian bi hamarkada daramatzate landare bizikor eta lastodunak erabiliz lorezaintza eredu jasangarria sustatzen eta zabaltzen

Fulgen Sutil eta Iñaki Garmendia, landareen ugalketa prestatzen Etxarriko Sustrai mintegian.
Fulgen Sutil eta Iñaki Garmendia, landareen ugalketa prestatzen Etxarriko Sustrai mintegian. (NAIZ)

Beste arlo askotan bezalaxe, lorezaintzan ere joera desberdinak daude. Alde batetik, ekoizle industrial indartsuena, eta, bestetik, menpekotasunik gabe lorezainari askatasun handiagoa ematen diona eta, bide batez, jasangarritasuna bultzatzen duena. Bigarren eredu hori da, hain zuzen ere, Nafarroako Etxauribarreko Sustrai mintegiak orain dela ia hogei urte aukeratu zuena, eta bertako arduradunak pozik daude egindako apustuarekin eta lortutako emaitzarekin.

Etxarri herri txikiaren ondoan dituzten berotegietan aurkitu ditugu Fulgen Sutil eta Iñaki Garmendia, udaberri honetarako landareak prestatzen. Fulgen izan zen orain dela hiru hamarkada mintegia martxan jarri zuena, eta azken urtean Iñaki aretxabaletarraren laguntza dauka.

Fulgenek azaldu digunez, Sustrai mintegiaren lehen ezaugarria litzateke «mintegi txikia» dela. «Hektarea bateko lursaila dugu, eta bi edo hiru lagun aritzen gara lanean». Beste ezaugarri bat da landareen ugalketa bertan egiten dutela, eta oso gutxi ekartzen dutela kanpotik. Era berean, ez dute produktu fitosanitariorik erabiltzen. «Ziurtagiri ekologikorik ez dugu, baina saiatzen gara produktu kimikorik ez erabiltzen, eta horren ordez tratamendu naturalak erabiltzen ditugu», azaldu du Fulgen Sutilek. Hala eta guztiz ere, beraien landareek «oso gaixotasun gutxi» hartzen dituztela nabarmentzen du. «Hortaz, ez dugu tratamendu horien beharrik», dio.

Etxauribarreko mintegi honetan erabiltzen dituzten landare motak bizikorrak (vivaces) eta lastodunak (gramíneas) dira. «Ez dira urte sasoi bakarreko landareak, horrenbestez, ez dira urtero aldatu behar», azaldu du  Iñaki Garmendiak. Bizikorren artean, lore asko dituzten landareak bilatzen dituzte, «urtez urte lore asko ematen duten landareak nahi izaten ditugu, lore iraunkorra, ez garaikoa». Izan ere, Iñaki eta Fulgen ez daude ados gaur egun lorezaintzan landareak urtero-urtero berritzeko dagoen joerarekin. «Guk hori ekidin nahi dugu, eta horretarako bizikorrak eta belarrak sustatzen ditugu, azken horiek naturalizatu egiten dituztelako loretokiak», nabarmendu dute.

Horrela, loretegiaren itxura ez da beti berdina eta urtaro bakoitzera egokitzen da. «Gaur egun loretegietan oso lore politak jartzen dituzte, baina beti itxura berdina izaten dute. Guk bilatzen duguna da loretoki aldakor eta dinamikoak lortzea, eta urtaro bakoitzak bere isla izatea loretokian. Horretarako belarrek garrantzi handia daukate».
Horrekin lotuta, Sustrai mintegiaren beste ezaugarri bat landareen aniztasuna da. «Hamar edo hogei landare motarekin lan egin beharrean, guk ia 400 barietate ditugu, guztiak desberdinak. Horrek joko handia ematen digu, alde batetik, loretokiak egiteko, eta, bestetik, izurriteak ekiditeko».

Eredu jasangarria

Aipatu lorezaintza mota oso zabaldua dago Europako hainbat herrialdetan. «Duela hogei urte Europan konturatu ziren ordura arteko eredua ez zela jasangarria eta geroztik barra-barra ari dira landareok erabiltzen. Piet Oudolf Herbehereetako paisajista izan zen mugimendu honen aitzindaria eta bere jarraitzaileek loretegi errustikoagoak sortzen dituzte, naturalagoak eta mantentze errazagoa dutenak».

Fulgen Sutilek Iturrarango azokako lehen edizioan –orain dela hogei urte– ezagutu zituen landareok, frantziar mintegietatik ekarritakoak, eta horretan espezializatzea erabaki zuen. Harrigarria badirudi ere, espainiar Estatuan joera hori ez da zabaldu. «Ez dakigu zergatik, baina hemen betiko loreekin jarraitzen dugu», diote.

Horrela, espainiar Estatu osoko bezero askok beraiengana jotzen du landare eske: Katalunia, Andaluzia, Galizia, Asturias… Online salmentak, beraz, garrantzi handia dauka mintegi honentzat. «Salmenta mota honi esker lortu dugu aurrera egitea», dio Fulgenek.
Erosketa horiek zer bezero motak egiten dituen galdetzerakoan, bereziki lorezainak eta paisajistak direla nabarmentzen dute, baina baita bezero partikularrak edo erakundeak ere, tartean zenbait udal nafar.

Loretegiak auzolanean

Lorezaintza parte hartzailea eta jasangarria bultzatzeko asmoarekin, duela urte batzuk “Loretegiak auzolanean” ekimena jarri zuen martxan Fulgen Sutilek. Helburu nagusia, lorezaintzaren bitartez auzoak eta herriak eraldatzea, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko. «Azken finean, herrietako jendeari oinarrizko formazioa eman eta gero, loretegi bat diseinatu eta egiteko gai da».

Ekimen hori Nafarroako zenbait herritan jarri dute abian –Zangoza, Abartzuza, Arrosadia, Etxauribar...– eta aurten Elizondon eta Beran egingo dute. Fulgenek dioenez, «asmoa ez da bakarrik loretegia diseinatu eta egitea, baizik eta jendea motibatzea gero mantentzea ere beraiek egin dezaten. Eta momentuz lortzen ari gara». Iruñeko Arrosadia auzoan, adibidez, hiru loretegi egin dituzte eta emakume talde bat arduratzen da horiek mantentzeaz. «Lankidetza oso interesgarria izan da guztiontzat. Oso giro atsegina sortu da, beraiei loregintzaren inguruko interesa pizteko balio izan die, eta guri, Etxauri bailaran mintegi bar dagoela ezagutzera emateko».

Era berean, horrek lagundu die jendea mintegira erakartzen, eta Etxarriko egoitzan hainbat tailer antolatu dituzte. Aurreko larunbatean, adibidez, saskigintzako tailer bat antolatu zuten Iberoko emakume saskigile batekin.