NAIZ

AHTren aurkako alternatiba proposatu dute trenaren aldeko plataformek eta sindikatuek

Nafarroa, Araba eta Burgoseko AHTaren aurkako plataformen helburua «kontsentsua, lurraldearen kohesioa, gaitasun teknikoa eta ingurumenaren babesa» bermatzen duen proiektua egitea da.

Trenaren Aldeko Alternatibako kideek Gasteizko geltokian.
Trenaren Aldeko Alternatibako kideek Gasteizko geltokian. (Trenaren Aldeko Alternatiba)

‘Trenaren Aldeko Alternatiba’ izeneko iniziatibak AHTren proiektuaren aurrean kontsentsu handiago bat bilatu eta lurraldearen kohesioa ziurtatzeko helburua dauka. ‘Nafarroa Trenaren Alde’ (Nafarroa), ‘Araba Tren Sozialaren Alde’ (Araba), ‘Miranda Por el Tren’ (Burgos) eta ‘Bureba es Futuro’ (Burgos) plataformek eta sektorearen sindikatu nagusiek garatu dute. Iniziatiba crowfunding bitartez garatzen ari da eta 12.000€-tako helmuga daukate.

Lanaren helburua da teknikoki bideragarria izango den tren sozialaren proposamena sortzea, batez ere lehendik dagoen trazaduran. Trenbideetako ingeniaritza azterketa batek bermatuko duen proposamen honek «gaur egungo azpiegituren hobekuntza garrantzitsua suposatuko du, egungo trazatuak dituen gune korapilatsuen desagerpena, lurperatzeak eta saihesbideak», azaldu dute plataformek. Honi esker, trenbide honetatik mota guztietako trenen ibilera ahalbidetu daiteke, goi abiadura eta prestakuntza handiak, eta distantzia motz, ertaineko eta luzeko trenak ere.

Honekin batera, merkantzien garraiorako balioko du eta ingurumenari kalte txikiagoak eragingo dizkio: «Lehendik dauden azpiegiturak ahalik eta gehien hobetu eta egokituko dira eta, bereziki, desinbertsioren eraginez, egungo lineak pixkanaka bertan behera uztearen ondoriozko trenbide-zabor berria saihestuko da, linea horiek zerbitzu ematen baitiete herritar guztiei eta salgaiak ere garraiatzen baitituzte».

Soluzio honek ADIFen eta RENFEn ordezkaritza duten sindikatu guztiek (UGT, CCOO, CGT-LKN, SF, SCF eta SEMAF) maiatzaren 14an aurkeztu zuten hitzarmena babesten du eta Ministerioak daraman trenbide politikari jarraitasuna ematen dio, Mediterranear-Kantabriar Korridoreko hainbat bide tarteetan egin duten bezala.

Proiektua

Plataformek azaldu dutenez, lantaldea bide, kanal eta portuetako hiru ingeniarik osatzen dute, eta 50 urte baino gehiagoko esperientzia dute garraio sareen ingeniaritza, plangintza, ikerketa eta diseinuaren garapen profesionalean.

Proiektua garatzeko, gaur egungo ibilbidearen diagnostiko bat egingo da, Mediterraneoko eta Kantabriako korridoreek Burgos, Araba eta Nafarroan dituzten linea eta bidetarte guztietan. Ondoren, ibilbideetako proiektuak edo bidetarte ezberdinen azterlanak aztertuko dira, nagusiki, haiekin erlazioa daukaten azterlan informatiboak, bai 220 km/ordukoak nahiz abiadura handikoak. Hirugarren atala tren sozial baten proposamena izango da.