Bizkaiako kaleetan jada ez dago gurutze frankistarik. Erakundeen «pasibotasunaren» aurrean, azken urteetan Ondarruko, Lemoatxako eta Buruntzako gurutze eta monumentu frankistak bota ditu Ernaik. Orain, Erandioko gurutze frankista eta Barakaldokoa eraitsi ditu ere.
Ohar batean azaldu duenez, 85 urte beteko dira hurrengo asteetan, «faxismoak Euskal Herriko hamarnaka herri bonbardatu eta suntsitu zituenetik». «Baita gudari, miliziano eta Euskal Herriaren erresistentzia borroketatik ere. Durango, Gernika, Otxandio, Bizkargi, Lemoatxa, Bilbo... gazteontzat askatasunaren ikurrak dira», nabarmendu dute.
85 urte geroago, gazteek «faxismoa indartzen» eta «egungo 1978ko Espainiar Erregimenean inpunitate osoz jarduten» ikusi dutela salatu dute ere, eta «frankismoari gorazarre egitea» eta «ikur frankistak gure artean egotea» onartzen dela ere, gizartean «eskuin muturra eragiteko gaitasuna irabazten ari den bitartean».
«Berrogei urteko diktadura faxistaren ostean», trantsizioan Estatu espainola «itxuraldatzeko operazioa» gauzatu zela salatu du gazte antolakundeak, «dena ondo lotuta mantentzeko aurpegi garbiketa hutsa, gaur arte biziraun duen 1978ko Erregimena sortzeko», gehitu du.
Guzti horrek «monarkia, elite ekonomikoen agintea, kolonialismoa, komunikabide handien erabateko kontrola, botere judizialean eta indar armatuetan frankismoaren jarraipen hutsa, herrien erabakitze eskubide eta autodeterminazio eskubidearen onarpen eza» ekarri zuen antolakudearen arabera, baita demokrazia eta askatasun eza herritar eta Euskal Herriarentzat.
Horregatik, espainiar estatuaren oinarri faxista salatu, Euskal Herriaren memoria justu eta demokratikoa defendatu eta gaur egungo faxismoaren indartzea onartezina dela aldarrikatzeko, faxismoaren espresio guztiei aurre egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta ikur frankista guztiak kentzea horren artean dago.
«Erakundeen pasibotasunaren aurrean», azken urteetan Ondarruko, Lemoatxako eta Buruntzako gurutze eta monumentu frankistak bota ditu Ernaik, eta orain Erandioko gurutze frankista Barakaldokoa eraitsi dituela azpimarratu du.
Baina ez dira ikur frankistak kentzera mugatuko. «Gazteok gure herriaren memoriarekin konprometituta gaude, eta egiazko memoria justu baten alde lerratzen gara, faxismoak herri honetan eragindako mina eta zapalkuntza argitara aterata», adierazi dute.
Gainera, egungo faxismoaren eta eskuin muturraren aurrean egongo direla nabarmendu dute. «Euskal gazteria antifaxista da, eta faxismoari aurre egin eta Euskal Herria antifaxista eraikitzeko konpromezua dugu: euskaratik, feminismotik, transmaribibollo borrokatik, errefuxiatuentzat harrera herria izatetik, borroka antiarrazistatik, Euskal Herriaren aldeko borrokatik, sozialismotik...», azaldu dute.
Azkenik, «frankismoaren oinordekoa den 1978ko Erregimenarekin hautsi» eta bestelako Euskal Herri bat eraikitzea «ezinbestekoa» azpimarratu dute, «independentziarekin soilik lor daitekeen gizarte justu eta demokratikoa, alegia».