Ekialdeko hizkuntzen loraldia; txinerari eta japonierari koreera batu zaie
Atzerriko bigarren hizkuntza bat aukeratzerako garaian, frantsesak edo alemanak pisua galdu dute, eta ikasleak Ekialdera begira jarri dira. Txinera eta japoniera indarra hartzen ari dira eta orain arte ezezaguna zen koreera bidea zabaltzen ari da.
Ekialdea Mendebaldera begira jarri da, eta atzerriko bigarren hizkuntza bat ikasteko garaian ingelesaren atzetik frantsesa, alemana edo italiera gustukoenen artean zeuden arren, interesak aldatzen ari direla erakusten dute datuek; izan ere, gero eta gehiago dira japonierari eta txinerari hurbiltzen zaizkien ikasleak; are gehiago, orain arte estatistiketan ia agertzen ez zen koreerak interes handia piztu du.
2021eko “Duolingo Language Report” txostenaren arabera, mundu mailan hizkuntza hautatuenen artean bosgarren postuan kokatzen da japoniera, italieraren gainetik, eta Ameriketako Estatu Batuetan zein Erresuma Batuan bizkorren hedatzen ari den hizkuntza da. Aldi berean, hamargarren postutik zortzigarren postura igo zen iaz txinera, eta Brasil eta Mexiko bezalako herrialdeetan gehien hazten ari diren bost hizkuntzen artean kokatzen da.
Goranzko joera izan du koreerak ere, eta 2022. honetan ikasle kopurua handitzen joango dela aurreikusten dute iturri berberek.
Zer azalpen egon liteke, baina, datu hauen atzean? Zeintzuk izan daitezke Ekialdeko hizkuntzek Mendebaldean pizten duten interesaren arrazoiak?
David Martinez-Robles duela hogei urte baino gehiago hurbildu zen txinerara eta gaur egun irakaslea da Kataluniako Unibertsitate Irekian (UOC). Bere ustez, hizkuntza bakoitzak ikasleak erakartzeko arrazoiak ezberdinak dira eta, txineraren kasuan, nagusiki arrazoi ekonomikoak eta enpresarialak izan arren, kulturari lotutakoak gero eta gehiago dira. «Mundu mailan arlo ekonomikoan duen kokapenari erantzuten dio, baina politikoki herrialdea hartzen ari den pisua ere kontuan hartzekoa da. AEBak eta Europa ditugu bi agente nagusiak, baina Txina paper garrantzitsua hartzen ari da joko politiko horretan eta horrek balizko ikasleen arreta bereganatzea eragiten du, subjektu aktibo delako». Azken egunotan Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkan hartu duen paper aktiboa adibide bat baino ez dela dio UOCeko irakasleak.
Japonieraren eta koreeraren kasua bestelakoa da, batean zein besteak ekonomiak baino kulturak duelako pisu handiagoa Mendebaldeko arreta bereganatzeko orduan. Korearen kasuan, zehazki, pop korearra edo K-pop musika modan jarri izana, eta filmak eta telesailak aipatzen ditu Martinez-Roblesek. «Duela lauzpabost urte aipatu ere egiten ez ziren izenburuak gaur egun oso ezagunak dira». Adibide argiena da “Squid Game” telesaila.
Politika eta ekonomia dira pisuzko arrazoiak, ados, baina zer leku du kultura txinatarrak? Zer dakigu horren inguruan? «Azken bi hamarkada hauetan izan den ikasle gorakadak ahalbidetu du, nolabait, jende gehiago joan izana Txinara ikasketak egitera beka bati esker, edo lan egitera. Horrek, funtsean, esan nahi du ezagutza sortzen dela, eta begirada berriak. Txinari eta bere kultura edo jendarteari buruz izan genezakeen ideia orokorrak orain ñabardurak ditu. Hau guztia begi bistakoa da, adibidez, itzulpengintzan. Lehen oso liburu gutxi genituen txineratik itzuliak, eta orain askoz ere gehiago dago, literatura bereziki –dio–. Txineratik gaztelaniara eta katalanera edo euskarara egiten diren itzulpen zuzenak gehiago dira».
Herrialdeaz dugun ezagutza «txikia» eta maiz «partziala» den arren, interesa handitzeak ezagutza areagotzea dakar. Hori uste du irakasleak. «Orain tresna gehiago ditugu horretarako; aukera handiagoak dira Txina hobeto ezagutzeko, modu erreal eta zehatzago batean behintzat. Gutxienez, modu anitzagoan. Herrialdea oso handia da, eta baldintza politiko bereziak daude, Europako estandarretara egokitzen ez direnak. Begirada batzuk kritikoagoak dira, beste batzuk aldekoak… baina iritziak iritzi, pertzepzio gehiago ditugu, kultura hori ulertzeko modu gehiago, azken batean».
Idazkeran datza erronka
Ikasketa prozesuari dagokionez, Martinez-Roblesek onartzen du beste hizkuntza batzuekin alderatuz gero erritmoa motelagoa dela; eta horren arrazoia, besteak beste, erreferentzia falta da. «Ingelesa hutsetik hasiko bagenu ere, nahi gabe jaso ditugu erreferentziak, eta gure egunerokoan hitz asko txertatuak daude. Txinerarekin ez da hori gertatzen».
Ahozko gaitasunari idazmena gehitzen zaio, eta hor dago irakaslearen aburuz, benetako zailtasuna. «Idazkera oso bestelakoa da, ez du antzik guk Mendebaldean ezagutzen dugun ezerekin. Milaka eta milaka ikur daude, baina txinatarrek ere ez dituzte denak ezagutzen. Esan ohi dugu ikasle batek ondo moldatzeko 2.500 eta 3.000 hanzi artean ezagutu behar dituela, baina behin lehenengo mila ikurrak ikasita, hurrengoak ikasten errazagoa da, elementu asko errepikatu egiten baitira».
Aurreiritziak badira zailtasunaren inguruan, eta izan baditu, baina aditzera ematen duenez, euskararekin gertatzen den bezala, txinera beste zentzu batzuetan sinplea dela dio Martinez-Roblesek. «Bai euskara bai txinera munduko hizkuntza zailenen zerrendan agertu ohi dira, baina hizkuntza bezala ez da hain konplexua, batez ere gramatika egiturari erreparatuz gero. Ez dago aditz denborarik, ez dago generorik. Zailtasun handiena idazkeran datza».
Kulturatik gastronomiara
Txineraren kasuan ez bezala, japonierara gerturatzeko arrazoiak kulturak eragindakoak dira, argi eta garbi. Takako Otsuki irakaslea da UOCen eta bere iritziz ezberdintasun horrek, gurearekin antzekotasunik ezak hain zuzen, egiten du are eta erakargarriagoa. Gero eta jende gehiago ari da hurbiltzen, besteak beste, manga eta marrazkiak eragindako interesak bultzatuta, umeen kasuan bereziki. Handitzen doazen neurrian animatu egiten dira hizkuntza ikastera, eta pixkanaka, beste arlo batzuekiko interesa piztu egiten da, gastronomia eta literatura, esaterako. Zaletasun horiek bultzatuta hurbiltzen diren ikasleak, oro har, hango komikiak itzulpenen bidez irakurri beharrean jatorrizko hizkuntzan irakurri nahi dituzten pertsonak dira.
Azkenaldian izan duen gorakadaz galdetuta, bere iritziz asko lagundu du horretan pandemiak eta mugikortasun gabeziak edo mugatuak. «Gure ikastaro guztiak online dira, eta uste dut horrek zerikusia izan duela, jendeak egiteke zuen ‘etxeko lan’ gisa. Gainera, oztopo psikologikoak asko murriztu dira, eta gaur egun Interneti esker eta dauden baliabide ugariei esker, errazagoa da ezagutzak bereganatzea».
Txinerarekin gertatzen den bezala, idazkerak badu bere mamia. Kasu honetan, kanji izeneko karaktereetan oinarritzen da, eta zehazki zenbat dauden ezin du esan. «Milaka eta milaka», dio. Baina ez larritu. «Bi mila inguru dira egunerokotasunean erabiltzen direnak, eta aurreneko 500ak ikasten direnean ikasle bat gai izan daiteke japonieraz irakurtzen hasteko».
Estatu espainolera duela bi hamarkada baino gehiago heldu zen Takako, eta geroztik bere herrialdeaz eta hango jendeaz bertan dugun ezagutza asko aldatu dela dio. «Iritsi nintzenean enperadoreaz eta Yoko Onoz baino ez zekien jendeak», dio, barrez. Berak ere ez zuen uste Kataluniatik Doraemon ikus zezakeenik ere, eta harritu egin zen, onartzen duenez.
Japoniera ikasteko gogoa duenari aholku bat ematen dio. «Hizkuntza komunikatzeko tresna bat baino ez da, baina benetako interesa badago, adibidez, marrazkiak jatorrizko hizkuntzan ulertzea, hori izango da helburua. Garrantzitsua da nora heldu nahi duzun argi izatea, horrek motibatuko zaituelako».