Iraide Ibarrondo

Sahararrak kalera atera dira Donostia, Bilbo eta Gasteizen, Sanchezen jarrera arbuiatzeko

Bilbon, Donostian eta Gasteizen kontzentrazioak egin dituzte espainiar Gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzen aurrean Pedro Sanchezek onartutako Mendebaldeko Sahararen autonomia arbuiatzeko xedez.

Gasteizen elkarretaratze jendetsua egin dute espainiar Gobernuaren ordezkaritzaordearen aurrean.
Gasteizen elkarretaratze jendetsua egin dute espainiar Gobernuaren ordezkaritzaordearen aurrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EAEko Saharako Ordezkaritzak, Solidaritate Mugimenduak eta Saharako Diasporak deituta, kontzentrazioak egin dituzte astearte honetan Bilbon, Donostian eta Gasteizen Pedro Sanchezek, espainiar Gobernuko presidenteak, Marokok proposatutako Mendebaldeko Sahararen autonomia onartu izana arbuiatzeko. Bilbon, plaza Eliptikoan, Gobernu espainolaren EAEko ordezkaritzaren aurrean, izan da hitzordua eta, Gasteiz zein Donostian, aldiz,  Gobernu espainiarraren ordezkariordetzen aurrean.

Hamada Abdlhaye Arratiako Saharar Elkarteen presidenteak Bilboko elkarretaratzean azaldu du Sanchezek hartu duen azken erabakia salatzeko eta «erabateko arbuioa» erakusteko berriz ere «kaleak hartzera behartuta» ikusi dutela beren burua. «Sanchezek erabakia erakunde demokratikoekin kontsultatu gabe eta saharar herriaren autodeterminazio eskubide besterenezina errespetatu gabe hartu du», gaitzetsi du saharar jatorriko igorreztarrak.

Hainbat talde parlamentariok, zehazki, EH Bilduk, ERCk, EAJk, Mas Paisek, Compromisek, Nueva Canariasek, Juntsek, PDeCATek, CUPek, BNGk eta Coalicion Canariak presidentearen agerraldia eskatu dute Mendebaldeko Sahararekiko bide-orriaren aldaketaren inguruko azalpenak eman ditzan. Honen inguruan galdetuta, Abdlahayek alderdi politiko hauek azalpenak eskatu izana eskertu du eta itxaropentsu agertu da: «Oraindik zerbait badugu, Espainia Estatu demokratiko bat dela da. Ahots libre asko ditu eta herri duin bat da eta, ia denek, Sahararen auzia babesten dute».

Hiru puntu nagusitan banatu ditu komunitate sahararrak bere aldarrikapenak: Batetik, gogorarazi dute Mendebaldeko Sahara ez dela «Marokoko lurralde osotasunaren parte» eta, hortaz, «deskolonizatzeko zain dagoen lurralde ez autonomoa» dela; bestetik, azpimarratu dute espainiar Estatua dela lurraldeko «potentzia administratzailea» eta ezin duela bere erantzukizuna «bertan behera utzi» hirugarrenekiko akordioa alde batera utzita. Azkenik, deitoratu dute autonomiaren onarpenaren bidez espainiar Gobernuak nazioarteko erakundeek salatutako «giza eskubideen urraketak eta baliabide naturalen espoliazioa» babesten dituela.

Emakume bat esapainiar Gobernuak Donostian duen ordezkariordetzaren aurrean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ildo honetatik, Abdlhayek aurreratu du gatazka honek ez duela konponbiderik izango «saharar herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko erreferendum bat» izan arte. «Sanchezek Sahararekiko Marokoren subiranotasuna onartzen badu ere, borrokak jarraitzen du eta Maroko ez da Sahararen jabe izango», ebatzi du.

Bilboko manifestazioko lehen lerroan Bizkaiko saharar komunitateko kideak izan dira eta, atzeko lerroetan, babesa erakustera hurbildu diren auzokideak. Saharar herriaren aldeko pankarta bat soinean zuela Magali Magtalak, Saharan jaiotako 60 urte inguruko emakumeak, NAIZi azaldu dio «oso haserre» dagoela Sanchezek egindako adierazpenak direla eta: «Espainiar Gobernua da honen erantzulea. Mauritaniari eta Marokori saldu gaitu eta hori ezin dugu onartu. Inork ezin gaitu saldu!», salatu du Magtalak. Hala ere, azpimarratu du borrokan jarraitzeko «inoiz baino indartsuago» daudela.

Leila Esluzek, aldiz, 29 urte ditu eta Tindufeko errefuxiatu zelaian jaio zen. NAIZi jakinarazi dio, «tamalez», bere lurra «inoiz ezagutu ez» duen arren, «saharar herriaren eskubideak aldarrikatzeko» irten dela protestatzera. «Iragarpenarekin espainiar Gobernuak Marokoren okupazioa babesten du. Haserretuta eta dezepzionatuta nago», esplikatu du.

Euskal Herriko eragileen babesa

Bigarren lerro batean, saharar herriarekin atxikimendua sentitzen duten euskal herritarrak izan dira mobilizazioetan. Horietako bat izan da Eneko Calle, Tindufera elikagai karabanak bidaltzen dituen eta ‘Oporrak Bakean’ moduko ekimenak antolatzen dituen Sopelako Nuyuf elkarteko kidea.

Callek «haserre» sentitzen dela azaldu duen arren, erabakiak ezustekorik ez diola eragin azaldu dio NAIZi: «Guk honelako jarrera edo posizio bat espero genuen, gertatu zitekeen eta, azkenean, gertatu da. Azken batean PSOEk historikoki Marokorekiko harreman ekonomiko eta politiko oso estuak izan dituelako. Felipe Gonzalezek kanpo harremanetarako politikak zehazten ditu PSOEn eta Gonzalez Marokoko erregearen oso laguna delako».

Hala ere, Calleren aburuz, «formetan» izan du akats handiena Sanchezen Exekutiboak. «Unidas Podemosi ez dio informatu, oposizioari ez dio informatu eta gero, non Ukraina eta Errusiaren arteko gerra batean gauden, Aljeria potentzia energetiko bat bihurtu zitekeen eta hori ere arriskuan jarri dute», gaitzetsi du sopeloztarrak.