NAIZ

Osakidetzako profesionalen %52,8k egiaztatuta du bere lanpostuan eskatutako euskara maila

Osakidetzako profesionalen %52,8k egiaztatuta du bere lanpostuan eskatutako euskara maila, eta kopuru hori bikoiztu egin da 2013tik, aurreko euskara planaren hasieratik. Denbora honetan 15.087 profesional trebatu dira euskaran.

Osakidetzako profesionalen %52,8k egiaztatuta du bere lanpostuan eskatutako euskara maila. (Gorka RUBIO/FOKU)
Osakidetzako profesionalen %52,8k egiaztatuta du bere lanpostuan eskatutako euskara maila. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lakuako Osasun sailak ohar batean adierazi duenez, Osakidetzaren Administrazio Kontseiluak onartu berri duen 2022-2028 aldirako euskararen erabilera normalizatzeko plan berriak, hirugarrenak, 2003an hasitako prozesuarekin jarraitu nahi du, Osasun Zerbitzuan euskal hizkuntzaren erabilera bermatzeko.

Horrela, profesionalek «euskara ikastea eta hobetzea bultzatzen jarraitzea» aurreikusten da, «euskalduntzeari laguntzeko sistemari jarraipena emanez». Sistema horren bidez, eta aurreko planean zehar, erakundeko 15.087 profesional trebatu dira.

Gainera, euskara plan berriaren beste helburuetako bat da euskal herritar guztiek adieraztea zein hizkuntzatan jarri nahi duten harremanetan Osakidetzan, eta, nabarmendu dutenez, hori «erraz eta azkar» egin daiteke osasun karpetaren bidez. Osakidetzak herritarrei eskatu die bertan formaliza dezatela nahi duten lehentasunezko komunikazio hizkuntza.

Gaur egun, erabiltzaileen %70ak baino gehiagok erregistratu du bere lehentasunezko hizkuntza, 1,6 milioi pertsonak, eta horietatik %20 inguruk adierazi du euskaraz artatua izan nahi duela.

Plan berriaren iraupena amaitzean, 2028an, «ahaleginak» egingo dira erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin duten komunikazio hizkuntza erregistratu dezaten.

Horrela, herritarrek zer lehentasun dituzten jakin nahi da, «eskariaren arabera, asistentzia maila guztietan (lehen mailako arreta, arreta espezializatua eta osasun mentala) behar diren osasun mailetan euskarazko eskaintza integrala antolatu ahal izateko».