NAIZ
Donostia

Ikusmira Berriak programak egoitzak gehitu eta indartu ditu

Ana Cristina Barraganek, Jaume Claretek, Meritxell Colellek, Irati Gorostidik, João Paulo Mirandak eta Maximiliano Schonfeldek egoitzaren lehen fasea abiarazi dute Tabakaleran, non tutoretza pertsonalizatu gehiago izango baitituzte.

Ikusmira Berriak programako partaideak.
Ikusmira Berriak programako partaideak. (ZINEMALDIA)

Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten ikus-entzunezko proiektuak garatzeko eta egoitzak egiteko Ikusmira Berriak programak parte-hartzaile kopurua gehitu du bostetik seira, eta aurten, lehen aldiz, proiektuak Donostian garatzeko aukeratu diren pertsonek tutoretza osagarriak eta pertsonalizatuak jasoko dituzte Elena Lopez Riera, Jean-Gabriel Periot, Jose Luis Torres Leiva, Lucile Hadzihalilovic, Fernanda del Nido eta Paolo Moretti profesionalen eskutik.

2021eko abenduan iragarri bezala, Ikusmira Berriak programaren zortzigarren edizioan aukeratutako proiektuak dira Ana Cristina Barraganena, Jaume Claretena, Meritxell Colellena, Irati Gorostidirena, João Paulo Mirandarena eta Maximiliano Schonfeldena. Hala, martxoaren 14tik apirilaren 24ra bitartean Donostian dira, beren hurrengo proiektuak garatzen. Gainera, apirilaren 9an, Tabakalerako zinema-aretoan, Zinemaldia + Plus saio batean, beren aurreko lan batzuk aurkeztuko dituzte.

Sei aste iraungo dituen lehen fasean, Tabakalerako Artisten Gunean proiektuak garatzen hasteko tresnak emango zaizkie parte-hartzaileei eta beste arte-egoitza batzuetako sortzaileei. Zinemagile bakoitzak adituen batzordeko hiru kideetako bat izango du lagun –Olimpia Pont (zinema-industriako aholkularia), Javier Martin (aholkularia eta Donostia Zinemaldiko hautespen-batzordeko kidea) eta Sergio Oksman (zuzendaria, ekoizlea eta zinema-irakaslea)–, arduratuko direnak lanak in situ aztertzeaz eta aholkularitza emateaz, diziplina anitzeko ikuspegitik. Berrikuntza gisa, aurten egoiliar bakoitzak tutore bat izango du, zeinak proiektuaren jarraipen pertsonalizatua egingo baitu, bakoitzaren eskaeretara eta beharretara egokituta online saioen bitartez.