NAIZ

Presoak gehiago estutzea eskatuko diote PPk eta Voxek Gobernuari Madrilgo kaleetan

Presoen eskubideei dagozkien erabakietan Madrilek atzerakada nabarmen baten aldia ezarria duen arren, PP, Vox eta Ciudadanos alderdiek iritzi diote gradu progresio eta hurbilketa gehiegi baimentzen ari dela Gobernua. Larunbatean AVTk deitutako manifestaziora batuko dira.

Grande-Marlaska ministroa, AVTrekin eginiko bileran batean. «Traidore»tzat jotzen du elkarte honek.
Grande-Marlaska ministroa, AVTrekin eginiko bileran batean. «Traidore»tzat jotzen du elkarte honek. (Europa Press)

PP, Vox eta Ciudadanos-ek (Cs) bat egingo dute Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Pedro Sanchezen Gobernuaren aurka larunbat honetarako Madrilen deitu duen manifestazioarekin, ‘Denak ez du balio. Gobernua traidorea’ lelopean.

Euskal presoei aplikatzen ari zaien espetxe-politikari «nahikoa da» esatera bilduko dira oposizioko alderdi nagusien ordezkariak, presoen hurbilketen, gradu progresioen eta EH Bildurekin negoziatzearen kontra egiteko asmoz.

Manifestazio hau, baina, hain justu presoen eskubideei dagozkien erabakietan atzerakada nabarmen bat ematen ari den unean deitu dute alderdi eskuindarrek. Hilaren 12an Foro Sozial Iraunkorrak ohartarazi zuen atzerakada atzeman dituela «duela bi urte baino gutxiago arazo ez ziren gai batzuetan».

Erakunde horrek salatu zuen hirugarren gradutik bigarrenerako atzera-pausoa sufritu dutela «hamarnaka» euskal presok, tartean, Unai Fanok, Jon Crespok eta Iñigo Gutierrezek.

Auzitegi Nazionalak presoen askatasunerako bidean ezartzen dituen oztopoak ere nabariak dira azken aldian, Espetxeen Tratamendurako Batzordeak onartutako baimenei helegitea aurkeztu eta atzera botatzen baititu.

Onurarik ez

Fernando Grande Marlaska espainiar Barne ministroak uko egin dio ETAren biktimei barkamena eskatzeari –Vox-ek Kongresuan eskatu zion moduan–, zeren, onartu duenez, euskal presoei «ez zaie onurarik ematen».

«Ez dut barkamenik eskatu behar, Gobernu honek ez die onurarik eman ETAko presoei, ez lehenago ez orain; espetxe-legeria aplikatzen du», berretsi du.