NAIZ

Aitortza ekitaldia izan du Esteban Muruetagoienak Oiartzunen, Lakuaren erabakiaren zain

Torturaren ondorioz duela 40 urte hil zen Esteban Muruetagoiena Oiartzungo sendagileak herri honetako Udalaren aitortza ekitaldia izan du larunbat honetan. Bere alabak, EAEn irekitako prozesuan ere Estatuak eragindako indarkeriaren biktimatzat hartzeko eskaera egina du.

Tamara Muruetagoiena, erdian; aurreskua eskaini diote Esteban Muruetagoienaren alabari.
Tamara Muruetagoiena, erdian; aurreskua eskaini diote Esteban Muruetagoienaren alabari. (Idoia Zabaleta | Foku)

Xumea baina hunkigarria izan da larunbat eguerdi honetan Oiartzunen eginiko ekitaldia. Izan ere, 40 urte pasa dira Esteban Muruetagoiena torturaz hil zutenetik, eta kasuak behar duen oihartzuna izan du azkenik, bai eta aitortza ofiziala ere.

Hiru egunetako jardunaldien amaiera izan da gaurkoa. Ostegunean Tamara Muruetagoiena Estebanen alabak hitzaldia eman zuen herrian, zeinean Lakuako Gobernuak ere aita biktima gisa aitortua eta erreparatua izateko itxaropena azaldu zuen. Horretarako eskaria aurkeztua da. Gaur oroitarri bat hartu du Oiartzungo Udalaren partetik eta bere jaioterrian jasotako laguntza eta elkartasuna biziki eskertu ditu. Ostiralean Naiz Irratiko mikrofonoetan esandakoa berretsi du: hots, hilketa hauek argitzeak berebiziko garrantzia duela, ez bakarrik biktima zuzenentzat, bai eta gizarte osoarentzat ere.

Ostiralean torturari buruzko mahaingurua burutu zen Oiartzungo Udaletxeko batzar-aretoan, non honen larritasuna nabarmendu zen, gaurdaino duen eragina islatuz.

Urte luzez Ondarrun jaiotako sendagilearen hilketa oharkabean edo isilpean gogoratua izan ostean, azkenean, aho batez bultzatu ditu Oiartzungo Udalak aitortza ekitaldi hauek bertan ordezkaritza duten bi alderdi politikoek, EAJk eta EH Biduk, hala adostuta.

Tamara Muruetagoienak azaldu du «pozik eta harro» dagoela Udaleko alderdi guztiak ados jarri direlako bere aitari aitortza egiteko, «askotan ados jartzea ez delako erraza izaten politikan». Era berean, ekitaldira hurbildu diren hamarnaka herritarrei ere esker oneko hitz batzuk eskaini dizkie: «Maite zaituztet, eta nabaritzen dut zuek ere nire aita maite duzuela». Honezaz gain, bere aitari jazotakoa beste inori ez gertatzeko bermeak eskatu ditu.

129 torturatu gutxienez Oiartzunen

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak Muruetagoienari eskerrak eman dizkio «elkarlanean gaurko ekitaldia» ahalbidetzeagatik. «Senideen eta biktimen testigantzak entzuteak hausnarketarako aukera ematen du, egiaren konplexutasuna nabarmen geratuz. Isilarazi eta ezkutatutako sufrimendu horiek ezagutzea ezinbestekoa», aldarrikatu du Leonetek. Era berean, alkateak salatu du torturaren biktimak «aitortu gabeko biktimen» artean daudela eta, gogorarazi du Oiartzunen, gutxienez, 129 pertsonak sufritu zituztela, tartean, Esteban Muruetagoienak.

«Giza eskubideen urraketen biktima guztiei dagokie egia, justizia eta erreparazioa. Oraindik ikus dezakegu biktima guztiek ez dutela trataera berdina jaso. Beraz, biktimen artean dagoen diskriminazioarekin bukatu behar dugu», adierazi du alkateak.

Leonetek (EHBildu) eta Janire Mitxelena zinegotziak (EAJ) Tamara Muruetagoienari «alde batean iragana eta bestean etorkizuna» irudikatzen duen oroigarri bat oparitu diote Oiartzungo Udalaren izenean.

Ekitaldian Maiana Belaunzaran biolinistak, Mirari Martiarena aurkezleak, Lartaungo txistulariek eta Olarri dantza taldeak ere egin dute beraien ekarpena.