Marcel Pena
Entrevista
Cristofanu Pistorozzi
Korsikako STC sindikatuko idazkari nazionala

«Gure aldarrikapenak: preso politikoak hurbiltzea, kulturaren defentsa eta autonomia orokorra»

Korsikako STC sindikatuko nazioarteko arduraduna, Cristofanu Pistorozzi, Bilbon izan da LABek antolatutako Sindikatu Soberanisten Topaketetan. NAIZek bera elkarrizketatzeko aukera izan du Korsikaren egungo egoera politikoaz, Yban Colonnaren hilketak baldintzatua.

Cristofanu Pistorozzi BIlbon egon da Sindikatu Soberanisten Topaketetan parte hartzeko.
Cristofanu Pistorozzi BIlbon egon da Sindikatu Soberanisten Topaketetan parte hartzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Beste herrialdeetako sindikatuen elkartasuna sentitu duzue Korsikak azken asteotan bizi izan duen egoera zail honetan?

Elkartasun handia adierazi digute Estaturik gabeko nazioen sindikatuetatik. Sindikatu hauek emandako elkartasunaz gain, frantziar Estatuko mailan ere alderdi politiko eta diputatu batzuek posizionatu dira eta haien sostengua adierazi dute Yvan Colonnaren heriotzaren aurrean.

Colonnaren heriotzari erantzuteko sortu duen mugimenduak zer ekarpena egin dio Korsikako subiranismoari?

Mugimendu soziala eta politikoa aktibatu da, baina erantzun hori herrikoia izan behar da. Korsikako gazteria eta ikasleak martxan jarri dira; orokorrean, herri mugimendua izan da.

Parisek «autonomia»ri buruz hitz egin du. Baina, zuen ustez, zein motako autonomia beharko luke Korsikak?

Korsikarentzat autonomia handia eta orokorra eskatzen dugu. Polinesiak duen autonomia hartzen dugu adibide, botere anitzekin eta autonomia zabalarekin. Gaur egun aldarrikapen hori bada Korsikan, baina ez dugu inoiz erantzunik jaso.

Ustezko estatus berri hori, Korsikako langile eskubideetarako emankorra izan daiteke?

Autonomiak langileen alde lan egiteko balio behar du, botere gehiagorekin arazoak era zuzenagoan kudeatu baitaitezke. Adibidez, lan-eskubideak, etxebizitza edukitzeko eskubidea eta gainerako eskubideak bermatzea errazagoa izango da Korsikan kudeatzen baditugu, bertako errealitateari erantzunez.

Nola baloratzen duzue Emmanuel Macronek bere programan jaso dituen ekonomiari buruzko proposamenak?

Hunkituak gaude. Gaur egun frantziar Estatuaren menpe gaude, beraz erantzun bat emango diogu erreforma honi. Guk gure aldarrikapenetan nabarmentzen ditugu: preso politikoak hurbiltzea, gure hizkuntza eta kulturaren defentsa, eta autonomia orokorra.