NAIZ

Herri hezitzailean sakontzen jarraitzeko «mugarria» jarri du Oinherrik

Euskal Herri hezitzaileago bat amets, poliki-poliki pausoak ematen ari da Oinherri sarea. Larunbat honetan Baztanen egin duten jardunaldia garrantzitsua izan da orain arte landu gabeko ikuspegi berri batekin aberastu dutelako euren filosofia: hirigintza edo herri antolamenduaren ikuspegiarekin.

Oinherri herri hezitzaileen sareko kideak Lekarozen, larunbat honetan egindako jardunaldian.
Oinherri herri hezitzaileen sareko kideak Lekarozen, larunbat honetan egindako jardunaldian. (OINHERRI)

Larunbat honetan Lekarozen bildu dira Oinherri herri hezitzaileen sarea osatzen duten herrietako kideak –udaletako, hezkuntzako eta herrigintzako eragileak eta hirigintza aholkulariak–, baita herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik sakontzeko interesa duten beste kide batzuk ere. «Egun garrantzitsua» izan da haientzat. «Herri hezitzailearen filosofian sakontzen jarraitzeko mugarria jarri dugu. Orain arte herri hezitzailea landu ez genuen ikuspegi berri batetik lantzeak, hirigintza edo herri antolamenduaren ikuspegitik lantzeak, aukera berri eta interesgarriak zabaldu dizkigulako», nabarmendu dute.

Oinherritik hezkuntza ikusteko daukaten modua aberasteko eta herri hezitzailearen filosofia egituratzen duten zazpi giltzarrietan sakontzeko aukera eman die ikuspegi berri honek. Eta larunbata egindako ibilbide honetan ikasitakoak bertaratutakoekin elkarbanatzeko unea izan da.

Hirigintza, behetik gora

Jardunaldian liburuxka bat aurkeztu dute, ‘Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik’ izenburuduna. Eraikuntza kolektibo bat da, Hiritik At kooperatibako eta Oinherri elkarteko kideek, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz sortu dutena. «Behetik gora eraiki nahi dugun hirigintza eredu berri bat proposatzen dugu liburuxkan. Herriak gertutasunetik, egunerokotasunetik eta haurtzaroak ematen digun txikitasunaren neurri politikotik birpentsatzeko proposamena osatu dugu».

Horrekin batera, begirada honetatik lanean dabiltzan askotariko esperientziak ezagutzeko aukera izan dute Lekarozeko hitzorduan. Hasteko, Euskal Herriko hiru errealitate ezberdinetako esperientziak entzun dituzte. Horretarako, Joseba Otondo baztandarra instituzioek herritarren partaidetza sustatzean parte hartzen dutenen profilaz aritu da. Bestalde, Amaia Gabilondo eta Miren Errasti, Garaion proiektua ardatz harturik, eragile izatetik harago joateko beharraz aritu dira, beraien burua «traktore» izendatuz. Esperientziekin amaiatzeko Xotil Natkek Zaldibiako ‘Ertzetik erdigunera’ egitasmoa azaldu du, eta nonbaitera iritsi behar bada orain abiatu behar dugula azpimarratu du.

Goizeko bigarren zatian, Denise Najmanovich eta Ula Iruretagoienaren arteko elkarrizketa mamitsua izan dute. Bere burua polinizatzailetzat du Denisek, eta gai konplexuak modu atsegin eta ulergarrian azaltzeko duen gaitasuna erakutsi du. Hari muturrei tiraka zenbait ideia ‘problematizatu’ dituzte Iruretagoienak eta biek: erresilientzia, plangintza vs estrategia, ‘zaintzatasuna’, elkarbizitza, arkitektura parte-hartzailea… Euren ezagutza zabala dastatzeko aukera izan da.

«Tekniko orojakile rola» gaindituz

Arratsaldeari ‘Hirigintza eraldatzailea: diskurtsotik praktikara’ mahai-inguruarekin ekin diote. Bertan, Patxi Galarraga (Proiekta Urbes), Izaskun Soto (Hiritik At) eta Gorka Segurolak (Juntura Koop) parte hartu dute eta Ibai Esteibarlanda, berriz, dinamizatzaile lanetan aritu da. Mahai-inguruan, hirigintzan aritzen diren «tekniko orojakileen rola gainditu» eta kolaboratu eta parte hartzeko beharra aldarrikatu dute. «Aliantzak bilatu behar dira herrietako hezitzaileekin, osasun langileekin, zerbitzu sozialetakoekin…».

«Erremintak badira baina nola erabili nahi diren hausnartu behar da, ematen zaien erabileraren arabera asko aldatzen delako emaitza», adierazi dute. Parte hartzearen inguruko kezkak ere mahai gainean jarri dituzte: «Nola jaso denen hitza? Jendarteko kolektibo batzuei ahotsa kentzen ari bagara eta baztertzen ari bagara sistematikoki? Nola nahi dugu guk antolatzen ditugun parte hartze saioetan beraiek parte hartzea?».

Postre bezala, Ula Iruretagoiena, Miki Lamedica eta Ane Almandozen ‘Espazio-politiken eskuliburua’ irakurketa antzeztuaz gozatu dute. Feministaldia jaialdiko ‘Kutsatu’ ediziorako prestatu zuten, arkitektura eta generoaren inguruan hitz egiteko aitzakiarekin.