NAIZ
DONOSTIA

Euskarazko zinemaren historia bildu du Josu Martinezek liburu batean

‘Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza’ liburua idatzi du Josu Martinez zuzendariak eta Ikus-entzunezko komunikazioan doktoreak. Euskarazko zinemaren historia biltzen duen lan hau «hutsune bat betetzera dator», egilearen aburuz.

Josu Martinez zinema zuzendaria eta liburuaren egilea.
Josu Martinez zinema zuzendaria eta liburuaren egilea. (UEU)

Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka irabazi zuen Josu Martinezek 2019an eta horren emaitza da UEUrekin argitaratu duen ‘Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza’ liburua. Irudiz eta euskaraz egin izan denaren kartografia zirriborro bat egin nahi izan du egileak eta Akademiara begira baino, euskaldungo zabalari begira idatzi du liburua.

Gaurdaino ez da idatzi euskarazko zinemaren historiarik eta lan honek hutsune hori bete nahi du, egilearen esanetan. Horretarako, Martinez irudiz eta euskaraz egindako zinemaz okupatu da liburu honetan. Bere esanetan, filmak irudiz eta euskaraz jarraikortasunez egiten, 2005ean hasi ziren. Geroztik, urtero bi film inguru plazaratu dira; eta, beraz, euskal zinematografia bat, nolabait esateko, ordutik baizik ez da existitzen.

«Horrek ez du esan nahi lehenago ez denik ezer egin, ez denik ezer saiatu eta ez denik ezer amestu. Liburu honetan, horra arteko bideaz okupatzen naiz, batez ere, eta 2005etik gaur arteko tarte hori, azken kapituluan jorratzen dut, epilogo gisa. Hau bi arrazoirengatik. Batetik, orainaldiaz historia egitea, bizirik dagoen errealitate bat gatibatzea litzatekeelako, mugimenduan den irudi bat izoztea; eta bestetik, neu ere ikerketa-objektu nintzatekeelako errealitate horretan, hainbat film zuzendu ditudan neurrian. Ez nuen parte eta epaile bilakatu nahi».

Liburuak zazpigarren arteak euskararekin izandako harremanak aztertzen ditu, eta horretarako, XX. mendea zeharkatzen duen ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatzen du. Film eta egile ezezagun ugari biltzen dira orrialde hauetan; garai ezberdinetako intelektualen diskurtso, bizipen eta oihartzunak, eta baita hainbat istorio bitxi, triste eta harrigarri ere.

Hori guztia bi ardatzetan hartuta egin du, azaldu du UEUk ohar bidez. Batetik, datu-bilketa erraldoi bat eta iturri anitz eta orain arte ezezagunak. Bestetik, egileak ezkutatzen ez duen ikuspegi propioa, interpretazio pertsonalei eta kritikari lekua uzten diena. Estilo bizi, zorrotz eta dibertigarri batez jorratua, akademiarako ez ezik, publiko zabalarentzat ere interesgarri den lana da hauxe. Martinezen arabera, «esango nuke gure zinemaren pelikula hau pentsa genezakeena baino dibertigarriagoa, paradoxikoagoa, eta tarteka tristeagoa dela azkenean; baina ‘Happy End’ batekin».

Martinezentzat euskal zinemaren etorkizuna euskararen biziraupenarekin lotuta dago, azaldu dute iturri berberek. «Ez dut ezer berririk esaten, esaten badut, euskaldun bizitzen segitu nahi badugu, ikus-entzunezko mundua euskaraz behar dugula. Are gehiago, datozen urteetako borroka handienetakoa horixe izango dela, eta hor jokatuko dela hizkuntzaren biziraupena neurri batean. Azkenaldian, kontsumo ohiturak aldatu dira, balantza izugarri desorekatu da gure kontra eta ematen du jende gero eta gehiago hasia dela ohartzen urgentziaz. Erronkaren tamaina alimalea da; eta oraingoan ezin dugu itxaron ehun urte gauzak fundamentuz egiten hasteko».