Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevista
Amaia Aldanondo Perkaz
Zangozaldeko AEK-ko arduraduna

«Laguntzak behar dira, baina azkenean, herri ekimenei esker doa hau aurrera»

Argazkia:
Argazkia: (Iñigo URIZ | FOKU)

Zangozaldeko AEK-ko arduradun Amaia Aldanondo Perkazek «Aragoiko mugan» duten oztopo nagusietako bat ekarri du hizpidera: Zangoza herri koskorra da, 5.000 biztanle inguru dituena, baina gainontzeko herriak oso txikiak dira. Irunberrik 1.000 biztanle baino gehiago ditu, Kasedak ia 1.000 eta beste guztiek askoz gutxiago. «Hemen dugun arazoetako bat populazioaren urritasuna da. Pirinioetan aspaldi gertatu zena gertatzen ari da, gero eta gutxiago garela, eta hori da oro har Nafarroan dagoen erronka. Populazioa gero eta zaharragoa da eta gero eta haur gutxiago daude. Bestalde, herriak oso sakabanatuta daude».

AEKren helburua jende hori euskarara hurbiltzea da, baina haren aldeko jarrera gorabehera, ez da erraza: «Baditugu bi ikastola eta herri txikietako eskolak, baina horietan A ereduan baino ez dute ikasten, D eredu publikorik ez baitago, hau alderdi ‘ez-euskalduna’ delako. Hemen administrazioak ez du ia baliabiderik jartzen euskara sustatzeko, erraztasun gutxi ematen ditu».

Duela bost ikasturte-edo euskaltegi bat zabaldu zuten Zangozan, «eta jendea gerturatzeko eragina izan du. Gaur egun 45-50 ikasle ditugu eskualdean». Hiru herritan ematen dituzte eskolak: Irunberrin, Oibarren eta Zangozan, eta hazkundea nabarmena izan da.

Legeak ezarritako zonifikazioak, egoera soziolinguistikoa deskribatzetik harago, badirudi euskara berreskuratzeko ahaleginak oztopatzea duela xede; hala ere, badirudi argi dagoela, halaber, herritarren atxikimendua sendoa dela.

«Denetariko jendea batzen dugu: helduak, jubilatuak… jubilatu nahikotxo, bai, kontuan izan hemengo populazioaren gehiengoa adinekoa dela. Baita gazte asko ere, euskara ikasteko aukera izan ez dutenez, 20 edo 30 urteko jende asko etortzen zaigu. Beraz, ikasle tipologia askotarikoa da. Gehienak ikas prozesua hasi berria dutenak».

Haien motibazioa euskararen ezagutza da, «jendeak bere hizkuntzatzat hartzen duelako euskara». Hemen lana ez da motibazioa izaten. Beraz, ezagutza, ikasteko aukerarik izan ez dutelako, seme-alabak edo bilobak ikastolara eramaten dituztelako… Baita harremanak izateko aukera ere.

Aurten, AEK-ko egunerokotasunaz gainera, Korrika izango da eta pauso bat harago eman nahi izan dute. «Normalean Zangozan, Irunberrin, Oibarren… euskararen alde elkartzeko erraztasuna izan dugu, edo bilerak eta batzordeak egiteko, baina pentsatu genuen bazela beste herrixketara joateko garaia. Kasedak badu bere historia, esate baterako, gerra garaian fusilatu asko izan ziren, eta hor Korrika batzorde bat osatzea lortu dugu, baita jende asko maiztasunez Korrikaren alde elkartzea ere. Aurten Kasedatik pasatuko da Korrika, bere historian hirugarren edo laugarren aldiz. Hori herriko euskaltzaleentzat sekulako oparia da. AEKri eskatu genion eta, baiezkoa emanda, jendea oso pozik dago. Beste herrietan ere bilerak egin ditugu, Galipentzun, Gabarderalen... bertatik ere pasatuko baita Korrika, eta indarra egin behar da, ezta? Gure filosofia da herri horietara inor ez badoa, guk joan behar dugula euskararen inguruan jendea biltzeko, euskaltegia ezagutzeko, dauden aukerak; esate baterako, jendeak ez baitaki orain Nafarroako Gobernuak dirulaguntza batzuk ematen dituela. Esa herrian ere egin dugu bileraren bat, Urraulbeiti, Urraulgoiti, Erromantzatuko udalekin harremanetan gaude...». Batzordeak lau herri handietan dituzte: Zangoza, Irunberri, Kaseda eta Oibarren.

«Gure erronka jendearengana iristea ere bada. Kasu konkretu bat aipatzeko, Oibarko Udalarekin hitzarmen bat sinatu genuen orain dela bi urte, herritarrei zerbitzuak emateko aukera ikusten baikenuen, eta haietako bat euskara da, Udalari interesatzen baitzitzaion zerbitzu hori eskaintzea, eta udaletxean eskolak ematen hasi ginen, ikasleek dirulaguntza dutela. Horrela egin dugu aurrera hainbat konturekin eta poliki-poliki horrela jarraitzea da ideia. Beharbada herri guztietan ezin da egin, baina hainbat lekutan zerbitzu hori eskaintzeko aukera izatea oso garrantzitsua dela uste dut, batez ere populazioa herrietan finka dadin; bestela, Iruñera doa».

Doakotasunaz, «erronka eta beharra» dela dio Aldanondok. Jende askok uste du doan izan beharko lukeela, eta oro har dirulaguntzak urriak dira. «Egia da Oibar eta Zangozako udalek dirulaguntza ematen dutela, baina gainontzeko guztiek, ez». Orain Errigoraren laguntza izango dute, «baina azkenean, ikusten duzu, herri ekimenei esker doa hau aurrera».

Korrikari begira, egun polita antolatu dute gaurko, hain justu, Oibar eskualdeko jende guztiaren topagune bihurtuta. Egun osorako programa erakargarria dute Korrikaren aldeko giroa berotzeko: bertso bazkarian Xabat Illarregiren eta Ekhiñe Zapiainen bertsoak entzuteko aukera izango dute, Aske txarangak herriko karrikak girotuko ditu, ondoren DJak arduratuko dira musikaz, eta amaitzeko Galtza Gorriak eta El Sonido de la Metralla talde nafarren kontzertua izango da. Ez da Korrika aurreko ekimen bakarra izango, eskualde osoan barna banatu behar baitituzte jarduerak, baina bai nabarmenena. «Gainera, Oibar eskualdearen erdian dago, badu azpiegitura…».