Hilaren hasieran Martxoak 3 elkarteak eskaera bat egin zien erakundeei: frankismoaren aurkako kereila jar dezatela epaitegietan, biktimekin batera, gizateriaren aurkako krimenengatik, Estrasburgora heltzeko bide bat ireki ahal izateko. Ostegun honetan EH Bilduk, Ahal Dugu-Podemosek, Ezker Anitza-IU-k eta Equok eskaera berbera egin diete Arabako erakundeei.
«Eskatzen dugu inpunitatea desagerrarazteko eta gerraren eta diktaduraren krimenak epaitzeko mekanismoak bilatzea. Horregatik eskatzen dugu artxiboak argitara ditzatela eta estamentu judizial eta politikoek irekita dauden bide judizialekin elkarlana sustatzea, hala nola Argentinako kereilan», adierazi dute Felix Gonzalezek, Garbiñe Ruizek, Nuria Buesak eta Oscar Fernandezek Azazetako sarraskian hildakoen omenez Gasteizen egindako ekitaldian.
Bertan gogoratu dutenez, gaur bezalako egun batean, duela 85 urte, 16 pertsona atera zituzten Bake kaleko kartzela zaharrean zeuden ziegetatik. Bi kamioitan sartu eta Azazetara eraman zituzten. «16. kilometroaren parean, 16 pertsona horiek fusilatu eta lurperatu egin zituzten», azaldu eta sarraskia erreketeen, falangistek eta guardia zibilek osatutako eskuadroi batek egin zuela nabarmendu dute. Fusilatuen artean hautetsiak eta militante errepublikar, sozialista, abertzale edo anarkistak zeuden, haien artean Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea zena.
Omenaldian esan dutenez, Azazetan gertatutakoa «ez zen kasualitatea izan». Izan ere, egun horretan bertan Armada frankistak iparraldeko frontearen aurkako erasoari ekin zion. 1937ko martxoaren 31n bertan, Italiako Armadaren hegazkinek Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten. Goizeko 8:00etan hasi ziren bonbak zerutik erortzen. Hiru pase egun tragiko batean: guztira 19.000 kilo lehergailu bota zituzten eta 336 pertsona hil zituzten. «Eta bonbardaketa hartan parte hartu zuten hainbat hegazkin gure hiritik atera ziren», azpimarratu dute.
Baina horiek ez ziren izan biztanleria zibilaren aurkako lehen bonbardaketak. Hilabete batzuk lehenago, Otxandioko Andikona plaza bonbardatu eta 61 herritar erail zituzten. Gero Gernika iritsiko zen: «Alemaniako Condor legioko hegazkinek bonbardatu zuten Euskal Herriaren ikurra. Picassok sarraskia koadro batean islatu zuen eta, harrezkero, hiri bizkaitarra gerraren izugarrikerien ikur eta bakearen sinbolo bihurtu zen».
«Estatu frankistaren terroreak suntsitu nahi zituen ideologia horiekin atxikimendua adierazteagatik. Helburua horixe zen, hain zuzen ere: erregimen berriaren aurkako edozein zantzu deuseztatzea», nabarmendu dute gerraren ostean 40 urteko diktadura heldu zela deitoratu baino lehen. «40 urte haietan isiltasuna eta beldurra nagusitu ziren eta herritarren artean hedatu ziren. 40 urte eskubide sozial eta politikorik gabe. Errepresioa, espetxea eta erbestearen 40 urte luzeak», gaineratu dute.
Frankisten zigorgabetasuna
Eta diktaduraren ondoren, zigorgabetasuna iritsi zen: «Oraindik ere, 85 urte geroago, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen diegu frankismoaren biktima guztiei. Oraindik ere, 85 urte geroago, gorpuen bila gabiltza errepide areketan. Izan ere, oroimena izatea ez da oroitzea soilik, ez da loreak jartzea edo estatuak edo plakak irekitzea; oroimena izatea egia, justizia eta erreparazioa eskatzea da. Hori oroimen demokratikoa da».
«Horregatik eskatzen dugu Arabako erakundeek frankismoaren aurkako kereila jar dezatela epaitegietan», esan dute, duela 85 urte kartzela, tortura, errepresioa, heriotza eta erbestea jasan zituztenek «gizarte justuago eta solidarioago batekin» amets egiten zutela adierazi baino lehen; «eta balio horiek bizirik diraute gure artean».
Erakundeek antolatutako omenaldia
Erakundeek beste ekitaldi bat antolatu dute frankismoaren biktimen omenez hiriko erdigunean. Bertan egon dira Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentea, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Gasteizko alkatea Gorka Urtaran.
Azken honek nabarmendu du Teodoro Gonzalez de Zarate alkate ohiak egindako lana demokraziaren eta askatasunaren alde. «Gasteizek beti izango du gogoan».