NAIZ

Armadako bi jeneral kargugabetu ditu Zelenskyk, «traizioa» leporatuta

«Orain ez dut traidore guztiekin hitz egiteko astirik. Baina, apurka-apurka, denak zigortuko ditugu», ziurtatu du Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak, bi jeneral kargugabetu dituela iragarri duen hitzaldian.

Ukrainar soldadu bat, tiroka Jarkiv inguruko lubaki batean.
Ukrainar soldadu bat, tiroka Jarkiv inguruko lubaki batean. (Fadel Senna | AFP)

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskyk ostegun gauean jakinarazi duenez, bi jeneral kargugabetu ditu «leialtasun zin militarra urratzeagatik», Ukrainako Indar Armatuen diziplina-estatutuan oinarrituta.

Zehazki, Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko Barne Segurtasuneko departamentu nagusiko buru Naumov Andrii Olehovich eta Jerson eskualdeko Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko bulegoko buru Krivoruchko Sergii Oleksandrovich dira kargugabetutakoak, Ukrainako agintariak zehaztu duenez.

«Orain ez dut traidore guztiekin hitz egiteko astirik. Baina, apurka-apurka, denak zigortuko ditugu», ziurtatu du Zelenskyk arratsaldeko bere ohiko hitzaldian. Gainerako «heroiei» Estatuaren defentsan egiten ari diren ahalegina eskertu die.

«Ukrainako Indar Armatuen Diziplina Estatutuaren 48. artikuluaren arabera, beren aberria zein den erabaki ez duten militarrek, gure estatuaren babesari, askatasunari eta independentziari dagokienez Ukrainako herriarekiko leialtasun zin militarra urratzen dutenek, ezinbestean, kargu militarrak galduko dituzte», azaldu du.

Bestalde, Errusiak Ukrainako lurraldean egindako aurrerapenei dagokienez, Zelenskyk esan du «okupatzaileak kanporatzen» jarraitzen dutela Ukrainako hiriburuaren iparraldean, Kieven, Txernigoven norabidean, Ukrainako Presidentetzaren ohar baten arabera.

«Egoera zaila Hegoaldean eta Donbasen»

«Hegoaldeko eta Donbaseko egoerak oso zaila izaten jarraitzen du. Inbaditzaileek Jersonon egitura batzuk antolatzen saiatzen ari dira, bere sormen gaitasun maltzurraren bitartez», adierazi du, zonaldean erreferendum bat prestatzen ari direla dioten informazioei erreferentzia eginez.

Kharkoverako bidean, Mariupolen, agintari ukrainarrak esan du tropa errusiarrak «erasoak egiteko ahalmena pilatzen» ari direla. «Kolpe gogorrak. Geure burua defendatuko dugu. Ahal dugun guztia egingo dugu okupatzaileak atxilotzeko», erantsi du.

Zelenskyk gogora ekarri ditu, halaber, egunean zehar eginiko harremanak: Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin edo Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin mintzatu da, eta munduko parlamentu ezberdintan egin ohi dituen hitzaldiak ere aipatu ditu (ostegun honetan Australian, Herbehereetan eta Belgikan).