NAIZ

Une zailetan «heldutasun» gehiago eskatu die Mendilibarrek bere jokalariei

Granadaren aurkako porrota jada ahaztuta dagoela ziurtatu du Mendilibarrek, nahiz eta onartu duen biharamunean eragina pairatu zutela. Larunbat honetan Atletico Madrilen aurka lehiatuko dira Metropolitanon (21.00etan). Lasaitasuna, heldutasuna eta elkarrengandik gertu jokatzea eskatu die jokalariei.

Mendilibar Granadaren aurkako norgehiagoka hasi aurretik, Ruben Torrecilla entrenatzaile arerioa agurtzen.
Mendilibar Granadaren aurkako norgehiagoka hasi aurretik, Ruben Torrecilla entrenatzaile arerioa agurtzen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Alaveseko entrenatzaile Jose Luis Mendilibarrek «heldutasun» gehiago eskatu die bere jokalariei. Une zailenetan «helduagoak» izan behar direlakoan dago Zaldibarko entrenatzailea. Era berean, larunbat honetan Atletico Madrilen aurka jokatzeko «buru hotza» izatea ezinbestekoa izango delakoan dago. 

Entrenatzaileak prentsa-aretoan adierazi duenez, talde madrildarra partida honekin «despistatzea» espero du, asteon entrenatu ezin izan duten nazioarteko jokalari kopuru handiarengatik eta era berean, hurrengo astean jokatu behar duten Manchester Cityren aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketagatik. 

Bizkaitarrak aitortu du atsedeneko lehen astea zaila izan zen Granadaren aurkako porrota zela-eta, baina zehaztu du bigarren hau ezberdina izan dela eta partidan zentratu ahal izan direla. 

Mendilibarren ustez, Mallorcak eta Levantek Metropolitanon lortutako garaipenak ez ziren izan Simeonerenak gehiegi fidatu zirelako, Lehen Mailako partida guztiak zailak direlako baizik, eta zuri-gorriak bolada onean daudela eta partida prestatzeko eta mentalizatzeko denbora izan dutela ohartarazi du. 

Prestatzaile babazorroak partidatan lasaitasuna eskatu die bere jokalariei eta elkarrengandik gertuago jokatzeko eskatu du. «Estutuko badugu, jende guztiarekin joango gara, eta berdin atzera egin behar badugu», adierazi du teknikariak. Esan du bere jokalariek jakin behar dutela noiz sakatu eta noiz egon atzean.

Bere egoera pertsonalari buruz, aitortu zuen azken partidaren biharamunean kea ateratzen zitzaiola belarrietatik, eta gero lasaitu egin zela. «Orain ondo nago, bihar Atletico Madrilen aurka lehiatzeko animoarekin, baina duela 10 egun ez nizun gauza bera esango», onartu du.

Alavesek denboraldia amaitu arteko egutegirik onena duela dioten baieztapenei buruz ere ez du askorik sinetsi. «Hona iritsi nintzenean, ez nuen begiratu noren aurka jokatu behar genuen. Badakit Atleticoren ondoren Iruñera goazela, baina ez dakit zer gehiago», esan du entrenatzaileak, taldean egutegian baino gehiago sinetsi baitzuen.

Talde babazorroa azkenaurreko sailkatua da eta salbazioa bost puntura dauka 9 jardunaldiren faltan. Atletico Madril eta Osasunaren etxean jokatu ostean, Rayo Vallecano hartuko du etxean eta ondoren, Mallorca bisitatuko du. Bi aurkari hauei irabaztea funtsezkoa izan behar du. Vila-real etxean, Celta kanpoan, Espanyol etxean, Levante kanpoan eta Cadiz etxean dira azken partidak, azken biak arerio zuzenen aurka. 

«Pentsatzen badugu zer datorkizun, gaizki gabiltza. Inork ez dizu ezer oparituko, guk irabazi behar dugu eta badakigu gutxieneko puntu kopuru bat batu behar dugula», azaldu du. 

Bere etorkizunaz eta klubak beregan duen konfiantzaz ere galdetu diote: «Hemen nago, konfiantzarik ez balego ez nintzateke egongo»