Jon Ormazabal

Altuna eta Martija txapeldun final epiko baten azken txanpan nagusituta (22-20)

Baikokoak 11-17 aurreratu badira ere, Aspekoek buelta eman diote, ezbeharrez betetako azken txanpa ikusgarri batean. Lau pilotariek leher eginda amaitu dute.

Martija eta Altunak irabazi dute aurtengo Binakako txapelketa.
Martija eta Altunak irabazi dute aurtengo Binakako txapelketa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Partida amaiera epiko batean nagusituta –txapelduna izan ezik beste hiru pilotariek behar izan dute uneren batean medikuaren laguntza–, Altuna-Martija dira Binakako txapeldun berriak, oso kontra jarri zaien finala irauli ostean.

Lasoren jokoari esker, Baikoko bikotea 11-17 ere aurreratu da, baina Altuna-Martijak sekula ez diote fedea galdu eta, lana beltz eginda, amezketarraren Binakako lehen txapela eta Etxeberrikoaren bigarrena jantzi dituzte. Aurrelari gipuzkoarrak ez du bere egunik distiragarriena izan erasoan, baina bere unea itxaroten jakin du eta bere palmares ikusgarria borobildu du, bizkarrak inoiz baino hobeto gorde dizkion atzelariarekin. Minduta amaitu badu ere, final ikaragarria jokatu du Martijak, lauretan onenak.

Partidaren lehen erdia oso borrokatua eta piloteatua izan da, hein handi batean Jokin Altuna ohi baino kamutsago aritu da-eta errematean. Atzean, Martija Ander Imaz baino apur bat gehixeago izan da hasieran, baina amezketarra hotz antzean hasi da, ezkerrez pilota nahi beste bihurritu gabe. Hori bai, lanari ez diote muzin egin eta partidari eutsi diote.

Baikokoen artean, lehen sakea kenduta, pilotarik apenas galdu du Imazek eta Unai Laso saiatu da eurei komeni zitzaien erritmoa ezartzen. Asmatu ere gehixeago egin du Bizkarreta-Gerendaingoak eta aurretik joan dira lehen atsedenaldi luzera (10-12).

Aldageletatik bueltan heldu da Unai Lasoren momentua. Aspekoek defentsan egindako lanak ordainduko zituztela zirudien eta Bizakarretakoa partidari erritmoa sartzeaz arduratu da, 11-17 aurreratzeraino. Urdinek partida bideratuta zutela zirudien, batez ere Altunak ez zuelako jokoan sartzerik lortzen, baina sekula ez dago amezketarra hiltzat jotzerik. Lasok eta Imazek jarraian egindako hiru tantok partidan sartu dituzte berriz eta hortxe agertu da txapeldunaren magia, partida irauli eta bigarren atsedenaldira aurretik heltzeko (18-17).

Amaiera agonikoa

Finaleko unerik beroenetan agertu da Altuna III.aren eraginkortasuna, pareta bilatuz tantoak amaitzeko. Hori bai, finalak inork nahi eta espero ez zuen bira bat izan du, aurreko koadroetan pilota bat altxatzera joanda Julen Martijak eskuineko bikian min hartuta. Tantoa, Lasok, esku eskura zuen pilota kanpora botata, gorri izan da (20-17), baina kezka ere Aspekoentzat izan da.

Aldageletan minutu batzuk eman ostean, Etxeberrikoa kantxara itzuli da eta garaipena eskura izan dute Altunak txapapera bota duen pilota batean. Imaz izan da gero partidaren gogortasuna sufrituta aldagelara joan dena, baina orduan Laso izan da, dena emanda, beste bi tanto egin dituena (21-20). Finalak goia jo du orduan tanto epiko batean, lau pilotariak leher eginda zeuden, Altunak atzean jarritako pilota bat Lasok gora bota eta txapela Aspekoentzat izan denean. 

FITXA TEKNIKOA:

Altuna-Martija: 22

Laso-Imaz: 20

Iraupena: 102 minutu. Markagailua: 2-0, 2-3, 3-3, 3-7, 8-7, 8-8, 10-8, 10-12, 11-12, 11-17, 21-17, 21-20 eta 22-20. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 1 Lasok. Tantoak: 7 Altuna III.ak, 1 Martijak, 11 Lasok eta 0 Imazek. Galdutakoak: 6 Altuna III.ak, 2 Martijak, 9 Lasok eta 4 Imazek.Gorabeherak: 50 sarrera inguru geratu dira saltzeke, baina giro bikaina Bilboko Bizkaia pilotalekuan.