Alaia Sierra

Hezkuntza legerako oinarriak «langileei bizkarra emanez» egin direla salatu du ELAk

ELA sindikatua EAEko Hezkuntza legearen oinarrien aurka agertu da astelehen honetan. Izan ere, «langileei bizkarra emanez eta espainiar Estatuak inposatutako marko arautzaile kurrikularrari men eginez» sortutakoa dela dio.

ELA Sindikatuko Hezkuntza arloko ordezkariak.
ELA Sindikatuko Hezkuntza arloko ordezkariak. (ELA Sindikatua)

Hezkuntzaren arloko ELA sindikatuko hainbat ordezkari kritiko agertu dira EAEko Hezkuntza lege berriaren oinarriekiko. Zehazki «eduki falta» eta langileak kontuan hartu gabe egin dela salatu dute.

Astelehen honetan Bilbon emandako prentsaurreko batean ikastoletako langileak, Gizarte Ekimenetako ordezkariak, Hezkuntza publikoko irakasleak, sukalde eta garbiketako langileak, Heziketa Bereziko langileak eta haurreskoletakoak agertu dira.

Lakuako Gobernuak Hezkuntza legerako oinarrien zirriborroa aurkeztu ondoren, martxoaren 18an, EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeak akordio batera heldu ziren. Hezkuntza Sailak euskaran ezarri zuen lege berriaren ardartza.

Oinarriak aztertu ondoren, sindikatuak hainbat ondorio atera ditu. Alde batetik, «lan baldintzen aferari erreparatu gabe», langileei «bizkarra emanez» egiten ari den prozesu bat dela salatu du. Gainera, prozesuan alderdien «helburu bakarra akordiorako gaitasuna erakustea» izan dela dio, elkarlanerako prest ez daudelakoan. Azkenik, sindikatuaren ustetan, egungo hezkuntza sistema «berdin uzteko bakoitzak nahi bezala interpretatzeko» idatzita dago edukia, «literatura eta abstrakzioa erabiliz».

«Marko kurrikular propioa eraiki»

Lege oinarriaren aurrean, hainbat eskaera aurkeztu ditu sindikatuak. Besteak beste, Euskal Herrian «marko normatibo eta kurrikular propioa eraikitzeko prozesua ezartzea» proposatu du, Gobernu espainarretik «inposatutako» curriculumaren aurrean.

Horretaz gain, «euskalduna, publikoa, inklusiboa, anitza» den eta lan baldintza «egokiak» izango dituen sistema izan behar da. Segregaziorik gabekoa, lan baldintzen homogeneizazioekin eta ratio hobekuntzekin.

Gainera, ikasleek euskarazko jakintza «bermatuko» duen lege bat defendatu du. Bide batez, hezkuntza sistemaren «desmerkantilizaziorako» neurriak eta software libreak garatzeko baliabideak «bermatu» beharko direla adierazi dute agerraldian izan diren ordezkariek.

Greba deitzeko «prest»

Azaldu dutenez, behin legearen oinarriak zehaztuta, Lakuako Gobernuak lege proriektua egin behar du eta proposamen hori Parlamentura bidali. Horren aurrean, Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arloko arduradunak «edukietan eragina izateko» gaitasuna azpimarratu du. Horretarako, «beharrezkoa da mobilizazioak eta grebak bultzatzea», azaldu du. Hala ere, ez dago sindikatuen arteko proposamen ofizialik oraindik.

Aitzitik, Steilas hezkuntza sindikatuak lanuzteak egiteko deialdia zabaldu du datorren ostegunerako, apirilaren 7rako. ELAko arduradunak adierazi duenez, horren berria «harriduraz» jaso dute. Izan ere, joan den martxoaren 25erako deituta zegoen greba atzeratzeko proposamenarekin ez zuten bat egin eta oraingoan «ELArekin hitz egin gabe» deitu dute, Hezkuntza arduradunak adierazi duenez. Hala ere, ez dute haustura sindikalik ikusten.