NAIZ
Donostia

NAIZ gune berezia Korrika amaiera jaian, ETS, Lamiak, Mugan eta beste hainbaten eskutik

Igandean bukatuko da Korrikaren 22. edizioa Donostian eta NAIZek gune berezia izango du Zuloaga plazan, antolatzaileekin elkarlanean, ekimenari amaiera jai berezia emanez. Musikak espazio garrantzitsua izango du, ETS, Lamiak eta Mugan taldeekin. NAIZ Irratia ere zuzenean ariko da, egun osoan zehar.

ETS, Lamiak eta Mugak taldeak NAIZ gunean arituko dira, Korrika amaiera festan.
ETS, Lamiak eta Mugak taldeak NAIZ gunean arituko dira, Korrika amaiera festan. (Jon URBE | FOKU)

Korrikak astearte honetan igaro du bidearen erdia eta amaiera gero eta hurbilago ikusten da. Igandean iritsiko da euskararen aldeko lasterketa Donostiara eta gaur aurkeztu dute amaiera jaia. Egun horretan, NAIZek eta Korrikak sinatutako akordioaren baitan, NAIZek gune berezia izango du Zuloaga plazan, San Telmo museoaren parean. Bertan Korrikari ongietorria eta amaiera emateko tartea izanen da, baita musikarako eta une bereziak partekatzeko ere.

Gazteei zuzendutako espazio garrantzitsu bat izanen da, Zuloaga plazan kokatua. Egun osoko egitaraua eskainiko du, kontzertu esanguratsuekin eta NAIZ Irratiaren set berezi batekin, zuzeneko musika saioa egiteko.

Gaur iragarri denez, bertan musikak garrantzi berezia izanen du. 14.00etatik aurrera Pirata elektrotxarangak girotuko du eguna. Honen atzetik, 14.30ean, Auzoko ekimena aurkeztuko da bertan eta 15.00etan Gipuzkoako sortzaile sarearen aurkezpen emanaldia hartuko du guneak.

17.00etik aurrera, aldiz, kontzertuek hartuko dute protagonismoa. Lamiak taldea izango da oholtzara igotzen lehena. Ondoren, 18.00etan, Mugak taldearen txanda etorriko da eta 19.30ean ETS taldeak borobilduko du jai egun handia.

Jatekorik eta edatekorik ez da faltako NAIZ gunean, korrika egin ostean indarrak berreskuratu eta jai egun luze bati aurre egiteko.

NAIZ Irratia, egun guztian

Korrikaren amaiera entzun ez ezik ikusi ere egin ahalko da NAIZ Irratiaren eskutik. Bi kolpetan, goizean ekimenaren beraren amaiera eskainiko du NAIZek eta arratsaldean saio berezia eskainiko du irratiak Zuloaga plazako NAIZ gunetik.

Korrikaren amaiera zuzenean bizitzeko saio berezia eskainiko du NAIZ Irratiak 10.00etatik aurrera, NAIZen ikusi egin ahalko da saioa eta baita Korrikaren azken kilometroak ere. Ainara Rodriguezek gidatutako saio berezia izango da eta Korrikaren azken kilometroetan izango diren lankideen bidez amaierako emozio dena islatuko du saioak. Ondoren, Bulebarretik zuzenean eskainiko du amaierako ekitaldia.

Korrikaren edizio berri baten arrakasta ospatzeko eguna izango da ondoren, okerrik ezean, eta horretarako aukera aproposa eskainiko du NAIZen Zuloaga plazako gune bereziak. Bertan ere 15.00etatik 18.00etara Musikharia berezia eskainiko du NAIZ Irratiak gonbidatu berezi ugarirekin eta Iker Gurrutxagak gidatuta.