NAIZ

Pintaketa batzuen harira atzeman dituzten lau gazte lapurtar aske utzi dituzte

Frantses Poliziak lau pertsona atzeman ditu asteazken goiz honetan Hazparnen eta Itsasun. Pauera eramanak izan dira. Hazparnen eta Itsasun mobilizazioak egin dituzte iluntzean atxiloketak salatzeko. Berriki lau gazte kargurik gabe libre utzi dituztela plazaratu du kazeta.eus atariak.

Atxilotutako gazteen elkartasunean Etxepare Lizeoan gaur eguerdian eginiko elkarretaratzea.
Atxilotutako gazteen elkartasunean Etxepare Lizeoan gaur eguerdian eginiko elkarretaratzea. (@selauruabetez)

Asteazken goiz honetan frantses Poliziak Hazparnen eta Itsasun atzeman dituen lau gazte aske utzi dituzte iluntzean, kargurik gabe, baieztatu du kazeta.eus atariak.

Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak Euskal Irratiak-i goizean baieztatu dioenez Paueko Poliziak abian eman duen inkestaren baitan heldu dira atxiloketa horiek.

Polizia-operazioak hainbat higiezinen bulegoetan agerturiko pintaketa batzuekin izango luke lotura, fiskalak aurreratu duenez.

Berriki sortu den Xuti Gazte! dinamikak sare sozialen bidez salatu duenez «Euskal Herrian lan eta bizi nahi duen militante gazteen kontra jotzen du Frantses Estatuak».

Gazteen sareak gaineratu duenez, «gazteriaren arazoei ezin zaie errepresioarekin erantzun».

Elkartasun mezuak eta mobilizatzeko deialdiak

Ohar baten bidez, EH Baik «sostengua» adierazi nahi izan die atxilotutako pertsonei eta «berehala» askatuak izan daitezen aldarrikatu.

«Frantses Estatuak iraganeko errezetekin segitzen du. Gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu eta errepresioaren eta gazteriaren kriminalizazioaren parioa egiten du», azpimarratu du.

Honen aurrean, atxiloketak salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

18.00etan hasi da, Itsasun mobilizazioa. 150 lagun inguru bildu dira. Manifestazioa egin dute eta horren ondotik hamabost bat minutuz Donibane Garazira daraman errepidea moztu dute. Hazparnen 19.00etan eman dute hitzordua, Elizako plazan.

Atxikoketen lehenengo salaketa ekimena eguerdian izan da. Ikasleek "Ximun"  eta beste atxilotuak askatza galdegin dute. Hain zuzen, AEKn irakasle da pertsona hori. Horrendako elkarte horrek agiria zabaldu du gaur arratsaldean.

Hauxe dio zehazki AEKk plazaratu duen oharra:

«Ximun, gure lankidearen atxiloketaren ondotik, Ipar Euskal Herriko AEK-ko Zuzendaritzako kideok, honako hau adierazi nahi dugu: Ximuni eta bere senitartekoei elkartasun eta adiskidetasun mezua helarazi nahi diegu eta euskal herritar gisa, gure kezka adierazi nahi dugu urteetako gatazka bortitza gainditzeko bidean espainol eta frantses Estatuek erakusten duten jarrera ezkor eta oztopatzaileari buruz».