Entrevista
Amaia Puente eta Lurdes Gauna
AEK-ko irakasleak

«Gure ahulezia erabilera da, ez da erabiltzeko beharra ikusten»

Argazkia:
Argazkia: (Oskar MATXIN)

Bizkaiko mendebaldean, Burgos eta Kantabriarekin muga egiten duen Enkarterri berde eta industrializatuan, Kadagua inguruko haranek aspaldian galduak zituzten bertoko azken euskal hiztunak abertzale eta euskaltzale talde batek hizkuntza berreskuratzeko ibilbidea hasi zuenean. «Hau guztiz erdalduna zen, euskaldun bat heltzen zen eta ‘el vasco’ edo ‘la vasca’ esaten zioten. Imajina ezazu panorama zein zen. Hasierako ikasle haiek bereziak ziren», aipatu du Lurdes Gaunak.

Nabarmendu duenez, ilusioak bultzatuta hurbiltzen ziren ikasle haiek euskara eskoletara, «eskola orduetatik kanpo beste edozein jardueratan parte hartzeko prest». Azken 44 urteak euskara irakasten eman dituen zallarrak 1987an AEKn eskolak ematen hasi zen Amaia Puente beste irakasle beteranoa dauka ondoan. Biak bat datoz esatean gauzak asko aldatu direla, orain askoz akademikoagoa dela dena, ez hain militantea, eta aldi berean ez hain komunitarioa, baina erronka, euskalduntzen jarraitzea, hor dago oraindik, euskaldun izan arren euskaraz egiten ez duen gazteriari begira, batez ere.

Elkarrizketan, iragana eta oraina askotan uztartzen dira, egungo egoeraren oinarrian irakasleek, ikasleek eta euskararen alde beti esku bat botatzeko prest egon ziren haiek osatutako komunitatearen ahalegin handia dagoelako.

Euskara desagertua zegoen paisaia hartan, frankismoaren debekuari amaiera eman eta euskara ikasteko gogoak baino ez zeudenean gau eskolak antolatzea izan zen lehen urratsa, eta apur bat beranduagotik hona AEK izan da eskolak ematera gutxitan mugatu diren ahaleginen aterpea. Hasierako gau eskola haiek antolatzea ez zen erraza izan, baina «ilusio eta militantzia dosi handiak» zeuden. «Jende askok eman zuen izena, baina ez zeukan dirurik; udalaren laguntza eskatzen genuen baina ez zen oso handia izaten». Irakasleak topatzea ere beste zailtasun handi bat zen, aipatu dutenez. «Garai hartan, gelak beterik zeuden, eskoletako gelak erabiltzen ziren eta oso gela handiak ziren, ume asko zegoelako gela bakoitzean, 20 lagun egon zitezkeen».

Eskoletan hasi berria zen D ereduko irakasle batzuekin hitz egin zuten ea lana amaitu ondoren eskolak emateko prest egongo ziren, eta horrela jaio ziren gau eskola haiek. Gero AEKn sartzeko aukera heldu zen. «Baldintza bakarra jarri ziguten, ez dirurik ezta zorrik ere», eta orduan hasi zen abentura eder bat metodologiarik gabe, edo «Fanta metodoarekin», hobeto esanda, horrela esaten baitzioten «Ni naiz, zu zara, hura da...» bezalako gutxieneko eduki batzuk jasotzen zituen liburuxkari, Fantaren iragarki laranja ahaztezina zeukanari. «Fanta metodoa» izenarekin geratu zen.

Eskolak txiki geratu ziren espazio eta ordutegi askeago bat zuen proiekturako, eta beste borroka bat heldu zen lokalak lortzeko. Lurdes Gaunak «mikroistorioak» deitzen dituen horietan sartzen dira espazioa lortzeko egin zuten itxialdia eta «kafea eta pastak» dastatuz itxialdiari aurre egiten zioten haien aurrean Ertzaintzak Enkarterrin izan zuen estreinaldia.

Mobilizazioei erantzunez, oso egoera kaskarrean zegoen maristen ikastetxea utzi zieten, eta horrek ere zaharberritzea eskatzeko mobilizazioak ekarri zituen, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren beraren aurrean, adinekoen egoitzaren inaugurazioa egitera joan zenean. Irakasleek eurek, ikasleek eta lagunen lagunek esku bat botata euskaltegi baten itxura hartzen joan zen eraikina. Beraz, ingurura begiratuta, asko dira bere historia duten elementuak: baten senargaiak egindako mahaia, beste norbaitek egindako esekitokia... «Fotokopiagailu zahar bat ekarri ziguten. Behin lapurtzera sartu zitzaizkigun eta ohar bat utzi zuten haren gainean, ‘dejamos la fotocopiadora para la causa’ zioen, tramankulu itzela zen», gogora ekarri dute barre artean.

«Garai hartan ez zegoen ordutegirik, eta eskolak amaitutakoan oraindik pote bat hartzera joaten ginen, egunpasak egiten genituen, asteburuko egonaldiak…»

 

Ibilbide gogorra izan da, eta lanik ez da falta izan, Korrika, AEKanpada, AEK Eguna, jaietako txosnak, zozketak... «militantzia gordina zen». «Garai hartan ez zegoen ordutegirik, eta eskolak amaitutakoan oraindik pote bat hartzera joaten ginen, egunpasak egiten genituen, asteburuko egonaldiak…», azpimarratu dute. «Gelatik kanpoko jarduera horiek helburu bikoitza zuten, bizitza errealean praktikatzea eta jendeak ikustea posiblea zela euskaraz aritzea, nahiz eta hasieran denak guri begira geratzen ziren», gogora ekarri du Gaunak.

«AEK-ko irakasleak euskararen aldeko gudariak ziren, ez da laudorio bat esateagatik, gogoratu behar da zer baldintzatan zeuden, epikoa zen, eta Enkarterrin eta Euskal Herri osoan kontuan hartzekoa», erantsi du Juan Mari Santisteban «Txomin»-ek, egun AEK-ko ikasle denak eta urteetan ahalegin horretan laguntzen aritu denak.

Gaur egun egoera nabarmen aldatu da, baina bide luzea falta da oraindik Enkarterrin euskara normalizatzeko. Kalean euskara entzutea ohikoena ez bada ere, ez da arraroa. Batez ere guraso gazteen artean entzuten dela diote. Urratsak egin dira, dudarik gabe, eta, halere, ez da erraza euskaraz komunikatzeko beharrik ez zegoen eta ez dagoen eremu batean. Garai batean indar handiagoa zuen gogoak, nahiak, euskara ikasteko irrikak. Orain inguratzen gaituen errealitatea ere bestelakoa da. Lehen euskaraz bizi ahal izatea zen helburua. Egun, gazte gehienek eskolan ikasi dute euskara. Beraz, titulu bat lortzea da gazte horietako asko euskaltegira eramaten dituena, baina euskaltegia askoz gehiago izan da beti eta jarraitzen du izaten.

Gaunak eta Puentek azaldu dutenez, adin guztietako ikasleak daude orain, baita jubilatuak ere. Askotan batzuen eta besteen interesak ez dira berdinak izaten, eta zaila da biak uztartzea. Titulua ateratzeko azterketa gainditu nahi duenak eskolak helburu horretara bideratzea nahi du, baina euskara ikasteko presarik ez duten horien artean, batez ere hitz egitea maite dute... eta bide batez harremanak egitea, bizitzan helburuak finkatu eta horietan zentratzeko ere balio duelako euskaltegiak, nolabaiteko efektu terapeutikoa osatuz.

Enkarterriko AEk-k Zallan du egoitza nagusia, eta eraikin bera Udal Euskaltegiarekin eta Helduen Hezkuntzako (HHE) gelekin partekatzen dute. Egun 126 ikasle ditu AEK-k eta ikasleen profila askotarikoa da. Matrikulazioa ez da duela urte batzuetakoa. Eraikin berean Udal Euskaltegia izateak euskalduntzeko proiektu bien arteko nahasmenak sortzen ditu sarritan. Pentsa zitekeen jada zerotik hasi behar duenik ez dagoela, baina ez. Argitu dutenez, oraindik badaude hitz solteak soilik ezagutzen dituztenak. Gehienak atzerritik etorritako lagunak dira, baina zerotik hasi beharreko euskalduntze prozesu horien eskaera egon badago eta sortzen denean erantzuna ematen zaio. Gauza da gaur egun badela Enkarterrin euskara hutsez bizi den jendea. Laster Korrika helduko da eta batez ere jai giroa pizten dela diote, euskara gehiago entzun ahal da, baina gero «inertzia» itzultzen da, «eskualdearen ahulezia erabilera da, ez dute beharra ikusten». Alde positiboari erreparatuta, ordea: «Gazte gehienak euskaldunak dira, komunikatzeko gaitasunak dituzte nahiz eta ez erabili, erabili behar badute egun batean erabiliko dute».