Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Arturo Campion euskaltegiak 50 urte bete ditu Iruñea euskaldunago batean

Ospakizun ikasturtea du Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak. Badu zer ospatu, zer deitoratu eta betiere zer gogoratu, hasierako ilusioarekin aurrera egiteko. Urteurrena dela-eta liburua eta dokumentala prestatu dituzte.

1984-85 ikasturteko irakasle taldea.
1984-85 ikasturteko irakasle taldea. (Arturo Campion IKA)

Berrogeita hamar urte Iruñeko eta iruindarren bihotzean, hamaika oztopori aurre eginda, ehunka ahotatik euskara jariarazten, une latzak eta pozgarriak partekatzen... Mende erdiko historia du gainean Arturo Campion euskaltegiak, eta gogotsu jarraitzeko asmoa.

«1970eko hamarkadako urteak zailak, gatazkatsuak ziren, baina gizartea bor-bor zegoen, gauza asko egiteko ilusio handiz arlo guztietan, eta euskararen irakaskuntza ez zen salbuespena», gogora ekarri du Jokin Lasa Iruñeko euskaltegi horretako irakasleak. Ordu arte oso jende heldu gutxik ikasten zuen euskara, «euskaldun zaharrak zeuden, etxetik ikasitakoak, baina oso jende gutxik ikasten zuen, eta urte haietan fenomeno interesgarri bat sortu zen, gau eskolak. Jendea, bere lanaldia bukatutakoan, arratsaldeko zortzietan-edo sekulako ilusioarekin biltzen zen euskara ikasteko».

Artean ez zen ‘euskaltegi’ hitza erabiltzen, eta «Arturo Campion ‘akademia’ izen klasikoagoarekin sortu zen».

Historia

Akademia zen, beraz, baina zergatik Arturo Campion? «Politikari eta idazle garrantzitsua izateaz gain, handitan euskara ikasi zuen lehenengo euskaltzaletzat jotzen da; horregatik pentsatu zuten izen egokia zela beren proiekturako».

Orduan Iruñean ez zen euskararik entzuten, mendialdetik joandakoei izan ezik. Han-hemenka baziren hainbat talde gau eskoletan bilduta, elizaren lokaletan, parrokia zentroetan, edo eskola erlijiosoetan, «bitxia gaur egungo ikuspegitik». Herri ekimenak ugaritzen ziren eta gazte batzuek Iruñean, Iruñerri osoan euskararen egoera benetan penagarria zela ikusita, pentsatu zuten beharrezkoak zirela talde horiek, baina jendea sakabanatuta zegoela, eta akademia bat sortzea erabaki zuten, «egoitza finko bat». Hala sortu zen euskara ikasteko Euskal Herriko lehenengo egoitza finkoa, Mendigorriko emakume alargun bati Compañia kaleko pisu bat alokatuta.

Egoitza hura txiki geratu zen luze gabe eta bigarren pisu bat alokatu behar izan zuten eraikin berean. Izan ere, urte haietan oso handia zen jendearen jakin-mina eta jendetza biltzen zen euskara eskoletara. «Batzuk txintxo-txintxo euskara ikasteko asmoz joaten ziren eta beste batzuk ezagutzeko besterik ez, ekarpentxo bat egite aldera, eta batzuek lan politikotzat hartu zuten».

Gau eskola edo euskaltegi kopurua handitzen joan zen eta guztiak koordinatu beharra sumatu zuten. Horrela sortu zen AEK, eta koordinakunde horretako kide izan zen Arturo Campion, 1989a arte.

Urte batzuk igarota, Compañia kaletik Comedias kalera aldatu zen euskaltegia, «Iruñeko bihotzera».

1989an, Arturo Campionek, beste hainbat euskaltegirekin batera, IKA sarea eratu zuen, eta koordinakunde horretan jarraitzen du. «IKAk beste bi euskaltegi ditu Iruñerrian, Barañainen eta Atarrabian, eta Leitzaldean, Bortzirietan eta Malerrekan ere hedatuta dago». Gutxieneko koordinazioa daukate euren artean, «batez ere ildo metodologikoari dagokionez eta udako barnetegiak kudeatze aldera, edo administrazioen aurreko jarrera, erreibindikazioak eta abar bideratzeko». Gainerakoan, euskaltegi bakoitzak modu autonomoan funtzionatzen du.

Bilakaera metodologikoa

Metodologiari dagokionez ere, bide luzea egin du Arturo Campionek. Hasierako urteetan metodo gramatikal estrukturala erabiltzen zuten: hiztegia ikasi eta hiztegi hori ikasitakoan esaldiak osatzea, idatzaraztea. «Ondoren, beste pauso bat eman zen eta hain famatua izan zen metodo audiolinguala etorri zitzaigun, kasete zoragarri haiek. Entzun eta errepikatu egiten ziren».

Metodo hura ere zaharkituta geratu zen urteen joanean eta 80ko hamarkadan «hizkuntzak ikasteko bidea komunikazioa zela ikusi zen. AEBetan eta Ingalaterran abian zegoen metodologia zen eta guk, eta beste batzuek, ekarri genuen. Taldeak sekulako garrantzia zuen, taldekideen arteko solasaldien bidezko metodoa zen; entzun bai, baina sortu ere egin behar zen».

Azken urteotan, fokuratze komunikatiboari eusten diote, baina betiere proiektu bat helburu dutela, «helburu erreala edo fikziozkoa; esate baterako, txango bat antolatu nahi dugu eta erreala balitz bezala antolatzen dugu, eta batzuetan erreala da».

Herritik sortua

Arturo Campion herri ekimeneko euskaltegia da. Horixe nabarmendu nahi du Lasak: «Hemendik pasatu egiten da jendea, bai ikasleak, bai irakasleak, bagatoz eta bagoaz, baina hemen gauden bitartean, denok osatzen dugu euskaltegia. Jendeak, jendarteak sortua da. Batzuetan nahasmena sortzen da horrekin. Batzuek diote Gobernuak sortua dena publikoa dela eta gurea pribatua. Baina zer-nolako pribatutasuna, galera ekonomikoak dituen ekimena izanda! Ikasleek zoritxarrez ordaintzen dutenarekin eusten diogu, zoritxarrez oraindik ordaindu behar baitute; horrekin eta Nafarroako Gobernuak ematen digun dirulaguntzarekin funtzionatzen dugu. Herritik sortutako ekimen bat gara».

Urte hauetan guztiotan administrazioekin izan duten harremana «adeitsua bai, baina inoiz ez da ona izan. Garaian garaiko gobernuak ez gaitu inoiz aintzat hartu, ez du baloratu euskaltegiek, bai guk bai AEK-k egindako lana. Gu administrazioa iristen ez den tokira iristen gara, bai geografikoki, bai ordutegiari dagokionez, baita ikastaro zehatz batzuei dagokienez ere».

Gobernuen hainbat jarrera ezagutu dituzte hainbeste urtetan: «Hau alde beltz dezentekoa da. Aurrekoak nire ustez ahalegin ikaragarria egin zuen duintze aldera; oso garai beltz batetik gentozen, UPNren garaitik, non hiru urte laguntzarik jaso gabe egon ginen, bizirauten, eta hori hobetzea ez zen zaila; hala ere, aurrerapauso garrantzitsua eman zen. Oro har administrazioekin izan dugun harremana zaila izan da, ez duelako benetan gure lana behar den bezala balioetsi».

Lehen bezala orain ere itun bat eskatzen dute: «Ezin da utzi momentuko gobernuaren esku zer izanen den gure bizitzeko bidea. Zeren gerta daiteke orain bezala aritzea edo UPNren garaian bezala xentimorik ere ez ikustea. Hori erabaki politikoa da eta ez luke horrela izan behar».

Berrogeita hamar urte

Iaz, 50 urte betetzear, ikasturte honetarako «zerbait potente, deigarri, gogoangarria» egin behar zutela pentsatu zuten. Eta horretan ari dira.

Otsailaren 26an hasi ziren ospakizun ekitaldiak Iruñean hain kutuna duten txupinazoarekin. Horretarako kiliki edo buruhandi bat sortu zuten, Arturo Campion irudikatzen duena. Harexek bota zuen txupinazoa. Egun berean, Kasu! taldeak urteurrenerako propio egindako kanta estreinatu zuen, euskaltegiko zenbait pasadizo biltzen dituena.

Martxoaren 5ean, musika, dantza eta clown ikuskizuna egin zuten Baluarten. Lau egun geroago, berriz, urteurrenari begirako “Berrogeita hamar urte, 11 istorio” liburua aurkeztu zuten Laba espazioan.

Oraindik data eta toki zehatzik iragarri ez badute ere, euskal literaturan garrantzia duen liburu bat aukeratu eta irakurraldi bat ere egingo dute, goizean hasita egun osoan zehar.

Halaber, erakusketa ibiltari bat prestatzen ari dira hainbeste urtean egindako argazkiekin, matrikulazio kanpainetako kartelekin eta askotariko materialarekin. Gaika antolatzen ari dira; esate baterako, ikasgelari, euskaltegiko festei, erreibindikazioei... dagozkienak, «horrekin badugu nahiko material, asko erreibindikatu behar izan baitugu», dio Lasak; hil diren lagunei ere argazki panel bat eskaini nahi diete, eta beste baten motiboa duela urte askotatik sanferminetan Alde Zaharreko lokal batean jartzen duten taberna izango da, bertan ehunka ikasle eta irakasle aritu baitira lanean. Denera dozena bat panelek osatuko dute erakusketa. Ekainaren lehen hamabostaldian Nafarroako Parlamentuan jarriko dute eta uda osoan zehar auzo elkarteetara, gazte guneetara, peñaren batera… eramango dute.

Ekitaldi ugarien artean ez da bertso saiorik ere falta izango, noski. Maiatzaren 18an izango da bertsozaleen txanda, Iturrama auzoko festen egitarauaren barruan.

Azkenik, maiatzaren 21ean, Euskaltegiaren Eguna ekitaldi erabat ludikoa izango da. Urtero bezala, bazkari bat eta ondoren dantzaldia egingo dute ikasturte bukaeran, baina aurtengoa, nola ez, berezia izango da. Goizean goiz hasita, euskaltegia sortu zen etxean plaka bat jartzeko asmoa dute; gero, erraldoien elkarretaratze bat izango da, musika lagun, eta kalejira Gazteluko plaza edo «Iruñeko egongelan» bukatuko da, bertan izango baita ekitaldi nagusia, baina «inor aspertu nahi izan gabe»: rap kantari bat, bertsolari bat, jotari bat eta euskaltegiaren diskurtso txiki bat. Bazkalondoko giroa luzatu egingo bada ere, «parrandan segitu nahi dutenentzako» kontzertu bat izango da gauean.

Gaur egungo egoera

Nafarroan gero eta euskaldun gehiago dagoela dio Lasak, gero eta haur gehiagok ikasten dutela D ereduan; hala ere, ipar aldean, halako galera gertatzen ari dela, gazte askok ez baitute euskara erabiltzen. Bestalde, euskararen zonifikazioa ere ekarri du hizpidera: «Ez ditu nafar guztien eskubideak errespetatzen. Momentu honetan Parlamentuan ez dago hori aldatzeko gehiengorik eta administrazioak ez du behar bezainbeste baloratzen euskara, nahiz eta kanpainak egin».

Nolanahi ere, Iruñerrian aurrerapen handia sumatu dute. «Duela 50 urte, baita 30 ere, oso zaila zen euskara kalean, tabernetan, gurasoek umeei egiten entzutea... Orain, berriz, D eredua dela, euskaltegiak direla, konpromiso eta esfortzu ikaragarrien ondoren, entzun egiten da. Hemen ez da galerarik izan». Horregatik, oso baikorra da. «Arturo Campion euskaltegiak horretan badu zerikusia. Hemendik milaka lagun pasatu dira; ez diot denek ikasi dutela, baina asko dira ikasi dutenak ere».

Euskaltegiko ikasle kopurua egonkortu egin da 200 ikasle ingururekin, euskaltegian bertan eta eskoletan, sindikaturen batean, enpresetan eta abarretan ari direnak kontuan hartuta. «Hona etortzen direnek ez dute titulurik nahi, oro har; ikasi, hitz egin nahi dute. Praktikatzen segitu nahi duten jubilatuak, edo gazteagoak, zortzi ordu lanean eman ondoren joaten direnak...».

«Guk ilusio handiz segitzen dugu. Badakit sekulako ilusioarekin sortu zutela euskaltegia duela 50 urte eta guk ilusio bertsuarekin segitzen dugu, etengabe gure formakuntza berritzen, beti nola hobeki irakatsi pentsatzen… Irakasle gazteak oso indartsu datoz, ideia berritzaileekin, eta 50 urte iraganik, noraino emateko gai diren erakusten ari dira. Horregatik bukatu nahi nuke esaldi ezagun honekin: ‘Batzuk izan zirelako bagara eta garelako besteak ere izanen dira’. Katea ez da eten eta ez da etengo».

 

«BERROGEITA HAMAR URTE, 11 ISTORIO»

“Berrogeita hamar urte, 11 istorio” liburuak Arturo Campion euskaltegiaren hainbat kontu eta pasadizo bildu ditu, 11 idazlek kontatuak eta beste hainbeste egilek ilustratuak. Batzuk beteranoak dira, beste batzuk hasi berriak, baina denak ere, Jokin Lasak dioenez, «Iruñean nolabait izen bat dutenak». Esti Martinez Diaz de Cerio, Ane Ablanedo, Ander Perez, Iker Tubia, Patxi Larrion, Peio Ardaiz, Reyes Ilintxeta, Alberto Ladron, Miren Epaltza, Elixabete Garmendia eta Xabier Olidenek idatzitako testuak Josu Sanz, Asisko Urmeneta, Aritz Iri, Oier Zuñiga, Belatz, Oroz, Zaldieroa, Leire Urbeltz, Exprai eta Garazi Lasak ilustratu dituzte. Karrikirin, Katakraken, Elkar liburu dendetan eta Arturo Campion euskaltegian salgai dago 10 euroan.

Liburuaren izenburu bereko bideo dokumental bat ere egin dute, ia 50 urtean bildutako testigantzak, kontaketak, denetariko kartelak eta bestelako materialak erakusten dituena. Sare sozialetan ikusgai jarriko dute.