Marcel Pena

Bilbo euskaldun baten irudi izugarria

Bizkaia zeharkatu eta Bilbo Eskuinaldean ibili ostean, Korrika Bizkaiko hiriburura iritsi zen atzo arratsaldean eta Deustun egindako lehen kilometroetatik milaka lagun bildu zituen. Aldarrikapenen artean utzi zuen lasterketak Bilbo gauerditik hurbil, Bizkaiko kostaldera bidean.

Bilboko Alde Zaharrean giro itzela sortu zuen lasterketak.
Bilboko Alde Zaharrean giro itzela sortu zuen lasterketak. (Aritz Loiola | Foku)

Arratia eta Txorierri eskualdeak zeharkatu ondoren, atzo iritsi zen Korrika Bilbora. Egunaren lehen orduetan Araban ibili eta gero, lekukoa Bizkaian sartu zen, 13.00etan. Otxandio, Zeanuri, Areatza, Igorre, Lemoa, Usansolo, Larrabetzu, Zamudio eta Derio zeharkatuz, besteak beste, Korrika 19.30ean heldu zen Bilbora, Eskuinaldetik.

Bizkaiko hiriburuan, Korrikak 80 kilometro inguru egin zituen Bilboko zortzi barrutietan barna. Zehazki, San Inazio auzotik abiatu eta Deustu gurutzatu zuen Lehendakari Agirre etorbidetik, Ibaizabalen itsasadarra Uribarriraino jarraitu aurretik. EH 11 Kolore herri ekimenak Bilboren aniztasuna irudikatu zuen Campo Volantin pasealekuan. Zumalakarregi etorbidetik jarraituta, lasterketak Otxarkoaga-Txurdinagako barrutia gurutzatu zuen, baita Begoña ere –Santutxu eta Abusu auzoetatik–, “Aldapan gora” abestiaren erritmoan.

Itsasadarraren ertzetik kilometro batzuk egin ondoren, oraingoan Abusu auzoan, korrikalariak Bilboko erdigunean sartu ziren berriro, euskararen ahotsa Miribillara, Bilbo Zaharrera, Iralara eta Errekaldera eramateko. Hurrengo kilometroak Indautxun igaro zituen Korrikak. Autonomia kalea lasterketa solidarioaren agertoki izan zen berriz ere, San Frantziskotik Zazpikaleetaraino sartuz, Somera kaletik. Bertan, Zamudioko Atarian, euskal preso politikoen aldeko tartea zain zuen Korrikak, eta Arantza Zuluetak hartu zuen lekukoa. Ondoren, Unamuno plazatik abiatuta, Bea Sever pregoilariak eta Itsasne Nuñez txupinerak eraman zuten lekukoa 1.620. kilometroan Bilboko Konpartsen izenean.

Lau ordu eta milaka lagun

22.30ak pasata, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta beste zinegotzi batzuek lekukoa hartu zuten berriro ere itsasadarra zeharkatzeko, Abando eta Indautxutik zehazki. Ondoren, Korrikak Bilbo atzean utzi zuen, zehazki Basurtu eta Zorrotzatik igaro ondoren. Korrikalariek San Mames estadioa inguratu zuten Barakaldorako bideari heldu aurretik, hau da, Bizkaiko hiriburura Eskuinaldetik heldu bazen Korrika, Ezkerraldetik esan zion agur.

Hori bai, aurretik, aurten ere, Athleticek bat egin zuen euskararen aldeko ekimenarekin eta herri lasterketaren 1.639. kilometroa zuri-gorriz tindatu zen. Hain zuzen ere, Athleticen kilometroaren abiapuntua San Mames Barria estadioa izan zen, zabalgunea bera.

Guztira, Korrika lau orduz baino gehiagoz ibili zen Bizkaiko hiriburuko kaleetan, eta milaka lagunek hartu zuten parte lasterketan, Bilbo euskalduna aldarrikatuz eta izugarrizko irudia utziz. Gaur Korrika Ezkerraldean, Meatzaldean eta Bizkaiko kostaldean ibiliko da, eta, bihar, berriz ere Gipuzkoako lurretan sartuko da.