NAIZ

Ukraina-Euskadi elkarteak mobilizazioak deitu ditu larunbatean, errusiarren «ankerkerien» aurka

Errusiar Armadak Ukrainako gerran egiten ari dituen «ankerkeriak» salatzeko mobilizazioak deitu ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen Ukraina-Euskadi elkarteak. Elkarretaratzeetara kandelak eta linternak eramateko deia egin dute, «gerra krudel honen biktima errugabeak» oroitzeko.

Ukraina-Euskadi elkartearen aurreko mobilizazio bat.
Ukraina-Euskadi elkartearen aurreko mobilizazio bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ukraina-Euskadi Garapen Lankidetzarako Elkarteak mobilizazioak deitu ditu larunbat honetan EAEko hiru hiriburuetan errusiar armadak Ukrainako gerran egindako «basakeriak» salatzeko.

Ohar batean, kolektibo horrek Bucha, Irpin, Hostomel eta Borodyankako gertakarien «izugarrikeriak« aipatu ditu, baita Kiev ingurukoak ere: «Populazio zibilaren aurkako ankerkeriek, hilketa masiboek, bortxaketek, torturek, munduaren begiak zabaldu dituzte, eta errusiar erasoaren larritasuna ezagutarazi dute», adierazi du.

Elkarte honen esanetan, «hori ez zen munduan gertatzen Bigarren Mundu Gerraz geroztik». «Mundu zibilizatuak ez zuen espero hau berriro ikustea 2022an. Zoritxarrez, Ukrainako herri baketsuaren genozidioa hemen eta orain egiten ari da. Errusiako Armadak basakeria eta izua eragiten ditu», gaineratu du.

NBEren arabera, apirilaren 6ra arte 1.563 biktima zibil hil eta 2.213 zauritu izan dira. Hauek dira egiaztatutako datuak, baina benetako kopurua horren gainetik egongo dela zehaztu du erakundeak.

Horregatik, asteburu honetan Ukraina-Euskadi elkarteak «gerra krudel honen biktima errugabeak» oroitu nahi ditu. Hala, larunbatean mobilizazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 20. 30etan. Elkarretaratzeetara kandelak eta linternak eramateko deia egin dute.