Oihane Larretxea
Donostia

Whitman eta Yeats batu dira Munduko Poesia Kaierak bildumara

Walt Whitman eta William Butler Yeats egileen poemak batu dira Munduko Poesia Kaierak bildumara. Estatubatuarra lehena eta irlandarra bigarrena, «‘ni poetiko’ ikaragarria» sumatu dute itzulpen lanetan aritu diren Josu Goikoetxea eta Juan Kruz Igerabidek.

Ezker eskuin, Josu Goikoetxea eta Juan Kruz Igerabide, ostegun honetan Donostian.
Ezker eskuin, Josu Goikoetxea eta Juan Kruz Igerabide, ostegun honetan Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Walt Whitman (1819-1892) eta William Butler Yeats (1865-1939) herrialde ezberdinetan sortu ziren, Ameriketako Estatu Batuetan lehena, Irlandan bigarrena; eta bizitzaren harian denbora tarte bat baino ez zuten konpartitu, XIX. mendearen amaiera. Sinesmen eta errealitate ezberdinek inguratzen zituzten, baina bataren zein bestearen poesiari «‘ni poetiko’ ikaragarria» dario.

Josu Goikoetxeak ekarri du euskarara estatubatuarraren lana, Juan Kruz Igerabidek irlandarrarena. Eta poeta bakoitzak bere beldurrak eta ametsak izan bazituen arren, «naturarekin bat egiteko nahi edo interes horretan» ere topatu dute antzekotasunik. Hortik aurrera, bi mundu dira, bi estilo. «Oso diferenteak eta ikonikoak, nor bere herrialdeko literaturan», esan dute.

Munduko Poesia Kaierak bilduma bi ale hauekin aberastu da, Susa argitaletxeak ostegun honetan aurkeztu baitu Donostian udaberriko uzta. Bada beste nobedaderik, aurrerantzean Isabel Etxeberria Ramirez eta Maialen Berasategi Catalan izango baitira bildumaren editoreak. Hasi berri dioten bideari gogotsu eutsiko diotela esan dute, ilusioz.

Josu Goikoetxea antologia osatzeko itzulpen lanetan murgilduta zebilela, helburu bat zuen:  «Whitmanen lanaren prisma ahalik eta zabalena ematen eta poesia osoaren irudia ematen», adierazi du aurkezpen ekitaldian. Hori hala izanda, poema batzuk, oso onak, kanpoan gelditu direla erantsi du. Beste batzuei, oso onak, lekua egiteko. Aukeraketaren zailtasunak.

Prozesuaz «plazer iturri bat» izan dela aitortu du, itzulpena izan arren «sortze lan hutsetik oso hurbil dagoena, edo gainditzen duena. Izan da etengabeko plazer iturri bat, asko ikasi eta gozatu dut».

«Eta zergatik aukeratu Whitman?», galdegin du.  Gaztetxoa zela, ziur asko Gernikako liburutegian, hartu zuen egilearen obra bat, 1969an Lumen argitaletxe argentinarrak egindakoa. «Orduan ni gazte iragazkorra nintzen dena hartu eta hartu egiten nuen». Borgesek itzulitako poema haiek, antologia hark, «kolpatu» zuen Goikoetxea. «Oroitzen naiz nola sartu zitzaidan barrura, zelai zabalen ametsak, hirietako promesak, eta bestelakoak ere bai, gorputza, sexua… ».

Duela urte gutxi lortu zuen ale hura erostea bigarren eskuko denda batean, eta gerora konturatu zen Goikoetxeak berak 2018an idatzi zuen ‘Zer luzea negu hau’ liburuan badagoela poema bat Whitmanen uretatik edaten duena. «Hura irakurri eta hamabost urtera idatziko nuen poema hori, baina orain konturatu naiz hemendik datorren poema baten ondorio dela poema hori».

Gaztetxo zela irakurri zuen Whitman, eta heldutasunean itzuli da. Begirada, orain, beste bat da. «Atzerantz gehiago begiratzen diogu aurrera baino». Eta onartu duenez, «irakurketa gatazkatsu batzuk baditu Whitemanek», besteak beste arraza aldetik epelkeria leporatu baitiote, zehazki «herri natiboekin eta beltzekin bere poemetan izan zuen jarreragatik. Batzuek ez diote barkatu, besteek bai». Azken horiek jaso dute bere ekarria eta beste buelta bat eman diote. Gizon zuri bizarduna, patriarka baten itxurakoa… bere poesian gizonari eta emakumeari ere idazten dio.

Askok ‘Amerikaren poeta’ deitu zioten. Egileak «amerikar esperimentua goretsi zuen». Itzultzailearen esanetan, gerora ikusi dugun arren zer izan den Amerika hori, «inperialista gerrAzale bat, bere on eta gaitzekin», irakurketa problematiko horiek aise gainditzen dira hau antologia irakurrita. Zeren Whitmanengan topatu dezakezu «zure tonua, zure gaia. Gazteek etorkizuna, pertsona zaharrek heriotza». Eta ohartuko gara ez gaudela alferrik.

Bere poesian «gorputzetik abiatzen den arima ere badago, sexua, homosexualitatea… baditu hainbat alderdi irakurtzeko eta norbere egiteko. Eta ‘ni poetiko’ ausartegi bat, balio izan duena beste ni poetiko batzuk sortzeko». Bertso librea, basatia, askea, kadentzia batekin idatzitakoa.

Irlandako Pizkundea

Willian Butler Yeats berriz Irlandako literaturaren Pizkundearen ordezkari handi bat, adierazi dute. Herrialdeko nazionalismoaren partaide ere izan zen eta ahots kritikoa ere izan zuen, oroitu du Juan Kruz Igerabidek.

Poetikoki, espiritualki zein politikoki inplikazio batzuk agertzen direla esan du, eta ez du ezkutatu poeta erromantikoek pizten dioten interesa.

Itzultzaileak desenkantu bat sentitu du bere poesian, ikuspegi erromantiko handitsuaren galera bat. Eta Yeats, besteak beste, horri buruz ari da. «Eta hortik nora doa? Espiritualtasun unibertsal baten bila. Berak iturri katoliko kristauak oso sakonki hartu zituen, baina horri beste arnas bat ematen dio, eta badoa Ekialdera». Horregatik atzematen dira hinduismoaren zantzuak bere poesian, baita Europako esoterismoaren printzak.

«Yeats-ek egin zuen halako ibilbide bat gero erlijio pertsonal bat osatzeko, guztiaz aspertu zen edo, ez zuen topatu bete-bete egiten zuen ezer. Eta gauza sinple bat aukeratu zuen, bere espiritualtasunaren oinarri zen izadia edo natura batetik, bestetik meditazioa, orientalagoa, eta jakintza, ezagutza».

Hiru ardatzak izan zituen horiek. Ibilbidearen azken garaian, ordea, alde batera utzi baino «goragoxeagotik» begiratu zituen eta topatu zuen «maitasun ikaragarri bat unibertsoan». Maitasun hori izango da, azken batean, irlandarraren erlijioa. «Bizitzan, naturan, kosmosean… maitasunaren indarra ikusten du», esan du.