Entrevista
Luzien Etxezaharreta
Maiatz argitaletxeko eta aldizkariko koordinatzailea

«Euskararen langile bezala ikusten dut nire burua, eta biziki maite dut»

Ipar Euskal Herriko euskarazko literaturan eragile nagusietakoa da Maiatz argitaletxea, eta 1981ean sortu zenetik Luzien Etxezaharreta izan du koordinatzaile. Bihar, Sarako Idazleen Biltzarrean ohorezko saria emanen diote.

Luzien Etxezaharreta.
Luzien Etxezaharreta. (NAIZ)

Euskarazko literatura presente dagoen Ipar Euskal Herriko edozein ekimenetan Maiatz argitaletxea presente da, eta erakusmahaiaren gibelean Luzien Etxezaharreta dago beti, azken berritasunen berri emateko prest, eta lehenagoko obrei buruzko edozein galderari erantzuteko gogotsu. Irakurleekin bezala, idazleen artean ere garai bateko idazle lagunekin batera gazteekin ere literaturaren plazera partekatzen du.

Euskararen aldeko engaiamendua noiz hartu zenuen?

Familia euskaldunekoa naiz. Ikasle Pauera joan nintzen, eta han euskaltzale batzuen topaketa egin nuen, eta uste dut haien sukarra nire nortasunari lotu zitzaiola. Gainera, beti izan dut komunikazioan parte hartzeko gogoa; ‘Herria’ astekarian hasi, eta gero ikasle aldizkari batzuetan aritu nintzen, eta hortik ‘Enbata’-ren inguruko kultur lanetan ibili nintzen. Ondotik egin nuen egonaldi berezi bat, eta hamar urteren buruan Gure Irratiarekin euskal irratigintzan hasi nintzen. Beti izan dut euskararen enbeia hori.

Ez zen euskal ikasketarik garai hartan, salbu Eugene Goienetxek proposatzen zuen “Certificat d’etudes des langues et de civilisations basques” delakoa, eta horretan azterketa hori pasatu nuen, eta nire titulua nuen, lehenagotik nuen fisika eta kimikakoarekin batera. Euskararekiko maitasuna hazi zen eta barruan sartu nintzen. Asko zen ikasteko eta garai hartan bazen euskal literatura berri bat, eta euskaldun primadera sortzen ari zela Hego Euskal Herrian bistan da, baina Ipar Euskal Herrian ere bai, kantagintza eta euskalduntze berri batean, eta beti partaide sentitu naiz. Ondoren, ‘Maiatz’ aldizkaria hor sortu genuen 1981eko abenduan.

Hasieran «Maiatz» aldizkaria sortu zenuten. Nola izan zen?

80ko hamarkada hasieran bazen belaunaldi gazte berri bat, idazten ari zena. Bistan dena Itxaro Borda aipatzen ahal da edo Aurelia Arkotxa, Manex Lanatua, Maddi Pelot, Henriette Aire… eta Eñaut Etxamendi bistan dena; horiek denak elkartu genituen. ‘Maiatz’-en lorpen bat izan bada, horien guztien elkartzea da. Txomin Peillen historikoa bazen ere gure artean, bai eta Piarres Xarriton ere. Pixkanaka gogoa sortu zen eta aldizkaria izan zen aitzakia bat jende horiek biltzeko, kontrajarriak, eta elkarlanerako ez ziren hain errazak. Urteak jin, urteak joan, lortu genuen elkarlana baino gehiago, kultura eta literatura mundu bat, eta 1984. urtean gehitu genuen liburugintza.

Garai horretan aski garesti zen liburuak argitaratzea. Hala ere lortu genuen, eta Itxaro Bordaren lehen liburua izan zen atera genuen lehena, “Bizitza nola badoan”. 40 urteren buruan 200 bat liburu argitaratu ditugu eta 75 aldizkari. Uste dut gai guztiak ukitu ditugula, poesiari leku berezia emanez.

Aldizkariaren lehen alean parte hartu zuten autoreei begiratuta, esan daiteke zuen ibilbidean zehar Ipar Euskal Herriko autore handien parte handi bat bildu duzuela?

Apaltasunez ibili behar da, garai batean uste genuen literatura berriz asmatzen genuela, baina ez da ahaztu behar bazirela gure ondoan beste adin bateko idazleak eta euskaltzale mundua ere. Guk ikusten genuen Ipar Euskal Herriko mundu kontserbadorea zela; Euskal Herria bizigune borrokalaria sentitzen genuen, berritu nahi genuen.

Garai horretan euskara batua eratzen ari zen, eta bazen ere Hego Euskal Herriko literaturaren eragina; elkar ezagutzen genuen eta bereziki Susa literatur elkarte eta argitaletxearekin hartu-eman asko genituen; ezagutzen genituen Atxaga eta Pott bandakoak ere, eta haien ororen eraginarekin ari ginen.

Ez da ahantzi behar garai hartan politika nolakoa zen; Espainia Europan sartzea, Euskal Herriko borroka politikoa, GALen denbora, ETAko errefuxiatuak hemen genituen, bazen ere Frantzian gobernu sozialista, sortu zuena esperantza berri bat. Horrek guztiak bultzada eman zigun eta hortik dator euskal kultura mundu berria, egun ere hor duguna eta beti berritzen dena, egungo arazoekin.

Zer egiten du literaturak? Zein da bere tokia? Nola aipatu behar da? Gure garaian ez ziren arazo berdinak. Gure helburua izan da egokitzea beti euskal kulturaren baitan, literaturan, kantagintzan, antzerkigintzan, poesian, bertsolaritzan; hori gure indarra da, euskal mundu eta euskal nazioaren berezitasuna eta indarra ziren, eta badira oraindik.

Koordinatzailea izan zinen Maiatz sortu zelarik, eta oraindik hor zara. Aldaketa anitz izan dira denbora horretan.

Bai, eta elkarlanak du indarra eman; elkartzea izan da beti indar bat Euskal Herrian, eta horrek ematen digu etorkizunean bizitzeko esperantza handi bat. Nik koordinatzaile lana izan dut, baina koordinatzeko behar dira koordinatuak; bada oinarrizko lan bat euskararen munduan eta literaturan. ‘Maiatz’ aldizkarian jartzen dugun azken hitza da ‘Debile principium meilor Fortuna sequatur’ Bernat Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” liburuko azken hitza. ‘Abiatze ahul bat etorkizun hobe batek jarrai dezan’ erran nahi du. Optimismo erraza da, baina optimismoa irriño batekin aipatzen dugun gauza da.

Idazle anitzen ibilbidea segitu duzu hamarkadetan zehar.

Bai, idazle bakoitzak bere bidea egin du. Ikusten da Itxaro nolakoa den, Ur Apalategi gurekin egon zen, gero unibertsitate lanak hartu du; nork bere gogoaren arabera egiten du. Euskararekin arazoak beti hor ditugu, baina uste dut oldar egingo diogula.

Belaunaldi ezberdinen gurutzaketa bada; belaunaldi gaztea heldu da orain indartsu.

Bai, hori agertzen da. Bertsolaritzan ikusten dugu zelako bihurgune handia izan den. Zaharrek gazteen gauza batzuk ez dituzte maite, eta alderantziz, baina hori biziaren bide normala da.

Badakigu irakurketaren arazoak zeintzuk diren; hezkuntzari eta komunikazioari lotua da. Jendeek bestela irakurtzen dute ere, liburugintza digitalari buruz agian ote den. Ez dut uste beldur handiegia izan behar denik; ahal berriak eskaintzen dira onak direnak, beste batzuk posibleki beldurgarriak, baina literaturak uste dut bide guztiak hartuko dituela eta gero norberak aukera handiak baditu. Gaur egun beharbada hori da berritasuna, duela 40 urterekin alderatuz, eta ahal horiekin beti zerbait berria egiten eta eraikitzen ahalko da.

Zenbat liburu argitaratzen dituzue urtero orain. Lehenagoko kopuruetatik garapena bada?

Bai, garapen handia bada. Erran behar da hasieran baino denbora gehiago badudala orain lan egiteko Maiatzen. Urtean sei- zazpi liburu argitaratzen ditugu. Lehen urteetan bat edo biga egiten ziren; egokitzen dira gure ahal berriekin. Egia da digitalarekin ahal berriak badirela, eta garai batean konplikatua zela liburu baten egitea, eta gaur norberak bere ordenagailuan egiten ahal duela, baina ez da aski liburua egitea, behar da ezagutarazi, banatu, eta maitarazi nolabait. Hori betiko lana eta elkarlana da, autoreak, editoreak, euskaltzaleak biltzen dituena. Hori ikusten da Sarako Biltzarrean; horrelako elkarrekiko onespena bada sorkuntza berriei buruz, eta denetarik bada. Guk, adibidez, aurten poesia, memoria lan batzuk, antzerkia eta historia ditugu. Denetarik dugu.

Idazlea ere bazara, prentsan ari zara, baina liburuak ere argitaratu dituzu.

Bereziki prentsan testu laburren inguruan ibili naiz, idatzian eta irratian. Gero poesia zaletasuna daukat, eta munduaren kontatzeko atsegina. Gertakari batzuk gure memorian sartzen dira, eta sentipen bat ere bada literatura. Kontua da denbora gutxi dudala, eta lan gehiegirekin gauza batzuk baztertzen dituzula. Hala ere, saiatzen naiz, idatzia plazer handia badut eta.

Idazle nonbait banaiz, baina hori baino, nire burua euskaltzale bezala ikusten dut, euskaren langile bezala, izugarri maite dut langile hori izatea. Batzuetan batzuek pentsatzen dute kulturan ari direnak ez direla lan bat egiten ari, baina nik euskararen langile bezala definituko nuke nire burua.

Azken lana 2016an argitaratu zenuen. Beste proiekturen bat baduzu epe laburrera begira?

Ez dut deus bidean, iragan łan batzuk biltzea, baina hori ere behar da haziak bezala utzi, bera da sortzen.

Munduko literatura euskarara ekartzen duzu ere itzulpenaren bitartez.

Itzulpengintza uste dut euskaldun guztiek eta idazle euskaldun guztiek baduten behar bat dela, munduari lotzea, eta maite dituzun gauza horiek euskarara ekartzea. Asko ikasten da itzulpenak eginez, hurbiltzen zara norbaiten gogoetara. Batzuek mugak ikusten dituzte, baina ez da hainbeste mugarik munduko biztanleen artean, eta uste dut itzulpengintzak horren froga eta ziurtapena ematen duela.

Zertan aldatu da euskararen mundua militatzen hasi zinenetik?

Euskararen onespena handitu da eta euskara indartu da. Orain idazten ari direnei beti esaten diet badela biblioteka aberatsa; baditugu gure klasikoak, eta eskuratzen ahal dira, mediatekak aberastu dira, laguntzak badira halabeharrez, egoera oso ona da idazteko.

Batzuetan euskararen etorkizunarekin kezkatua den jendeak beharko luke pentsatu egoera hobean garela, hala ere. Betiko arazoak badiren arren, euskararen komunitatea indartsua da. Eleaniztasunaren munduan sartu gara eta euskarak inoiz baino gehiago badu bere tokia. Garai batean hori ez zen onartua.

Euskal Herri mailan zein harreman duzue literatura munduko beste eragileekin?

Praktikan, aski da Durangoko Azokara joatea. Saran ere ikusiko da mugaz bi aldeetako jendea badela, elkar ulertzen dugula, arazo berdintsuekin garela, eta literatur sorkuntzarako badugula gogo bera.

Noski, batzuetan ikusten da eskas dela, ondoan ditugun frantses eta espainol kulturen indarrarekin. Bidasoaren bi aldeetara bultzatuak gara gauza askorekin, baina euskara gure lotura nagusia da, eta ez da ahantzi behar euskal nazioa euskarak egiten duela. Indartzea, ikastea eta baliatzea da etorkizunerako giltza nagusia.

Nola hartu zenuen saria irabazi duzun berria?

Jean-Michel Garaten telefono deiarekin. Ez ditut sariak maite, baina ez duzu esaten ahal ez duzula estimatzen. Lan baten eta talde lan baten estimua agertzea eta gorestea da, eta gogotik hartzen dut horrela ikusiz.