Jon Ormazabal

Berdindua bezain gogorra dator aurtengo Buruz Buruko txapelketa

Lehen jardunaldiak, besteak beste, bi txapeldunen arteko lehia ekarriko du: Erik Jaka eta Iker Irribarria elkarren aurka ariko dira astelehenean Eibarren. Urrutikoetxea eta Dariok hasiko dute lehia ostiralean Bastidan.

Txapelketan parte hartuko duten pilotariak Txillida Lekun elkartu dira gaur.
Txapelketan parte hartuko duten pilotariak Txillida Lekun elkartu dira gaur. (Jon URBE/FOKU)

Amaitu berri den Binakakoaren bidetik orekatua eta gogorra, oso gogorra, ageri da astelehen honetan Txillida-Lekun aurkeztu duten 2022ko Buruz Buruko txapelketa. Ez da ezustekoa izan, baina txapelketa berrikuntza handi batekin dator lehiaketa sisteman, Lau eta Erdikoan egin ohi dute gisan, final laurdenetan ligaxka bat jokatuko baita.

EPELen sorreratik birritan baino ez da ligaxkarik izan Buruz Burukoan: 2003an, final erdietan eta 2010ean, final laurdenetan. Bietan Aimar Olaizolak lesio larriak izan zituen, bietan Patxi Ruizen aurka, baina bigarren kasuan ezin dakioke errua sistemari egotzi, lehen partidan hartu baitzuen Goizuetakoak min belaunean. Denbora zen enpresak sistema berri hau ezartzeko gogoz zirela baina pandemiak bi urtez atzeratu du erabakia. «Aurten, dagoen maila ikusita, pentsatu dugu oso interesgarria izan daitekeela sistema hau ezartzea, azken urteetan berdintasun ikaragarria dago, aurten txapela janzteko 6 edo 8 hautagai ere baudaude eta oso ligaxka –eta kanporaketak ere–, ikusgarriak gera daitezke», azaldu du Iñaxio Errandoneak.

Zozketak uste hori berretsi du, lehen kanporaketak bi txapeldunen arteko lehia eskaini baitu astelehenerako Eibarren: Jaka vs. Irribarria. Arrazoi desberdinak medio, bi pilotari hauek ezin izan zuten iazko Buruz Burukoa jokatu eta koadroaren azpialdetik hasi beharko dute aurtengo lehia. Txapelketa, dena den ostiralean hasiko da Bastidan, Urrutikoetxea eta Darioren arteko demarekin, larunbatean Lasok eta Peñak Lekeition jokatuko dute eta igandean Ezkurdia eta Agirrek, azkenean Zarautzen, nahiz eta hasiera batean Tolosan jokatuko zela esan.

Final zortzirenak:

Urrutikoetxea vs. Dario (Bastida, apirilak 15)             
Ezkurdia vs. Agirre (Zarautz, apirilak 17)
     - Final laurdenetako ligaxkan, Altuna III.a eta Zabaleta zain

Laso vs. Peña (Lekeitio, apirikak 16)
Jaka vs. Irribarria (Eibar, apirilak 18)
    - Final laurdenetako ligaxkan, Artola eta Rezusta zain.

Erakargarritasuna handia izan daitekeela ulertu badute ere, pilotariek errespetu handiz hartu dute sistema berri honen ezarpena, batez ere eskuetatik asko sufritu dezaketelako. Are gehiago, aurkezpenean Unai Iglesiasek esan bezala, finalerako inolako atzerapenik onartzen ez bada. Historian lehen aldiz, Buruz Buruko finala Iruñean jokatuko da, Nafarroa Arenan, maiatzaren 29an. Halako egoitzak gordetzeak aurreikuspen handia eskatzen dute eta hortik dator atzerapenik ez onartzearena.