NAIZ

Kalean erantzungo dio Araba Bizirik-ek Ertzaintzak «asmo maltzurrez» jarritako salaketari

Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu dio Araba Bizirik plataformako kide bati. «Asmo maltzurrez» egindako salaketa dela diote eta lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute. Maiatzaren 14an Gasteizko kaleak hartuko dituzte, «Lurra defendatuko dugu. Tapia Legeari EZ» lelopean.

Gasteizen astearte honetan Araba Bizirik plataformak egindako agerraldia.
Gasteizen astearte honetan Araba Bizirik plataformak egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Araba Bizirik-ek salatu duenez, Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu dio plataforma horretako kide bati. «Asmo maltzurrez» egindako salaketa dela dio, «gezurretan» oinarrituta.

«Datu faltsuetan oinarrituta dagoen salaketa botere-abusua da, sistema patriarkal eta klasista honi aurre egiten dioten pertsona guztien borroka deslegitimizatzeko asmo argiarekin; politika neoliberalak erabiliz gizarte arrakala handitu baino egiten ez duen sistema», adierazi dute Gasteizen, Justizia Jauregiaren aurrean, egindako agerraldian.

«Gure taldekidea epaitegi honetara hurbildu da, agintariek ingurugiroaren eta lurralde komunalaren defentsan gauzatzen den aktibismoa sozialki isolatzeko eta beldurtzeko asmo argiarekin eraiki duten kontakizuna bertan behera uzteko», gaineratu dute.

Zentzu honetan, mendi ibilaldi bat ezin dela «inorentzat mehatxu» bat izan azpimarratu dute. «Autoritateak horrela ulertzen badu, argi dago sistema honek herritarrak zelatatzea eta mehatxupean edukitzea duela helburu», esan dute maiatzaren 14an kalera aterako direla iragarri baino lehen.

Izan ere, haien esanetan, «Araba Bizirikek lanean jarraituko du beste gizarte eragile batzuekin espazio komunak sortzeko, espoliazio eta txikizio politiketatik libre izango den lurralde baten defentsaren alde borrokatuz».

Manifestazioa arratsaldeko 19.00etan hasiko da, Bilbo Plazatik, «Lurra defendatuko dugu. Tapia Legeari EZ» lelopean. «Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzen dugu, zeinek lurraldearen zaintzaren gainetik, lehentasuna ematen baitio enpresa pribatuen interesen defentsari; era berean, baliabide publikoak erabiltzen ditu interes pribatuen zaintza lehenesteko interes komunalen eta publikoen gainetik», esan dute.