NAIZ

Lakuak errauste plantari eman dion Ingurumen Baimenari helegitea jarriko dio Bergarako Udalak

Bergarako Udalak helegite bat aurkeztuko du Lakuako Gobernuak Valogreene enpresari emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren aurka. Larramendi poligonoko H partzelan paper hondakinetarako erraustegia ezarri nahi du aipatutako enpresak.

Errauste plantaren aurkako kontzentrazio baten argazkia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Errauste plantaren aurkako kontzentrazio baten argazkia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lakuako Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetzaren ebazpena jaso zuen Bergarako Udalak apirilaren 8an. Valogreene enpresak paper hondakinen kudeaketarako bultzatu nahi duen errauste plantari Ingurumen Baimen Bateratua eman diola jasotzen du idatziak eta, azaldu duenez, azaroaren 22an bidalitako alegazioei «ez zaie erantzuten». Horregatik helegitea aurkeztuko duela iragarri du Udalak.

Alegazioetan ohartarazten zuenez, indarrean dagoen Plan Orokorrak ez du jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegituraren erabilera, «eta beraz, ez dago Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta».

Bestetik, hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez dela bateragarria nabarmendu zuen Udalak, «erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala». Eta, halaber, ez du aintzat hartzen Bergarako hiri ordenamenduak dioenari jarraituz emandako kontrako hirigintza bateragarritasun txostena ere.

Izan ere, otsailean Bergarako Udalak arkitekto zerbitzuburuari galdegin zion aztertzeko Valogreene enpresak bultzatu nahi duen erraustegia bateragarria ote den herriko hirigintza planarekin, eta ezetz ondorioztatu zuen txostenak. Aurretik ere esana zuen Udalak proiektua ez dela bateragarria Plan Orokorrarekin.

Lakuaren baimena, herritarren haserrea

Hala ere, Lakuak bidalitako idatziaren arabera, «ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da, eta Ingurumen Baimen Bateratua eman zaio Valogreene Paper BC, S.L.-ri, Bergarako Larramendi industrialdeko H partzelako instalazioan Kalkare materialaren ekoizpenerako».

Aitzitik, 2021eko azaroaren 8an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jarduera «Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen baimen integratua» kontzeptuarekin argitaratu zen.

Aurretik, azaroaren 4an, Bergarako bizilagunak kalera atera ziren errauste plantaren aurka daudela adierazteko. «Osasuna interes ekonomikoen gainetik» eta «Errauskailua, ez hemen ez inon» lelopean egin zuten elkarretaratze jendetsua.