NAIZ

Teo Salamon errugabe jo zuen epaia irmoa da, helegiterik ez baita aurkeztu

2013an Itsasuko etxe baten kontra izan zen erasoa leporatzen zioten Teo Salamoni, baina Parisko Zigor Epaitegiak errugabe jo zuen apirilaren 1ean. Hilaren 12. honetan, helegiterik aurkeztu ez denez, erabakia irmoa da.

Itsasun 2015ean presoak askatzearen aldeko elkarretaratzea.
Itsasun 2015ean presoak askatzearen aldeko elkarretaratzea. (SYLVAIN SENCRISTO)

Teo Salamon errugabetzat jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak apirilaren 1ean eta helegiterik ez denez egon erabakia irmoa dela jakinarazi du Xantiana Cachenaut akusatuaren abokatuak. ‘Euskal Herria ez da Salgai’ kanpainaren baitan 2013an Itsasun gertaturiko eraso baten harira atzeman zuen frantses Poliziak Salamon.

Atxilotua izan eta «terrorismoaren aurkako» erregimenaren zaintzapean egon ondoren, 2015ean auzipetu zuten.

Cachenautek oroitarazi du sei urte baino gehiagoko instrukzioaren ondoren, «froga erabakigarririk egon ez arren, eta defentsak hala eskatu arren magistratu instruktoreak epaitzera bidali zuen, terrorismo kalifikazioa kenduz».

Defentsak hasieratik gezurtatu zuen salaketa hori. Apirilaren 1eko auzi saioan prokuradoreak bi urteko zigorra eskatu zuen, eta defentsak errugabetzea.

2021ko apirilean, instrukzioa amaituta, auzia Parisko Zigor Epaitegiaren esku utzi zuen epaileak. «Guk eginiko eskaerari jarraituz, terrorismoaren kalifikazioa kendu zion aferari, horrendako Teo Salamon Baionan epaitzea galdegin genuen», oroitarazi du Cachenautek.

Fiskalak onartu zuen denbora gehiegi pasatu dela eta gazteak bere bizitza proiektua aurrera atera duela. Hala eta guztiz ere, Salamon zigortzearen alde azaldu zen. Finean, epaileak Salamon errugabetzea erabaki zuen.

Ebazpenak «bereziki luzea eta gogorra izan den auziaren» amaiera ekarri behar lukeela adierazi zuen abokatuak apirilaren 1ean, eta gaurtik goiti horrela da.