NAIZ

Greba deitu dute hilaren 19, 20, 21 eta 22an Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Zentroan

Sindikatuek Greba deitu dute apirilaren 19, 20, 21 eta 22an Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Zentroan langileen soldata «diskriminazioa» salatzeko.

Abenduan Galdakaon egindako protesta baten argazkia.
Abenduan Galdakaon egindako protesta baten argazkia. (Oskar MATXIN | FOKU)

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta Euskadiko Goi-mailako Osasun Teknikarien Batasunak lau eguneko greba deialdiarekin jarraitzea erabaki dute. «Osakidetzaren jarrera immobilista» salatu dute, izan ere, sindikatuen esanetan, «ez du urrats bakar bat ere egin langileen soldata diskriminazioari amaiera emateko».

«Are gehiago, urte honetako apirilaren 1eko mahai sektorialean adierazi ziguten ez zela lehentasunezko gastua Osakidetzarentzat, aurrekontuan ez zegoela aurreikusita eta bertako langileak gutxietsi zituzten, esanez ez dutela arreta espezializaturik ematen, eta hori ez dator bat errealitatearekin; izan ere, langile horiek arreta espezializatua ematen dute sareko beste zentro batzuekin koordinatuta, eta, besteak beste, EAEko ama esnearen bankua kudeatzen dute», azaldu dute ohar batean.

Iaz Osakidetzak «gatazka konpontzeko proposamena» mahai gainean jarri zuela gogoratu dute, baina «proposamen hori hurrengo hilabeteetan aldebakarrez kendu zuen mahai sektorialetik, eta uko egin dio horri buruz denbora guzti honetan hitz egiteari».

Sindikatuen ustez, «gertakari horiek agerian uzten dute Osakidetzak ez duela soldata parekatzea negoziatzeko borondaterik, ez eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen lan baldintzak hobetzeko borondaterik. Osakidetzak kolektibo horrek jasaten duen diskriminazioa betikotzeko duen borondatea, izan ere, TGEZ kolektiboarentzako eskatzen baitugu %4ko osagarriaren ekiparazioa, zentro berean lan egiten duten lankideek jasotzen duten eskubide berarekin».

«Horregatik, sindikatuok dei egiten diogu Osakidetzari negoziatzera eser dadin eta Mahai Sektorialera joan dadin, aspaldidanik Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan dagoen gatazka konpontzeko planteamendu zehatzekin; eta behingoz onar dezan kolektibo osoari %4ko osagarria jasotzeko eskubidea, eta ordain diezaiola», gaineratu dute.