Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Esprintatzeko beharra maratoiaren amaieran

Amorebietak Mirandesen bisita hartuko du ostiralean irabazteko beharrarekin. Zazpi puntutako desabantaila desegin behar du zazpi jardunalditan.

Larrak bere posizioa atzeratuko du Mujikak ohizko sistema berreskuratzen badu Mirandesen aurka, Las Palmasen egindako aldaketaren ondoren.
Larrak bere posizioa atzeratuko du Mujikak ohizko sistema berreskuratzen badu Mirandesen aurka, Las Palmasen egindako aldaketaren ondoren. (Oskar Matxin | Foku)

Denboraldia azken fasean sartu da eta inork ez duenez oraindik bere helburua ziurtatu, taldeek erritmoa mantendu beharko dute edo, kasu askotan, bizkortu. Esprintatu, Amorebietaren kasuan, bere zenbakiak orain arte hain eskasak izan direnez, zazpi puntutako desabantaila desegiteko beharrarekin heldu da Ligako azken zazpi jardunaldietara. Izan ere, azken hamarkadako batez bestekoari jarraituta, bost garaipen eskuratu behar ditu azken txanpa honetan mailari eutsi nahi badio.

Haritz Mujikak berak onartu du tartea txikia duela taldeak. «Partidak joaten ari zaizkigu eta puntuak falta zaizkigu», esan du. Baina Amorebietak zelaia gainean erakusten ari dena azpimarratu du, konfidantzari ateak zabalik mantentzeko. «Joko aldetik oso ondo ari garela uste dut», adierazi du, behar diren puntu guztiak lortzeko nahikoa izaten ari ez den arren. Horretarako, Las Palmasen erakutsitako maila defentsiboari jarraipena eman beharko dio talde bizkaitarrak eta, gainera, eraginkorragoa izan aurkariaren ate aurrean. «Aukerak aprobetxatu behar ditugu. Lauzpabost aukera izan, aurreko partidan bezala, eta golik ez sartu… Garrantzia eman diogu, entrenatzen egon gara eta partidan izango ditugun aukerak aprobetxatzen saiatu behar gara», azpimarratu du Mujikak.

Are gehiago aurrean egongo den taldea zein den kontutan hartuta. Zein den baino, nola dagoen, sasoi bete-betean baitator Mirandes Lezamara. Entrenatzaile gipuzkoarra porrot batekin estreinatu bazen ere, Joseba Etxeberriak Lolo Escobar ordezkatu zuenetik sekulako jauzia eman du talde gorritxoak, zortzi partidatan bost garaipen lortuz eta, ondorioz, beheko estutasunak ahaztuz play-offaren ilusioa usaintzeko. Izan ere, Etxebe aulkira heldu zenean, Mirandes jaitsieratik lau puntutara besterik ez zegoen eta larunbat honetan 15 puntutako aldearekin bisitatuko du Amorebieta.

Ikustear dago nola egingo dion aurre talde zornotzarrak, Mirandeseko futbolaria izandako Mujikak ez baitu pistarik eman. Kanaria Handian erabili zuen sistemarekin, partida galdu arren, taldea eroso sentitu omen zen baina baliteke, oraingoan etxean jokatuko duenez, ohiko marrazkia berreskuratzea. Kasu horretan, Larrak bere posizioa atzeratuko luke, Aldalur aulkira bidaliz, eta Obi hamaikakora itzuliko litzateke Guru puntan laguntzeko. Ez dago deialdirik baina Mujikak asteazkenean azaldu zuenez, Mikel Alvaro eta Aimar ez dira guztiz errekuperatu eta Nolaskoain zalantzan dago, gaixorik egon baita. Zumaiarra ez badago jokatzeko prest, Luengo itzuliko litzateke hamaikakora.

Joseba Etxeberriak, bestetik, Amorebietak «merezi dituen baino puntu gutxiago lortu» dituela adierazi du eta Haritz Mujikak heldu zenetik «bost partidetatik bi besterik» ez dituela galdu gogorarazi du, biak etxetik kanpo (Eibar eta Las Palmas). Norgehiagoka «intentsoa, lehiatuta eta orekatuta» espero du entrenatzaile elgoibartarrak, baina bere taldea bereziki «motibatuta» etorriko dela onartu du ere, garaipena lortuz gero bost talde gaindituko baititu sailkapenean, gutxienez 36. jardunaldi hau osatu arte. Etxebek Oriol Reyen eta Martin Calderonen bajak ditu.

AMOREBIETA
Hasierako hamaikakoa: Santamaria; Larra, Oscar Gil, Markel Lozano, Nolaskoain edo Luengo, Seguin; Javi Ros, San Jose, Iker Bilbao; Obi eta Guru.
Bajak: Mikel Alvaro eta Aimar, lesionatuta.

MIRANDES
Hasierako hamaikakoa: Lizoain; Carreira, Arroyo, Jorge Saenz, Imanol; Meseguer, Alex Lopez; Brugue, Riquelme, Vicente; eta Camello.
Bajak: Oriol Rey eta Martin Calderon, lesionatuta.

Epailea: Galvez Rascon (Madril).
Zelaia: Lezama.
Ordua: 21.00 (Movistar+LaLiga).