Arnaitz Gorriti

Dariok Urrutikoetxea airean eraman du Buruz Buruko Txapelketaren aurreneko jardunaldian

Ezkaraiko pilotariak 0-17ko partzial bati esker erabaki du Bastidako Udal Pilotalekuan jokatu den partida (5-22). Zaratamokoak baino kolpe freskoagoa erakutsi du eta defentsan ere ederki moldatu da behar izan duenean. Final-laurdenetako ligaxkan maila horri eutsiko ote dion ikusi behar da orain.

Dario Gomez pozarren eta Urrutikoetxea burumakur, Bastidako partidaren ostean.
Dario Gomez pozarren eta Urrutikoetxea burumakur, Bastidako partidaren ostean. (Raul BOGAJO / FOKU)

Hasi da, aurrekanporaketen ostean, 2022ko Buruz Buruko Pilota Txapelketa, eta zer da kontua eta aurreneko jardunaldian bertan txapeldun bat kalera. Duela bi urte, harmailetan jenderik ez zela, Dario Gomezek Iker Irribarria final-laurdenetan bota zuen txapelketatik eta bi urte beranduago Mikel Urrutikoetxeari irabazi dio.

Ez irabazi bakarrik, gainetik pasa baino. Tripetatik justu xamar iritsi omen da Bastidako neurketara pilotari bizkaitarra, baina ez da ahuldade fisikoa izan Zaratamokoa etxera bidali duena, Ezkaraikoaren jokoa baino. Azken emaitzak dioena baino neurketa gogorragoa izan da, baina 0-17ko partzial bati esker –2-1 galtzen egotetik 2-18 aurreratu arte– gainetik pasa zaio errioxarra pilotari gorriari.

Ondorioz, Dariok final-laurdenetako ligaxkan lekua egin du. Horrek zera esan nahi du: gutxienez zazpi neurketa jokatuko dituela. Orain arte fisikoki bikain dagoela erakutsi du –baita defentsan ere, baina gehienbat erasoan aritzeko zoria izan du–, baina ikusi egin behar ligaxkan maila hau mantentzeko kapaz izango ote den. Lortuko balu, argi ibili beharko dute bere aurkari guztiek.

Indarrak teknika aurrean darama

Aurreneko tantoa berotzeko modukoa izan da. Kolpez, Dariok Zaratamokoa adina badela erakutsi du, baina ezker boleaz zabalean bere aldera irauli du tantoa pilotari bizkaitarrak, atzean erraz amaitzeko. Hurrengo tantoan, ordea, menpean izan duela, behera joan zaio ezkerrez.

Alabaina, berehala berreskuratu du sakea Urrutikoetxeak, frontoian mugitzeko zernolako erraztasuna duen erakutsiz. Esan bezala, kolpez bizkaitarra ez da Ezkaraiko mutila baino gehiago, eta tantoa luzatu ahala berdindu eta nagusitu ere egin zaio. Bestetik, gorriak aurkaria ezker-eskuin mugitzea erdietsi duenean lanak eta bi eman dizkio Dariori.

Txapelketako aurreneko partida izateko, xehetasun tekniko pila bat ateratzeko aukera eman du neurketak. Esaterako, Urrutikoetxea zein aurrera joan den errestoa airez jotzeko orduan. Dena behar izan du bizkaitarrak, akordatzerako 2-7 aurretik jarri baita Dario, eskuin eskuko kolpean oinarrituriko joko «klasikoa» lagun, sakez aurreneko bi tantoak ere lortuta.

Urrutikoetxeak atsedenaldia eskatu behar izan du, batez ere errestoan nola jarri asmatu ezinik ikusi baitu bere burua errioxarraren sake bortitzen aurrean, are gehiago azken tantoak «errazegi» sartu dizkiolako. Bada, partidako balizko parekotasuna berehala bere alde irauli du Dariok; are gehiago, Urrutikoetxeari aurreko koadroetan pilotak egindako botearekin nahi baino arazo gehiago eman dizkiola aintzat hartuta.

Gezurra badirudi ere, lan erdietara markagailua 2-11 dela iritsi da Dario Gomez. Pilotakada guztiak gozatu ditu errioxarrak eta 2015ean Buruz Buruko Txapeldun izan zen hura tantoa sartzeko zulorik inon ere aurkitu ezinda geratu da.

Aukerarik eman gabe

Atzean Dariok sartu duen beste tanto bati esker, partida aurreneko atsedenaldira 2-12 iritsi da, 0-11ko partziala erdietsi ostean. Markagailua 2-13 dela aukera bat izan du Zaratamokoak bolada txarra behingoan apurtzeko, baina Urrutikoetxearen ezker gantxoa ederki asko igarri du Dariok eta buruz gain pasatzea lortu du. Desespereraturik, etenaldia eskatu behar izan dute Urrutikoetxeak eta bere botilero Pablo Berasaluzek.

Partidako tantorik politena 2-16koa izan da. Hiru alditan horma-bikoa jo dio Dariok eta hirurak eraman ditu Urrutikoetxeak, baina horrez gain, bizkaitarrak ere tantoa amaitzeko pare bat aukera garbi izan ditu eta Dariok, hazita, defentsan ere errekurtsoak badituela erakutsi eta tantoa bere aldera irauli du beste behin. Ezkarai eta inguruetatik ikusle asko eraman ditu Bastidara Dario Gomezek baina Urrutikoetxearen aldekoak ere zutik txaloka amaitu dute.

Inertzia bere alde, tanto errazak eta zailak, guztiak bere alde erortzea erdietsi du Dariok. Bastidako udal pilotarekura partida gogorra ikusi nahi zutenek zeozer ikusi dute, baina ez neurketa parekatua. Atera kontuak, azken atsedenaldira iristerako markagailua 2-18 izan da, ez baitu pilotari urdinak kontzentraziorik galdu.

Halakoren baten, 0-17ko partziala jasan eta gero, egin du Urrutikoetxeak hirugarren tantoa. Beranduegi, noski, baina halakoren baten, tanto hilara bat lortu du. Hori bai, ez txapelak irabazi dituen sasoian bezala, zeinetan bere markagailu iraultzeak mitikoak izan ziren –Lau eta Erdikoan Martinez de Irujoren aurka, kasu–. Beste behin, Dariok defentsan ere moldatzen dela erakutsi dio bizkaitarrari eta 5-19an apurtu du pilotari gorriaren bolada. Handik 22ra zuzenean joan da errioxarra eta Urrutikoetxea, desesperaturik, Darioren azken dejadara abiatu ere ez da egin.

Dariok merezita eraman du partida eta orain, final-laurdenetako ligaxkan, ikusi egin behar bere gorputzak eta eskuek eusten dioten. Halakorik lortuko balu, oraindik ere akaso sustoren bat emango du.

Dario: «Frontoira irribarrez nator»

Fisikoki ikaragarri dagoela erakutsi du Dario Gomezek, eta dagoeneko lau neurketa irabazi ditu, eta beste hiru ditu esperoan final-laurdenetako ligaxkan: Altuna, Zabaleta eta Ezkurdia eta Agirreren arteko garailea. Ezkaraiko mutila pozarren azaldu da bai egin duen partidarekin, baita datorkionarekin ere.

«Hasieratik oso kontzentratuta egon naiz. Banekien Urrutikoetxea tantoa arin amaitzen ahaleginduko zela, ezkerrez batik bat, eta frontoian oso aurrean kokatu naiz orduan. Gero eskuinarekin asko asmatu dut, hasierako zatian batez ere, nahiz eta sakeaz pilota horman sartzea kosta zaidan. Baina piloteoan oso gustura ibili naiz eta oso, oso pozik nago», adierazi du.

«Fisikoki ongi nago eta jokoan nago gainera. Horregatik, frontoira irribarre batekin nator, eta partida amaieran, are eta irribarre handiagoa daukat. Gainera, animatzen etortzen zaizkidanak ere pozarren ikusten ditut. Ezin gehiago eskatu. Hemendik aurrera, aurkari oso zailak izango ditut, baina ikusiko dugu. Ni neu behintzat frontoira irribarrea ezpainetan sartuko naiz», amaitu du. 

Urrutikoetxea: «Lehia gogorragoa emango niola espero nuen»

«Asteazkenetik gaur arte gastroenteritisa izan dut eta beherakoarekin eta ibili naiz», aipatu du Mikel Urrutikoetxeak, baina ez dio aitzakia larregirik ipini partidako emaitzari.

«Hasieratik gehiago izan da Dario. Hobeto jokatu du eta ni tanto askotan hutsik geratu naiz, batez ere tantoa luzatzen zenean. Ez nintzen gustora aurkitzen eta horrela joan da», onartu du Zaratamokoak.

«Banekien tantoak luzatuz gero gaizki pasako nuela, gastroenteritis bat dela-eta nahiko justu egon naizelako. Meriturik kendu gabe Dariori, banekien partida gogorra izango zela, baina lehia gogorragoa emango niola espero nuen», adierazi du, penatan, Urrutikoetxeak.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 255

Iraupena: 51:22 minutu.

Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-18, 3-18, 5-18, 5-19, 5-22.

Sakeak: Urrutikoetxeak 0 eta Dariok 5.

Tantoak: Urrutikoetxeak 4 eta Dariok 11.

Hutsegiteak: Urrutikoetxeak 6 eta Dariok 1.

Gorabeherak: Sarrera ona Bastidako Udal Pilotalekuan, batez ere Errioxatik etorritako jende askorekin. Dirua estu Urrutikoetxearen alde. Aurreneko sakea, gorri.

Promozio Txapelketa

Urrutikoetxeak eta Dariok jokatu duten partidaren aurretik, Promozio Txapelketako dema jokatu dute Larrazabal eta Alberdi II.ak. Final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu dute, aurreneko jardunaldian galdu ostean. Pilotari azpeitiarrak Larrazabal nahieran erabili du eta 9-22 nagusitu da.

Larrazabalek Zabalaren aurka eta Alberdi II.ak Egiguren herrikidearen aurka jokatuko dute ligaxkako azken jardunaldian.