Naiz

2015ean Parisen atentatuen biktima guztiei barkamena eskatu die Salah Abdeslamek

2015eko azaroaren 13an Parisen erasoak egin zituen komando yihadistaren baitan bizirik atera zen kide bakarrak, Salah Abdeslamek, barkamena eskatu zuen eta biktimen senitartekoei bera gorroto dezaten eskatu zien, baina «neurrian».

Jihadisten komando-kidearen marrazkia epaileen aurreko galdeketan.
Jihadisten komando-kidearen marrazkia epaileen aurreko galdeketan. (Benoit PEYRUCQ | AFP)

«Biktima guztiei doluminak eta barkamen eskaera eskeintzen dizkiet (…) Gorrotoak jarraituko duela ondo dakit. Baina gaur neurrian gorroto nazaten eskatzen diet», azaldu zuen itxuraz etsita eta negar malko bakan bat zeriola Salah Abdeslamek auzitegiaren aurrean..

Atzo ostiralean amaitutzat eman zuten bere galdeketa epaileek. Abdeslam gau hartan hainbat atentatu egin zituen komando yihadistan bizirik atera zen bakarra da.

Berak onartu duenez, gainean zeraman lehergailuz jositako gerrikoa Pariseko 18 barrutiko taberna baten lehertarazi eta bere buruaz beste egiteko asmoa zuela onartu zuen, izugarrizko sarraskia eraginez.

Beti ere bere hitzetan, tabernan bera bezalako gazteak erahilko zituela ikustean damutu eta atzera egin omen zuen.  

«Azaroaren 13ko historia biktimen odolarekin idatzi zen eta ni historia horren parte naiz, nahi ta nahiez», onartu zuen.

«Besteena ordaintzeko» prest ez

Hala ere, berak ez zuela inor erahil gogoratu zuen eta, nahiz eta gertatzen ari zaiona merezi duela onartu, Bataclaneko diskotekan eta Frantziako Estadioan dozenaka pertsona erahil zituztenengatik ordaintzeko prest ez dagoela gaineratu zuen.

Estatu frantsesak bere historian ezagutu duen atentatu-sortarik odoltsuena da 2015eko azaroarena. 130 pertsona erahil zituen komandoak Bataclanen, Frantziako Estadioan eta hiriburuko hainbat kale eta tabernatan.

Epaiketaren sententzia maaiatzerako espero da. Bitartean, orduan Estatuko goi agintariei deitu zaie, tartean François Hollande presidente ohiari, Bernard Cazenevue Barne ministroa zenari eta Francois Molins, orduko Pariseko fiskalari.