Aberri Egunaren bezperan, Urruñako Herritxo Etxean bildurik ageri dira EAJ, PNB, EH Bildu, EH Bai, Podemos-Ahal Dugu, EA, ELA eta LAB. Ehun, diasporako kideak, kulturgileak... Euskal Herria Batera ekimenaren deialdiari jarraiki. Mezu bateratua zabaldu da bertan, Abadiako Adierazpenaren bitartez. Honela amaitzen da testua, Ines Osinagak eta Ximun Fuchesek irakurritako mezua: «Goretsi dezagun batera egiteko gai garena. Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte».
Filipe Aramendi Urruñako alkateak egin du harrera. Ordezkari politikoen batera, euskal kultura eta gizarte osoaren aurpegi ezagunak agertu dira ekitaldira edo bat egin dute Bateraren ekimen honekin: Udalbiltza, Kontseilua, AEK edota Seaska kideak, Ines Osinaga, Pantxika Urruty, Gotzon Barandiaran, Josu Camara, Jon Sarasua, Gaizka Aranguren, Jose Mari Esparza, Ximun eta Manex Fuch. Irkus eta Gurutz Robles, Camino Saiz eta Tasio Etayo. Joseba Aurkenerena...
«Berezia da guretzat Batera-ren ekitaldia, Aberri Egunaren bezperan, Urruñan, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren toki berean. Euskal berpizkunde kulturala ekarri zuten Lore Jokoek. Hizkuntzak eta kulturak komunitatearen indartze integratzailean egindako ekarpenaren balioa aitortzeko ekitaldia izango da», azaldu dute.
Hurrengo 24 orduetan mundu osoan euskal komunitateari dei egiten dio Euskal Herria Baterak, eguna elkarrekin ospatzeko eta euskal ikurrak erakusteko. Eta hiru kantu, hiru ereserki, proposatzen dituzte honetarako: “Ikusi mendizaleak” diasporaren eskutik, “Txoriak Txori” Amaiurren bertako abesbatzarekin mendeurrenagatik eta “Gernikako Arbola” musikari ezagunekin.
Adierazpena
Abadiako Adierazpenari dagokionez, euskara eta kulturaren garrantzia goraipatzen du, «nazio berpiztea» bultzatzen aldera, zenbait aipamen historikorekin batera.
«Lur honetan gaude eta herri hau eraikitzen ari gara, baina ez gara betikoak ezta betirakoak: “Gu mundukoak gara, baina mundua, ez da gurea”. Behinola nonbaitetik iritsi ziren asaba migratzaileen ondorengoak gara, beste nonbaitetik datozen migratzaileak bertokotzat hartzen dituen herria. Bizitzeko eta izateko ederra delako kantatu diote poetek herri honi: “Oi ama Eskual-Herri goxua. Zütatik hürrün ni trixterik banua”. “Herrialde guztietan, Toki onak badira, baina bihotzak dio: zoaz Euskal Herrira”. Behinola migratzaile izandakoa bertoko nahi dugu. “Zeruko nahiz lurreko jaungoiko guztiak ukatzen” dituzten emakumez osatutako sarea gara, “a, e, i, o, u berri bat ahoskatu” nahi duena, bihar jaioko direnen alde. Atzo herri hau amestu zutenei eta bihar jaioko direnei zor baitiegu jendarte justu eta librea, zoriontsu izatea merezi duten gorputzez osatutakoa».
«Mundua kultura bati atxikita irudikatzen duen jendea gara, historia bat duena eta izan nahi duena, jaso duen Historia orainetik etorkizunera herri ikuspegitik sortuko duena. XIX. mendean, hemen, Urruñan antolatu zituzten Lore Jokoetan zazpi euskal herrietako populuari batera bizitzeko egin zioten dei hura eguneratzera gatoz. Orduan bezala kultura balioan ezarri nahi dugu gaurkoan, Abadiako Adierazpen honetan. Kultura tresna eta orubea baita euskal nazioa birsortzeko. Kultura ezinbesteko baliabidea baita komunitatea bateratzeko eta jendartean zoriona ereiteko. Kulturak, gure aniztasunean batzen gaituenean, munduak ikus gaitzan eta munduan herri bat izan gaitezen lortzen du», dio adierazpenak jarraian.
«Hizkuntzak egiten gaitu pertsona. Kulturak herri. “Kulturarik gabe ez dago herririk, Ez dago kulturarik gabeko herririk”. Abadian ikusi bezala, ekimen herrigile ugari abiatu dira gure herrian mende hauetan zehar. Euskal Herriaren balioa batera sortzeko duen gaitasuna da», eransten du.
Gaurko egunari helduta, «mundua abiada bizian okerrerako aldarazten ari diren gertakariei denok batera aurre egiteko dei egitera gatoz. Ez dugu denbora geratu nahi; denborak mundua ez galtzea nahi dugu. Elkarrekin bizitzeko modu hau eraldatuko duen esteka klikatu nahi duen jendea bildu gara hemen. Mehatxua, jazarpena, eta intolerantzia pertsonez osatutako galbahearekin arbuiatuko dituen jendea».
Euskal Herria Batera «2020ko Aberri Egun berezian sortu zen, pandemiaren unerik beltzenean -gogoratzen dute jarraian–. Globalizazioaren arriskuei aurre egiteko komunitarismoa indartu behar dela uste genuelako. Lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak direlako tresnarik egokienak pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Bide horretan ekarpen bat egin nahi izan dugu, Aberri Egunetan jendarte zibilari lema hartzeko eskatuz leihoetan eta plazetan bildu ginen, Euskal Herria bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatuz. Batera egiteko gaitasunaren emaitza gara gu, batera aritzean indarrak bikoizten ditugulako».
«Abadiaren itzalpean Urruñako udaletxera gonbidatu zaituztegu, zuokin asmo bat partekatzeko. Anbizioaren eta konpromisoaren garaia da. Ikurren udaberria sustatu dugu aurten, nazio gogoaren berpizteak kulturaren udaberriari bide eman diezaion hurrengo urteotan», aipatzen du adierazpenak.
Honela bukatzen du: «Euskal Herria Baterak ez du bere horretan iraun nahi, sor xedeari lotzen gatzaizkio. Konpromisoa hartzen dugu euskal jendarteak bere egin dezan Aberri Egunaren ospakizuna, herrigintzan batera jarduteko gogoa piztuz. Azken finean gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa. Goretsi dezagun batera egiteko gai garena. Korapilatu gaitezen elkarri, askatuko gaituzten loturak adostu arte».