Bikaintasuna eta osasuna uztartu hilekoa ezagutuz
Goi mailako kirolariek bikaintasuna dute helburu. Prestakuntzan ezaugarri fisikoak kontuan hartu behar diren moduan, hilekoaren ezaugarriek ere zeresana daukate, zikloak aintzat hartu behar baitira kirolariaren bertsiorik onena eta osasuna uztartzeko.
Emakumeen gorputzaren fisiologia oraindik ere guztiz aztertu gabe dago gaur egun. 90eko hamarkadan eman zuten ezagutzera klitoriaren anatomia osoa, pentsa! Hori horrela izanik, pentsa zenbat lan dagoen egiteke goi mailako emakume kirolarien osasuna bermatzeko. Emakumeen ezaugarri bereizgarrietako bat, hilero atea jotzen duena, da hilekoa eta gorputzean aldaketak ekartzen ditu, oso kontuan hartu behar direnak: «Hilekoaren ziklo bakoitzean zein ezaugarri fisiko dagoen indartsuago eta zein ahulago jakiteko oraindik ere ikerketak egiteke daude, baina nik uste dut etorkizun batean izango ditugula».
Victoria Ponsen hitzak dira, Sant Cugateko Errendimendu Altuko Zentroko fisiologia eta nutrizio departamentuko medikua da bera. Aurreko lotailu gurutzatua hausteko 4-6 aldiz aukera gehiago dituzte emakumeek zenbait adituren eta ikerketaren arabera eta, besteak beste, hilerokoa arrisku faktore bat izan daiteke, baina ez bakarra. Ramon Cugat traumatologoak, adibidez, “Ara” hedabideko artikulu batean honakoa zehaztu zuen: «emakumeen pelbisa zabalagoa da eta goialdean, femurra urrunago dago. Hankek X forma dute, alegia, eta belauna barnealderago dago». Belauna zenbat eta barnealderago, lotailua hausteko arrisku handiagoa.
Ponsek ezin du ziurtatu hilerokoaren ziklo batean edo bestean min hartzeko arrisku handiagoa dagoenik, «baina noski, inflamazio bat gertatzen da hilerokoaren aurreko egunetan eta horrek ez dakar ezer onik». Hala, hilerokoak hezurren ezaugarrietan daukan eragina nabarmendu nahi izan du: «Hipotalamo eta hipofisio blokeo bat ematen bada entrenamenduko kargengatik, grasa portzentaje murritza eta pisu gutxi daukalako, eta amenorrea izatera iristen bada, hezurrak zaurgarriago izango ditut eta, horrenbestez, dieta begiratu beharko da».
Amenorrea hilerokoaren sei ziklo falta direnean ematen da eta Sant Cugateko Errendimendu Altuko Zentroan galdetutako 93 kirolarietatik %2,15ek izan du noiz edo noiz horrelako egoeraren bat. Zikloren bat desagertzea, bestalde, %35ak pairatu izan dute eta mina edo molestia egoeraren bat, %80k.
«Guk zortea daukagu, errendimendu altuko zentroan egiten dugunez lan, kirolari guztien zikloak eta gorabeherak monitorizatuta baititugu», dio mediku katalanak NAIZen deia jasotzean. Izan ere, datuak pilatzearena metodologia aitzindaria da oraindik ere. Euskal Herrian, Basque Team aurten hasi da kirolarien zikloen ezaugarriak ezagutzeko inkestak egiten. Bartzelona futbol taldean ere egiten dute, baina aurten lau jokalarik izan dute belauneko lesioren bat. Sant Cugaten aspalditik dabiltza auzia jorratzen: «Aplikazio baten bitartez, kirolariek ezaugarri ugari zehaztu ditzakete, aldaketa txikienak ere bai: pisutsu sentitzen diren, zerbait gozoa jateko gogoa duten, animoz baxu dauden, odol jarioa zenbatekoa den... Horrela, noski, beraiek ere beraien buruak ezagutzen doaz. Eta hori oso interesgarria da. Norberaren buruaren gaineko ezagutza oro oso aberatsa da, baita txapelketa batean zer egin jakiteko ere».
Ponsek zehaztu bezala, bikaintasuna lortzeko bidean, bakoitzaren ezaugarri fisikoen arabera programatzen dira ariketak, «eta ez emakume izateagatik jasan ditzaketen hormona aldaketak kontuan izanda, horiek are garrantzitsuagoak direnean fisiologian». Badaude hilerokoa ondo daramaten kirolariak –«atletismoko marka on batzuk hilerokoaren bigarren eta hirugarren egunean lortutakoak dira»– eta badaude ondoeza jasaten dutenak; azken horiek, baina, «isilean daramate egoera» eta, Ponsen ustez, funtsezkoa da jarraipen kliniko eta ginekologikoa egitea, badagoelako zaintzeko modu bat. Nutrizioari erreparatzen dio: kaltzioa, magnesioa, manganesioa, omega 3a, D bitamina bermatzea, besteak beste. Densitometria batekin hezur-ehuna nola dagoen ere azter daiteke, «aldaketaren bat jasaten egon daitekeelako».
Kirolarien triada
Hilerokoak mina eta ezinegona sortzen badu ere, beharrezkoa da. «Beste kontu bat da kirolari bat hilerokoa duenean ohetik ezin altxatu egotea eta justu Olinpiar Jokoekin kointziditzeagatik zikloak mugitzea planteatzea, baina hori oso gutxitan egiten da», zehaztu du Ponsek. Dena dela, «ez da arraroa halako hitzordu garrantzitsuetan hilekoa desagertzea. Izan ere, kirol ekitaldi horietarako kirolariek ahalik eta indartsuen egotea bilatzen dute, grasa gutxituz, eta, bestalde, estresagatik blokeo hipotalamo eta hipofisio bat ere egon daiteke». Horrelako egoeraren bat Sant Cugateko Errendimendu Altuko zentroko 93 kirolarietatik %40k jasan dute noizbait.
Hitzordu garrantzitsu hori bukatzean, ohikoena hilerokoa berriro itzultzea da, baina horrela gertatu ezean eta egoerak denboran irauten badu, medikuarengana joan behar da «ikusteko zergatik gertatzen den: kisteengatik, estresa, pisua jaisteagatik...». Izan ere, betiere, kirolarien triada saihestu behar da. Triadak hiru gaixotasun medikuri egiten dio erreferentzia: energia gutxitzea, hilekoaren arazoak eta hezur ahuldura. Hezurraren ahulezia horrek denboran jarraitzen badu, etorkizunean arazo handiak ekar ditzake. Ponsek azaldu du hezur minerala 30-35 urtera arte kapitalizatu daitekeela: «Arazo larria izan daiteke 35 urtera osteopomia batekin iristea».
Hilerokoaren zikloaren araberako entrenamenduak
AEBetako selekzioak Estatu frantsesean jokatutako Munduko Txapelketa irabazi zuen 2019an. Megan Rapinoe jokalaria mundu mailako figura bilakatu zen –zelaian egindakoagatik eta hortik kanpo egin zituen aldarrikapenengatik–, eta horrek Urrezko Baloia irabaztera eraman zuen. Baina, bi kontu horiez gain, selekzio estatubatuarrak erabilitako metodologia aitzindaria izan zen benetako protagonista. Jokalari bakoitzaren hilekoa monitorizatu eta bakoitzaren datuak pilatuta, lan saioak horren arabera antolatu zituzten. Dawn Scott prestatzaile fisikoaren bitartez egin zuten lan hori, 2016an hasi eta 2018an buru-belarri jarrita. FitrWoman aplikazioa erabiltzen hasi ziren estatubatuarrak –hilekoaren zikloen arabera elikadura eta lan saioak aholkatzen dituen lehen aplikazioa–, eta bertan lanean zebilen Georgie Bruinvels medikuaren zerbitzuak ere kontratatu zituzten.
Ildo horretan, Emma Hayes Chelsea taldeko teknikariak azaldu zuenez, «emakumeak gizon txikiak balira bezala tratatzen dituen industria batean» lan egiten zuela konturatu zen 2016an. Izan ere, FA Cup txapelketa galdu ostean ohartu zen talde erdia hilekoarekin zela. Horren eragina neurtzea interesgarria iruditu eta, 2020an, lan saioak zikloen arabera moldatzen zituen lehen taldea bilakatu zen Chelsea, AEBetako selekzioa eredu hartu eta FitrWoman aplikazioa erabiltzen hasita.