NAIZ

Bost zauritu Torontoko meskita baten aurkako erasoan

Bost pertsona zauritu dira Torontoko meskita baten aurkako eraso batean. Polizia lanean ari da erasotzaileak identifikatzeko, eta oraingoz ezin izan du baieztatu arrazoi erlijiosoengatik egindako erasoa izan ote den.

Torontoko Polizia gertatutakoa ikertzen ari da.
Torontoko Polizia gertatutakoa ikertzen ari da. (Christofer KATSAROV | ZUMA PRESS/EP)

Gutxienez bost pertsona zauritu dira balaz Torontoko meskita baten aurkako eraso batean. Poliziak adierazi duenez, erasoa ostiraletik larunbaterako gauean izan zen.

Gauerdiko otoitzak amaitu ondoren, ezezagunek tiro egin zuten aparkaleku batean bilduta zeuden hainbat pertsonen aurka martxan zegoen ibilgailu batetik. Musulmanak ziren bildutakoak eta erabakitzen ari ziren nora joango ziren jatera tirokatu zituztenean.

«Zoritxarrez, bost pertsonak jaso zuten balen inpaktua, eta uste dugu Markham kaletik martxan zegoen ibilgailu batetik jaurti zituztela», azaldu du David Rydzik sarjentuak prentsaurrekoan, CTV Kanadako telebista kateak jaso duenez.

Lau pertsona ospitalera eraman zituzten berehala, zauri larriekin, baina haien bizitza ez dago arriskuan, Poliziak jakitera eman duenez. Bosgarren biktima bat bere kabuz joan zen ospitale batera. 28 eta 35 urte bitarteko pertsonak dira zaurituak, eta dagoeneko hiruk alta jaso dute, Rydzikek azaldu duenez.

Polizia lanean ari da erasotzaileak identifikatzeko, eta oraingoz ezin izan du baieztatu arrazoi erlijiosoengatik egindako erasoa izan ote den. Hala ere, gorroto-delituak ikertzen dituzten poliziak parte hartzen ari dira ikerketan.

«Oso haserre eta kezkatuta nago», adierazi du Nadeem Sheikh Scarborougheko Musulmanen Elkarteko bozeramaileak. «Agintariei eta Poliziari eskatzen diegu beharrezko baliabideak erabil ditzatela erasotzaileak atxilotzeko eta indarkeriarekin amaitzeko», gaineratu du.