Arnaitz Gorriti

Kanaria Handiaren kantxa madarikatua da oraindik Surne Bilbao Basketentzat (88-86)

Azken 20 segunduetan partida irauli edo luzapena behartzeko aukera galdu dute bizkaitarrek, ez baitira jaurtitzeko gai izan. Baloi larregi galdu dituzte Mumbrurenek eta hirukoei eta Goudelocken 26 puntuei esker bigarren zatian aurretik ibili badira ere, ezin izan dute hamalaugarren garaipena lortu.

Dylan Ennisek erabaki du Kanaria Handiaren alde Bilbao Basketen zorigaitzerako.
Dylan Ennisek erabaki du Kanaria Handiaren alde Bilbao Basketen zorigaitzerako. (A. ARRIZABALAGA / ACB PHOTO)

KANARIA HANDIA 88 - SURNE BILBAO BASKET 86

Kanaria Handiaren kantxa madarikatua da Bilbao Basketentzat. Domeka honetan irabazteko aukera bikaina izan du, borroka eta lana beltz egin eta gero. Azken 20 segunduetan garaipena lortu edo gutxienez luzapenera joateko aukera izan dute Alex Mumbrurenek, ezustean Dylan Ennis kanadiarrak bi jaurtiketa libre huts egin ostean. Baina bizkaitarrak ez dira saskira jaurtitzeko gai izan.

Baloia Andrew Goudelocki iritsi zaio –aukera bikaina, 26 puntu lortu baititu estatubatuarrak– baina Kanaria handiko bi defendatzaile gainera joan zaizkio eta alboko marraren kontra preso harrapatu. Goudelockek nahitaez pasea bilatu behar izan du, baina etxekoen Andrew Albicy antolatzailea bizkorrago ibili da bilbotarrak baino eta berak eraman du baloia eta, azken orduan, baita kanariarren garaipena ere.

Porrot honen ostean ACB Ligako Top 8ko postuetara hurbiltzeko aukera bikaina galdu dute bizkaitarrek, eta bestetik, Saski Baskoniaren aurkari zuzena den Kanaria Handia hauspotu dute. Zernahi gertatu ahal izan da partidaren azken une horietan, baina euskal taldeari dena atzekoz aurrera atera zaio partida erabakitzeko orduan.

Galdutako baloiak, porrotaren gakoa

Kontrakarrean aritzea egokitu zaio talde bilbotarrari hamarretik zortzitan, neurri handi baten behar baino baloi gehiago oso erraz galdu dituelako –zortzi aurreneko erdian; 19 orotara–, pase errazetan kale eginez. Baina hirukoei esker eusten asmatu du, eta hori gutxi ez bada, saskiratzaile bat baino gehiagori esker. Esaterako, Goudelockek bere aurreneko lau hirukoak hutsik egin gabe sartu ditu, eta osterantzean Damien Inglis edo Ludde Hakanson izan dira urrutitik asmatu dutenak.

Hala ere, hirukoei esker markagailua eustea baino gehiago ezin izan dute erdietsi bizkaitarrek, uztaipean Kanaria Handia nagusi izan baita. Berdin saskiratze errazak lortzeko sasoian –Surna, Pustovyi eta Brussino behar baino libreago azaldu dira sarritan uztaipetik–, edota beltzezko gizonei faltak ateratzako. Zorionez, oreka nonbaitetik etorri beharko, hirukoetan ez dira finegi aritu Porfi Fisacen gizonak.

Batzuen akatsak edo besteen saskiratzeak gora behera, partida boladaka joan da eta alde handirik gabe, bataren zein bestearentzat. Gehienetan etxekoak joan dira aurretik, baina ez dute sei puntu baino gehiagoko abantailarik atera, eta hala egin duten apurretan, Alex Mumbruren hutsarteak ongi atera dira. «Jaurtiketa onak egiten jarraitzen badugu, partidan egongo gara. Egon lasai eta itxi defentsako errebotea!», bota die Badalonako entrenatzaileak bere gizonei hutsarte pare baten. Defentsan, dena dela, bilbotarrak ez dira finegi aritu eta behar baino aukera gehiago eman dizkiote Kanaria Handiari. Azken orduko hirukoekin –atsedenaldia baino lehen Hakansonek sartu duena, kasu– aurrez egindako hankasartzeak itxuratu badituzte ere, aurreneko erdian 10 hiruko saskiratzea ez da nahikoa izan bizkaitarrentzat markagailuan aldageletara aurretik joateko: 47-46.

Defentsan hobeto eta markagailuan aurretik

Lehenengo erdian baino zorrotzagoa izan da bilbotarren defentsa atsedenalditik bueltan. Kanaria Handiko jokalariek epaileei protestaka denbora galdu duten bitartean, bizkaitarrek beren eginbeharra finago betetzeari ekin diote. Aspaldiko partez, hiruko saskiratzeak ez ezik, uztaipetik ere pare bat bider asmatu dute eta Goudelocken enegarren hirukoaren ondotik, 54-59 aurreratu dira, 0-8ko partziala lortuta, Porfi Fisacen hutsartea behartuz.

Aspaldiko partez, neurketaren ekimena bilbotarrek hartu dute, eta Kanaria Handiaren errekurtso bakarra Dylan Ennis eta John Shurnaren banakako jokaldiak izan dira. Aldiz, Bilbao Basketen aldetik Goudelock saskira begira oso fin eta gozo aritzeaz gain, errebotea koltrolpean hartu du eta bigarren aukerei esker zazpi puntuko aldetxoa ere zabaldu du. Azken unean, hala ere, Kenny Cheryk jaurtiketa libreen marratik neurketa markagailua 65-70 dela laga du.

Belarrondokoak ezker-eskubi

Protestek ez dutela balio ikusi ondoren, Kanaria Handiak ere defentsa asko gogortu du. Larregi, egia esan, eta falta bat baino gehiago adierazteke laga dituzte epaileek. Horrez gain, AJ Slaughter eta Kenny Chery piztu dira etxekoen aldetik azken laurden honetan. Ondorioz, markagailua 74-73 irauli dute laurdenaren aurreneko minutuetan.

Azken segunduetara iritsi arte orain bata orain bestea aurretik ibili dira uneoro. Goudelockek hirukoa sartu duela? «Bi gehi batekoa» AJ Slaughterrek. Jeff Withey-k saskia birrindu duela? Kenny Cheryren hirukoa. Minutu baten faltan, markagailua 86na.

Jaurtiketa libreen marratik erabaki da dena azkenean. Dylan Ennisek bi aukera izan ditu azken segunduetan, eta lehenengoan asmatu badu, bigarrenean kale egin du. Alabaina, Bilbao Basketek ez du aprobetxatzen jakin. 88-86 dela markagailua, berdintzeko bi aukera izan ditu talde bilbotarrak, baina aurrenekoan Hakansonek erabaki txarra hartu du eta jaurtiketa behartuegia hutsegin du. Bigarrenean, Goudelocken pasea Albicyk moztu du, eta ezin ez Kanaria Handiko madarikazioa hautsi, ezta aurreneko zortzi postuetara hurbildu ere, merezimenduak egin arren.

PARTIDAKO FITXA

Kanaria Handia: Albicy (5), Ennis (16), Brussino (10), Shurna (16) eta Pustovyi (8) –hasierako bostekoa–, Khalifa Diop (4), Chery (6), AJ Slaughter (15), Salvo (6) eta Balcerowski (2).

Bilbao Basket: Rafa Luz (5), Goudelock (26), Masiulis (5), Delgado (5) eta Walker –hasierako bostekoa– Alex Reyes (2), Inglis (14), Rousselle (5), Withey (10), Hakanson (14), Rigo eta Peno.

Partzialak: 23-23, 24-23, 18-24, 23-16.

Epaileak: Jimenez, Caballero eta Baez. Brussino etxeko jokalariari teknika adierazi diote. Bost pertsonalekin, Damien Inglis egotzi dute.

Gorabeherak: Gran Canaria Arena pabilioian jokatutako partida, 5.000 ikusleren aurrean. Bilbao Basketeko David Walkerrek eskuan min hartu du, baina kantxara itzuli ahal izan du.