NAIZ

Covid-ari buruzko bigarren goi-bilera antolatu dute, txertaketa mundu osora zabaltzeko

Covid-19aren aurkako txertaketa bizkortzeko eta osasunari lotutako etorkizuneko mehatxuen aurrean erantzunak planifikatzeko munduko goi-bilera maiatzaren 12an izango da, Etxe Zuriak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Familia bat dosia jartzeko zain, Johanesburgon.
Familia bat dosia jartzeko zain, Johanesburgon. (Luca SOLA | AFP)

Datorren maiatzaren 12an covid-ari buruzko munduko bigarren goi-bilera egingo da, berriro birtuala izango dena eta pandemiaren egoera eta etorkizuneko osasun-mehatxuei nola aurre egin aztertuko duena.

Komunikatu bateratu batean, Ameriketako Estatu Batuek –2021eko irailean egindako lehen goi-bileraren sustatzaile gisa–, G20ak, G7ak, Karibeko Komunitateak eta Afrikako Batasunak goi-bilera berri honetan parte hartzeko eskatu diete munduko lider guztiei, baita sektore pribatuko ordezkariei eta gobernuz kanpoko erakundeei ere.

Helburua da «mundua txertatzea, bizitzak salbatzea eta guztiontzat eta mundu osoan osasun segurtasun hobea eraikitzea», azaldu du Etxe Zuriak zabaldutako komunikatu batean.

Lehen gailurrean, 2021eko irailean, adostutako konpromisoen inguruan antolatuko da; besteak beste, txertoak erraztea, testak eta tratamenduak garatzea, batez ere arrisku handiko biztanleei zuzenduta, osasun-sektorea eta bertako langileak babestea eta mehatxu edo pandemia berriei aurre egiteko finantzaketa bermatzea.

«Omicron bezalako aldaera berrien larrialdiak eta hedapenak mundu osoan covid-19a kontrolatzeko estrategia baten beharra indartu dute», gogorarazi dute komunikatuaren sinatzaileek.

Gaineratu dutenez, «elkarrekin» covid-19aren inpaktua «arindu» daiteke, eta arrisku handienean daudenak babestu, txertoekin, testekin, tratamenduekin eta osasun-zerbitzuetan inpaktua minimizatuko duten ekintzekin.

«Badakigu orain behar den gaitasun globala eraiki, mantendu eta finantzatzeko prestatu behar garela, ez bakarrik sortzen diren covid-19aren aldaeretarako, baita etorkizuneko krisietarako ere», gehitu dute sinatzaileek.