NAIZ

Guterresek lau eguneko su-etena eskatu die Errusia eta Ukrainari, zibilak ebakuatzeko

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak lau eguneko su-etena eskatu die Errusia eta Ukrainari, apirilaren 21etik 24ra, ortodoxoen Pazkoko ospakizunarekin batera. Gerrak gehien gaztigatutako hirietatik zibilak ebakuatzeko eta laguntza humanitarioa helarazteko baliatu nahi du menia.

Antonio Guterres, Nazio Batuen egoitzan, New Yorken, astearte honetan.
Antonio Guterres, Nazio Batuen egoitzan, New Yorken, astearte honetan. (Michael M. SANTIAGO | AFP)

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak lau eguneko su-etena ezartzeko eskatu die Errusia eta Ukrainako gobernuei. Apirilaren 21etik 24ra izango litzateke; egun horietan ortodoxoek Pazkoa ospatzen dute eta NBEk egun horiek baliatu nahi ditu Ukrainako ekialdean gerrak gehien gaztigatu dituen hirietatik –Mariupol, Jerson, Donetsk eta Lugansk– zibilak ebakuatzeko eta bertara laguntza humanitarioa eramateko. Gurutze Gorriaren Nazioarteko batzordeakin koordinatuko litzateke menia.

Guterresek Nazio Batuen egoitzan egin du iragarpena, New Yorken, eta «etenaldi humanitario» gisa definitu du su-etena. Xehetasun guztiak bi aldeei jakinarazi dizkiela esan du, baina ez du argitu Moskutik edo Kievetik erantzunik jaso duen.

NBEko Larrialdi eta Arazo Humanitarioetarako idazkari Martin Griffithsek dagoeneko helarazi dio proposamena Ukrainako Elizen Kontseiluari eta erakunde horren babesa jaso duela ziurtatu du. Kontseilu horretan katoliko, ortodoxo, musulman eta juduak biltzen dira.

Guterresen arabera, errusiarrek Ukrainako ekialdean erasoaldiak gogortzea «Pazkoko mezuaren, hau da, bizitza berriaren ospakizunaren, ukapena da». «Milaka bizitza jokoan daude. Isil itzazue armak», galdegin du.

Ohartarazi duenez, hambi milioi lagunek laguntza humanitarioa behar dute Ukrainan eta aurki 15,7 milioi izango dira; herrialdean geratu den populazioaren %40 da, bere esanetan.

Guterresek ez du erantzun nahi izan Ukrainara eta Errusiara joango den galdetu diotenean.

Griffiths ezkor mintzatu zen atzo su-etenaren aukeraren inguruan, bi aldeak ez direlako hitz egitera ere esertzen. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea egiten ari den bitartekaritza lanean du itxaropena.