NAIZ

Zortzi mobilizazio egingo ditu LABek Nafarroa Maiatzaren Lehena dela eta

Nafarroako zortzi lekutan (Iruñean, Azkoienen, Lizarran, Tafallan, Tuteran, Donezteben, Altsasun eta Leitzan) egingo ditu mobilizazioak LABek Maiatzaren Lehena dela eta, ‘Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu’.

LABek gaur Iruñean egin duen agerraldia.
LABek gaur Iruñean egin duen agerraldia. (LAB)

Zortzi mobilizazio egingo ditu LABek Nafarroan Maiatzaren Lehena dela eta, gaur Iruñean sindikatuaren herrialdeko eledum Imanol Karrerak jakitera eman duenez.

Hauek dira Nafarroako mobilizazioak: Iruñean, 12.00etan Gaztelu plazatik, Txoko Gorria Jarauta kaleko Monton tabernan eta Piparrika plazan egongo delarik; Azkoienen, 12.00etan BMko aparkalekutik; Lizarran, 12.00etan Geltokitik; Tafallan, 13.00etan Nafarroako Plazatik; Tuteran, 12.30ean Queiles pasealekutik; Donezteben, 12.00etan Avia gasolindegitik; Altsasun, 12.30ean Foruen Plazatik; eta Leitzan, 12.00etan Herriko Plazatik. 

Aurtengo Maiatzaren Lehenean LABek ez du plastiko serigrafiaturik erabilikoko. Ondorioz, ez dira 2.500 metro plastiko erabiliko.

‘Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu’ lelopean antolatuko du LABek aurtengo Maiatzaren Lehena.

Enplegua, zaintza eta aberastasuna

«Maiatzaren Lehen honetan LABek enplegua eta zaintzak banatzeko politiketan eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra. LABek banaketa hirukoitzaren alde egin du. Horretarako, lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz. Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu: soldatak hobetuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala garatuz», azaldu du Karrerak.  

«Egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki. Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen. Testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean«, erantsi du LABeko Nafarroako eledunak.

«Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen. Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez eznahikoak diren partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan», nabarmendu du.

«Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu», adierazi du.