NAIZ

Datua hobetu den arren, oraindik Justiziako langileen %55ak ez du euskara eskakizuna betetzen

Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizatzeko Planaren (2011-2020) emaitzak aurkeztu ditu Lakuak. Aurreikusitakoak baino hobeak izan dira; halere, bide luzea dago egiteko oraindik: epaile, fiskal eta legelarien artean, 601 profesionaletatik 108k baino ez dute euskara-eskakizunen bat egiten.

Gernikan mobilizazioa, Justizian euskara bigarren mailakotzat hartzen dela salatzeko.
Gernikan mobilizazioa, Justizian euskara bigarren mailakotzat hartzen dela salatzeko. (Monika DEL VALLE | Foku)

EAEn Justiziaren arloan lan egiten duten 2.366 pertsonen %54,8k oraindik ez du egiaztatu bere lanposturako eskatzen den euskara eskakizuna. Atzera, begiratuta, baina, datuak hobera egin du: ehuneko horrek 10 puntu gainditu ditu Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizatzeko Planaren (2011-2020) hasierako aurreikuspenak.

Hizkuntzaren erabilera handiena EAEko administrazioari transferitutako kolektiboetan gertatzen da: Laguntza Judizialeko Kidegoa, Izapide Prozesal eta Administratiboko Kidegoa, Kudeaketa Prozesaleko Kidegoa eta Auzitegiko Medikuntza.

Hala ere, azken espezialitate horretan langileen %10ek baino ez du egiaztatu 3. hizkuntza-eskakizuna, kategoria honetan eskatzen dena, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak egindako normalizazio-planaren azterketaren arabera.

Gainera, Lakuari transferitu gabeko kolektiboetan (epaileak, fiskalak eta legelariak), euskara-maila baxua da oraindik: 601 profesionaletatik 108k baino ez dute hizkuntza-eskakizunen bat.

Lurraldeka, Araban, Justiziako plantillaren %42k plana amaitzean eskatzen zen hizkuntza-eskakizuna zuen; ehuneko hori %60tik gorakoa zen Gipuzkoan, eta % 47koa Bizkaian.

Idatziz ahoz baino hobe

Bestalde, administrazioaren dokumentu elebidunen erabilera %35etik %61era igo da planaren hasieratik amaierara bitartean.

«Igoera horren atzean dago Euskara Batzordeak agiriak estandarizatzeko egindako lana, urtean 200 baino gehiago», azpimarratu du Lakuako Justiziako sailburuordeak.

Aplikazio informatikoen aurrerapenak ere izan du eragina agiri elebidunak sortzean, 'JustiziaBat' Lakuako Justizia Administrazioaren kudeaketa prozesal eta judizialaren aplikazioaren ezarpenarekin paraleloan.

Kontrara, euskararen ahozko erabilerak «emaitza baxuagoak izan ditu, nahiz eta azken urteetan hizkuntza horretan egindako adierazpenak eta agerraldiak gehitu diren», nabarmendu du Ana Agirre Justizia sailburuordeak.

Agirrek planaren emaitzak positiboki, baloratu ditu, «are gehiago kontuan hartzen bada Justizia Administrazioa gainerako funtzio publikoa baino geroago sartu zela euskalduntze-politiketan», baina onartu du «oraindik bide luzea dagoela egiteko, herritarrek beren aukerako hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko duten eskubidea bermatzeko».