Alessandro Ruta

Mario Draghiren Aste Santu korapilatsua

Italiako lehen ministroak hainbat arazo kudeatu behar izan ditu batera: inflazioa, energia, pandemia... eta bere egoera pertsonala.

Draghi, Argeliako lehen ministroarekin gasa lortzeko akordioa isten, gaixotu aurretik.
Draghi, Argeliako lehen ministroarekin gasa lortzeko akordioa isten, gaixotu aurretik. (Filippo Attili | AFP)

Mario Draghi Italiako lehen ministroari ez zaio erraz ahaztuko Aste Santu hau, egun korapilatsuak bizi izan dituelako. Burukominak izango ditu Chigi Jauregian lehen «urbetetzea» ospatu ondoren. Batek daki hor egoteaz damutuko ez ote zen...

Gainera, Matteo Renzik aipatu duen bezala, Aste Santuan bertan ere, «2023. urtera arte jarraituko du Mario Draghik». Hurrengo hauteskunde orokorrak heldu arte, alegia.

Inork ez du mugituko, beraz, Italiako lehen ministroaren aulkitik. Gaur hain deserosoa zaiona, ordea, atsegina egiten zitzaion 2021. urtean.

Tamalez berarentzat, 2022a nahiko txarto hasi da eta momentuz ezin izan du Draghik irauli. Aurrenekoz, Legebiltzarrak Sergio Mattarella aukeratu zuen Errepublikako presidente; lehen ministroa ez zen hautagai argi bat horretarako, baina erabakia ez du ondo hartu.

Alderdi guztiak ditu bere alde Draghik, Fratelli d'Italia ultraeskuindarra izan ezik, baina konfidantzarik ez duela antzematen begibistakoa da. Izan ere, Italiako egungo egoera ez da erraza, mundu osoan bezala. Baina lehen ministroak Kabinetea aurkeztu zuenean «onenen gobernua» zela adierazi zuen, eta oso nabarmena da ministro asko ez daudela onenen artean.

Zorte txarra izan du agian Draghik. Baina kontua da azken hilabeteotan prezioak goraino heldu direla, Gobernuak eskaini dituen dirulaguntzak ez direla nahikoak eta, dulcis in fundo, Ukrainako gerrak kolpe latza ekarri duela.

 
11. artikulua

Donbasen hasitako gatazkak Draghiren alderik ahulena erakutsi du. Hasteko, Italiak oso lotura estua du, ekonomikoki, Errusiarekin, batez ere gasari dagokionez.

Italiako Konstituzioak, 11. artikuluan, gerra erabat baztertzen du. Eta egia da askotan legea saihes daitekela, baina iraganean, aurreko gatazketan, guda baten kontrako manifestazioek kaleak betetzen zituzten. Kasu honetan, zeharka bada ere Italiak gerran parte hartu duela ulertu du italiar askok, laguntza ekonomikoa zein armak bideratu dituelako.

Komunikatzaile lanetan Draghik akats batzuk egin ditu, bestalde. 2021. urtean jada oker mintzo zen, senatariei ‘diputatu’ deitu zienean edo covid-aren ondorioz bi milioi lagun Zainketa Unitate Berezietan zirela esan zuenean, bi mila zirenean. «Onenen gobernua»ren aipamena ahaztu gabe.

Itsasoa zeharkatuz baina inondik inora

Aurten okerragotu du joera, krisiaren zurrunbiloan. Ukrainako gerra hasi ostean galdera hau luzatu zuen prentsaurreko batean: «Zer nahiago duzue? Bakea ala aire girotua piztuta?». Prezioek sekulako gorakada izan zutenean, Italiako lehen ministroaren ustez erdibiderik ez zegoen: nahikoa zen beste iturri energetiko bat bilatzea.

Bai, baina nola? Italieraz «Tra il dire e il fare c'è di mezzo il mare» esan ohi da kasu hauetan; literalki, «esatea eta egitearen artean itsasoa badago». Beste iturri energetiko bat bilatzea ez da erraza, jakina.

Eta itsasoa, egia esan, zeharkatu egin du Draghik honetarako: Mediterraneoa, hain zuzen ere. Apirilaren 10ean Argeliara joan zen, akordio bat sinatzera: Sonatrachek 9.000 metro kubiko gas emango ditu, aurten eta 2023. urtean zehar.

Baina ere berean Draghiren irudia, gasaren bila munduan zehar bidaiatzen, apur bat tristea izan da. Honezaz gain Afrikara beste bidaia bat prest zuen, berriro energia bila, baina zoritxarrez covid-ak harrapatu zuen, Aste Santuaren hasieran hain juxtu ere.

Orduan beste «akats komunikatibo bat» etorri da, oraingoan birusari lotuta: «Covid pasaporteari esker ziur aski jakingo dut nere ondokoak ez direla kutsatuta egongo», adierazi du lehen ministroak. Auskalo nork eman zion aholku hori, baina gezurra zen. Gainera, maiatzetik aurrera musukoak ez dira derrigorrezkoak izango Italian... eta pasaportea ere ez.

Azkenik Gobernuburuak oporrak gaixorik eta isolaturik igaro behar izan ditu. Buruko min hori azkar pasako zaio agian, baina 2023. urtea arte ez du ihesbiderik izango. Eskerrak, itxuraz, hurrengo Aste Santuan behintzat beste Kabinete bat izango duela inguruan.