Txakolingileak, itxaropentsu
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako txakolindegiek 4,6 milioi litro ardo egin dituzte aurten, iaz baino %7,4 gutxiago, baina salmentak pandemia aurreko kopuruetara iritsi dira, batez ere esportazioei esker
Azken bi urteotako zailtasunei aurre egin ondoren, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako txakolingileek itxaropentsu ekin diote 2022. urteari. Alde batetik, iazko salmentak onak izan zirelako, batez ere esportazioei dagokienez, eta, bestetik, aurtengo uzta zertxobait txikiagoa izan bada ere (Bizkaian ezik), maila altuko ardoak egiteko mahatsa bildu dutelako.
2021eko uztako txakolina dagoeneko merkatuan dago eta, Getariako, Bizkaiko eta Arabako jatorri izenek emandako datuen arabera, guztira 4,6 milioi litro txakolin jarriko dira aurten salgai, iaz baino %7,4 gutxiago, uzta ere zertxobait txikiagoa izan baita, Bizkaiko lurraldean izan ezik.
Horrela, Getariako Txakolina jatorri izenean, guztira 3.974.000 kilo mahats bildu dituzte azken uzta honetan, aurreko urtean baino %10 gutxiago. Mahats osasuntsu eta kalitatezkoa bildu dute eta, ondorioz, Getariako txakolin «tipikoa» egin dute, 11 gradukoa eta «azidotasun markatu eta orekatua» duena.
Mahats kopuru horrekin, ia 2,7 milioi litro txakolin egin dituzte aurten, horietatik %91,2 zuria (2,4 milioi litro), %8,5 gorria (230.600 litro) eta gainontzeko %0,2a beltza (6.540 litro besterik ez).
Azken datuen arabera, Getariako jatorri izenean 443 hektarea mahasti eta 36 upategi daude inskribatuta, iaz baino bi gehiago, aurten bi txakolindegi berri baitaude: Oñatiko Murgialdai eta Zestoako Aitaren.
2020-2021eko merkaturatze datuei dagokienez, Jatorri Izenaren Deituraren Kontseilu Arautzaileak sasoi hori «datu onekin» itxi dutela nabarmendu du, pandemia aurreko kopuruetara iritsiz. Horregatik, oso eskertuta azaldu dira kontsumitzaileekin, «Getariako Txakolina bezalako gure produktu batean konfiantza izateagatik».
Esportazioei dagokienez, pasa den urtean %30 igo zirela eman du aditzera Getariako Kontseilu Arautzaileak, atzerrian 423.000 litro saltzetik 574.125 litro saltzera pasa baitira (ekoizpen osoaren %21). Datuok merkatu berriak irekitzeko upategiak egiten ari diren ahaleginaren emaitza dira.
Herrialdeei dagokienez, berriz, AEBak dira esportazio gehien jasotzen dituen herrialdea (%65), ondoren frantziar Estatua (%6,5), Britainia Handia eta Norvegia (%5,2) eta Suedia eta Japonia (%4) daude.
Bizkaian gehiago
Gipuzkoan ez bezala, Bizkaian aurten iaz baino txakolin gehiago egin da, azken uztan 2.514.818 kilo mahats bildu baitira, aurreko urtean baino %6,8 gehiago. Mahats kopuru horrekin, 1,66 milioi litro txakolin egin dituzte aurten, eta upategiek erretiratutako kontraetiketen kopurua %7,6 igo da.
Bizkaiko Kontseilu Arautzaileak emandako datuen arabera, iazko uzta atzeratu egin zen uda lainotsu eta freskoa egin zuelako. Ondorioz, aurtengo txakolinak oso izaera «atlantikoa» du, aurreko urtekoa baino azidotasun handiagoarekin eta alkohol graduazio txikiagoarekin.
Azken kanpaina honetan egindako txakolin kopurua igo egin bada ere, salmenten datuak ez dira kasu honetan hain onak izan, pandemiaren eraginez ostalaritzan ezarritako neurriek salmenten beherakada ekarri baitzuten 2020-2021 denboraldian.
Jaitsiera hori barne-merkatuan eman zen batez ere, esportazioen kopuruak gora egin baitzuen, pandemia aurreko kopuruetara iritsiz. Une honetan esportazioak ekoizpen osoaren %5 dira eta salmentak gehien berreskuratu dituzten herrialdeak AEBak eta Japonia dira.
Bestalde, Bizkaiko Kontseilu Arautzaileak hainbat aldaketa egin ditu Jatorri Izenaren Araudian eta hektarea bakoitzeko onartzen den mahats kilo kopurua jaistea erabaki du: 11.500 kilora mahats zurientzat eta 9.500 kilora mahats beltzentzat. Era berean, Cabernet Franc edo Berdexarie eta Pinot Noir mahats mota beltzak onartu dira Bizkaiko Jatorri Izenaren barruan.
Horrekin batera, aurtengo Bizkaiko txakolin botilek kontraetiketa berria eramango dute, uztaren urtea nabarmenduz eta ardo mota bakoitza kolore desberdinarekin bereiziz. Horrela, ohiko txakolinek kontraetiketa berdea eramango dute, eta bereziek urre kolorekoa. Azken horien artean daude gutxienez bost hilabetez barrikan ondutako txakolinak edota uzta berantiarreko mahatsekin egindako ardo apartak. Azken kasu horretan “Uztagoienak” izena eramaten dute.
Araban gutxiago
Araban, azkenik, mahats uztak beherakada handia jasan du aurten, baina ez da ahaztu behar 2020ko uzta historikoa izan zela. Horrela, Arabako Txakolinaren Kontseilu Arautzaileak emandako datuen arabera, iaz 450.000 kilo mahats bildu ziren, aurreko urtean baino %38 gutxiago.
Jaitsiera horren arrazoiak 2021ean egindako eguraldian bilatu behar dira, denetatik egon baitzen: izotza udaberrian, ekaitzak udan eta euria udazkenean. Ondorioz, mahats osasuntsua bakarrik bildu zen eta kopurua txikiagoa izan zen, Jatorri Izeneko idazkari den Jose Antonio Merino Belaustegik azaldu duenez.
Hala eta guztiz ere, aurtengo ardoen kalitateak ez du kalterik jasan eta orain arte dastatutako txakolina oso usaintsua eta orekatua datorrela aurreratu dute adituek.
Salmentei dagokionez, Merino pozik agertu da azken bi urte korapilatsuen ondoren errekuperatzen hasi direlako, nahiz eta oraindik ere ez iritsi pandemia aurreko kopuruetara. Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, Arabako kasuan ere aipatzekoak dira AEBetan zein Japonian izandako igoera historikoak.
Esportazioen atalean, aipatzekoa da baita ere ontziratze formatu berriak izaten ari diren arrakasta, batez ere Artomañak merkaturatu duen 25 zentilitroko lata, edo upategi askok beren botiletan erabiltzen duten erroskako tapoia.