Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Lucia Lacarra
Dantzaria

«Dantzari bezala azken emanaldia seguru nago ez dudala inoiz prestatuko»

Dantzaren munduan hizki larriz idatzi du bere izena. Ibilbide oparo bezain txalotuaren jabe da. Dantza puntetan dabil oraindik ere nazioarteko agertoki entzutetsuenetan. Freelance bezala ekin dio bide berriari, ekoizle lanak ere eginez. Maiatzean bi sorkuntza eskainiko ditu Gasteizen eta Donostian.

Lucia Lacarra Itzurun hondartzan.
Lucia Lacarra Itzurun hondartzan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Haurra zela orduak ematen zituen amaren bitxiontziak barruan gordetzen zuen altxor ezkutuari begira: etengabe jira-bueltan ari zen dantzaria.

Zumaian hartu gaitu, etxean. Itzurun hondartzan. Oso gazte zela egin zuen maleta. Dantzari izatea amets bakarra, bihotzean eta buruan. Biak izan ditu iparrorratz jorratu duen bide arrakastatsuan. Oso gazte sentitu zuen bokazioa. Eta amets hark oinarri sendoa izan du bizitza osoan: determinazioa. «Bokazioa izatea, oso gaztetatik jakitea zer egin nahi duzun, zorte handia da eta askoz zorte handiagoa da hori egiteko talentua eta gorputz egokia badaukazu. Baina lanik gabe ez dago ezer. Are gehiago, bokazioa eta talentua dauzkazunean zure egitekoa da horiek lantzea eta erabiltzea», esan du.

Lana, bere lorpenen gakoa. Nahiz gozamena izan den. «Niretzat lan egitea disfrutatzea zen. Munduan gutxi dira bizitzan egun batean ere lan egin ez dutenak eta horietako bat naiz ni; nahi nuena egiten nuen, ez naiz lanera joan».

Berrogeita zazpi urteak beteta ditu eta ez ditu dantzako zapatilak erantzi Lucia Lacarrak. «Poza ematen didan bitartean jarraituko dut», dio.

Eszena gaineko azken emanaldia inoiz irudikatu duen galdetu diogu. «Dantzari bezala azken emanaldia seguru nago ez dudala inoiz prestatuko. Dantzari asko ikusi ditut egoera horretan. Urte osoan prestatzen dute agurra. Denak negarrez... eta hurrengo egunean kito? Bukatu da? Inoiz baino hobeto dantzatu duzunean?... Ez dut nire burua horretan sartuko», adierazi du, tinko.

«Nahi nuke egun batean konturatzea ez dudala barra ukitu hilabetean. Eta hala ere, hain pozik nagoela beste proiektuekin... Egindako azken emanaldia izango da azkena. Hori litzateke modurik onena», esan du..

Sorkuntza

Agertokiak utzi gabe, bide berri bat aurkitu du, ekoizpenarena. Lanean hamarkada luzeak eramanagatik ere hasi berriaren ilusioa transmititzen du. Begiek diz-diz egiten diote Goldenlack Producciones-en –Matthew Golding-ekin jarri du abian– sorkuntza lanez hitz egitean.

‘Fordlandia’ etorri zen lehenik, etxealdi betean. «Arnasa hartzeko, amets egiteko beharra genuen», gogoratu du.

Zumaian zegoen Lacarra; Amsterdamen, Golding. Leiho bat irekitzea izan zen, haize freskoa une petral haietan. «Zer egiteko gai ginen sinesten nuen», dio. «Obra benetakoa izatea nahi genuen, ez ederra bakarrik», esan du. Ahalegina saritua izan zen Max sarietan urteko koreografia onenaren garaikurrarekin –nazioarteko sari nagusienak eskuratu ditu bere dantzari ibilbidean–. Maiatzaren 22an Kursaalean eskainiko dute. 

‘In The Still Of The Night’ sortu zuten ondoren. Hau ere Max sarietan izendatuta dago. Maiatzaren 19an Gasteizen eskainiko dute. Istorioak eraman nahi dituzte eszenara. «Ballet obra tradizionalek istorioa kronologikoki kontatzen dute. Eta neoklasiko edo garaikideak obra abstraktuak dira. Emozioak eta intentsitatea dute baina kontakizunik ez», esan du.

Gustukorik aurkitu ez eta hutsetik ikuskizun berriak sortzea pentsatu zuten. Esan eta egin. «Istorioak kontatu nahi ditugu, baina ez kronologikoki, kontakizuna aurrera eta atzera eramanez. Oso zaila da agertokian hori egitea eta are zailagoa bi pertsona bakarrik daudenean», esan du. 60ko hamarkadako musikarekin zipriztindutako ikuskizuna da bigarrena. Detaile txikiena ere zaindu dute. «1979ko Ford Mustang autoa daukagu eszenan. Kostatu zitzaigun aurkitzea!», esan du.

Hizkuntza aniztasuna

Hizkuntza artistiko aniztasuna dute ezaugarri bi sorkuntzek. Dantza, musika, zinema... «Guretzat dena da artea, eta nahasten dituzunean beste dimentsio batera joaten zara. Dantza da gure mundua, baina beste mundu batera zoaz zinemaren eskutik. Musika ere oso garrantzitsua da, hori da inspiratzen zaituena», adierazi du Lacarrak.

Sortzailea, Golding. Hankak oinean, ekoizle zereginak bere gain hartzen dituena, Lacarra. «Itzurungo hondartzan geundela zoratzeko ideiak sortu zitzaizkion! Matt ameslaria da. Normalean sortzaileak direnek ez dakite ametsa nola gauzatu. Bere ideiak errealitate bihurtzea dut nik gustukoa. Telefonoa hartu eta batera eta bestera deika hastea, edo autoa aurkitzea; ekipo ona osatzen dugu», kontatu du.

Bere burua gobernatzea garrantzitsua izan da betidanik Lacarrarentzat. Ez da ohikoa dantza klasikoan. «Hogei urterekin hasi nintzen galak egiten eta inoiz ez dut managerrik izan. Beti jakin nahi izan dut nora nindoan, nola zeuden gauzak antolatuta... Bertara iristean, modu horretan, dantza egiteaz bakarrik arduratzen nintzen. Eta lana eskaintzeko beti niri deitzen zidatenez, nireaz gain momentuan neukan dantza bikotekidearen kontuez ere arduratzen nintzen», azpimarratu du.

Ibilbidea

Bizitza osoa dantza konpainiei lotuta aritu da Lacarra. Mentxu Medelekin Donostian lehen pausoak eman ondoren, Victor Ullateren aginduetara hasi zen Madrilen. Marseilla, San Francisco, Munich etorri ziren ondoren. Gaur egun gonbidatu iraunkor bezala ari da Dortmund-eko Balletean. 2019an bakarrik hegan egiteko unea iritsi zitzaion arte. Victor Ullate konpainian zegoen, zuzendaritzan. Gauzak okertu egin ziren. «Sekulakoa izan zen! Elkarrizketa luzea egiteko modukoa da gertatutakoa. Zuzendaritza utzi nuen, barruan gauzak nola zeuden ikustean ez nuen parte hartu nahi izan», esan du.

Freelance moduan ekin zion bide berriari, Zumaian. «Bizitza prozesua da. Batzuetan egin duzun bideak prestatzen zaitu ardura berriak hartzeko. Zoragarria izan da. Oso rol onak eman izan dizkidate, eta opariak izan dira. Konpainiak horretarako aukera ematen dizu. Baina orain eszenan bagaude guk egindako lanari esker da. Hasieratik egiten dugu dena geuk bakarrik, gainera. Pandemian dirua ipinita, nora gindoazen ere jakin gabe. Gure azala ipini genuen! Satisfakzioa da. Eta eman digu momentu zail batean, pandemian, lan egiteko aukera».

Zumaiara Laia alabarekin etorri zen. 2015ean jaio zen. Duen gorputz pribilegiatuari esker azken unera arte igo zen eszenara. «Haurra martxoan jaio zen eta azken emanaldia abendu hasieran egin nuen, ‘El cisne blanco’, tutu eta guzti. Aurretik, azaroan ‘La dama de las camelias’ osoa egin nuen, hiru aktu. Ezin nuen sartu neure soinekoa, baina beste baten soinekoa neraman, txikituta, gainera. Gabonetan Zumaian atseden hartu nuenean eta erlaxatu nintzenean, orduan atera zen sabela. Lau kiloko umea izan nuen», kontatu du.

Heriotza, hurbil

Gertukoa da aurrez aurrekoan –irribarrea aurpegian– eta ez du erreparorik gai intimoenez ere luze eta zabal aritzeko. «Haurdunaldian ez nuen egun txarrik izan baina erditzean konplikazio denak izan nituen», dio. Une batean, bazihoala sentitu zuen. «Hiltzen ari nintzen, garbi», esan du.

Zortzi astera lanean ari zen berriz. «Ez nik horrela planifikatu nuelako, oso gaizki nengoelako baizik. Erditu ondoren zizko eginda nengoen. Hamar kilo galdu nituen bi egunetan. Indarrik ez, nekatuta... Hiru asteren ondoren, barran jarri nintzen, neure burua modo bailarina-n jarri behar nuen. Baina abdominalak ebakita, gorputza suntsituta neukan. Gorputza berreskuratzeko lan egin beharra nuen eta horrek eman zidan energia».

Bere fisikoak pertsona hauskorraren irudia eman lezake. Baina indarra eta kemena ditu ezaugarri. Hankeko behatza puskatuta izan arren –eta medikuek eta berak hori jakin gabe– dantzan jarraitu zuen. «Geure burua entrenatzen dugu minari aurre egiten eta batzuetan ez da ona: min batzuei kasu egin behar zaie». Zorteko da. «Lesio askorik ez dut izan eta ez dut eguneroko minik. Horregatik ari naiz oraindik dantza egiten», aitortu du.

Ume zela amestutakoa erruz gainditu du. «Nire bizitzako egun bakoitzean egindako rolarekin disfrutatu dut. Ez nuen pentsatzen hau guztia egingo nuenik. Mentxu Medel-ek ‘El lago de los cisnes’en bideoa eman zidan ikus nezan. Amari deitu eta esan nion ‘ama, ikusten al dituzu nesken bi lerroak? Nik azkena izan nahi dut’. Hori eskura ikusten nuen eta pozik egongo nintzen, nire bizitza dantzatzea izango baitzen».

Golding du bikotekide eszenan zein bizitzan. Pozik dago. «Amets berak dauzkagu», dio.

Aurreko bi harremanetan dantza etorri zen lehenengo, bikote harremana ondoren. Ez oraingoan. «Hobe: lehenengo, harremana nolakoa den ikusten duzu. Dantzan batzuetan errealak ez diren emozioak lantzen dituzu-eta»..

«Bikote bakoitza mundu bat da. Oso ezberdinak izan dira hirurak. Ciryl [Pierre] eta biok hamahiru urte egin genituen elkarrekin. Profesionalki zoragarria izan zen berarekin lan egitea, asko ikasi nuen. Bigarrenarekin [Marlon Dino] zailagoa izan zen lana eta bikote harremana uztartzea. Iristen da momentu bat harremana apurtzen saiatzen zarena, baina dena nahastuta dago eta oso zaila da. Hamar urtez egon ginen. Bera da Laiaren aita. Batzuetan min fisikoa errazago eramaten da emozionala baino», esanez amaitu du.