NAIZ

Hamar urtez itxita egon den Otazuko udal aterpetxea berriro irekitzeko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk OtazuNatur ekimena jarri du berriro mahai gainean, duela hamar urte Gasteizko Udalak itxitako Otazuko aterpetxea berreskuratzeko eta «naturarekin harreman zuzena duten bizimodu osasuntsuak sustatuko dituen udal zerbitzu bihurtzeko».

Otazuko Aterpetxea, Gasteizetik zazpi kilometrotara dagoen eraikina.
Otazuko Aterpetxea, Gasteizetik zazpi kilometrotara dagoen eraikina. (GOOGLE MAPS)

EH Bilduk Gasteizetik hurbil dagoen Otazuko udal aterpetxea berriro irekitzea eskatu du, «bizimodu osasuntsuak sustatuko dituen eta ingurumen hezkuntza landuko duen gune» bihurtzeko.

Ohar batean adierazi duenez, bere garaian Vasco Navarro trenaren geltoki zaharra hartzen zuen eraikina da, eta 1993an Gasteizko Udalak txukundu eta gazteentzako aterpetxe bihurtu zuen. Hala ere, 2011n, Udal Gobernuak, erabiltzaile batzuen jarrera desegokia argudiatuz, espazioa itxi zuen. «Eta hamarkada bat igarota espazioak itxita jarraitzen du, nahiz eta EH Bilduk etengabe berriro irekitzeko eskatu duen».

«Ingurumen-hezkuntzari lotutako zerbitzu publiko bat eskaintzeko aukera ematen duen gunea da, hainbat abantaila eta aukera eskaintzen dituena jarduerak antolatzeko orduan. EH Bilduk aurkeztutako OtazuNatur proposamenak gaurkotasun handia du, Otazuko aterpetxea berreskuratzea eta naturarekin harreman zuzena duten bizimodu osasungarriak sustatuko dituen udal zerbitzu bihurtzea ahalbidetuko lukeelako», adierazi du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduren OtazuNatur ekimenak hainbat zerbitzu jasotzen zituen, hala nola, oinez edo bizikletaz egiteko ibilbideak antolatzea, bizikletak alokatzea, ikastaroak eta tailerrak egitea, etab. Era berean, hainbat egunetako edo asteburuko jardueretarako aterpetxe gisa erabiltzeko espazioa berreskuratzearen alde egiten du, ikastetxeei, gazteei, partikularrei edo pertsona nagusiei zuzenduta.

EAJ eta PSEren jarrera

Talde subiranistak 2017an helarazi zion ekimen hori osoko bilkurari, baina ez zen aurrera atera EAJren eta PSEren aurkako botoengatik, «espazio hori berriro irekitzeko proposamen bat egiteko konpromisoa hartzeko aukera ukatu baitzuten».

«Hala ere, bost urte geroago, EAJk eta PSEk ez dute proposamen bakar bat ere egin. Ez dute ezer egin konpromiso hura gauzatzeko, eta Otazuko aterpetxe zaharra hutsik eta erabilerarik gabe dago oraindik. Izan ere, herritarrei espazio hori disfrutatzea ukatzeaz gain, itxita egoteak udal eraikin hori gehiago hondatzea dakar», ohartarazi du Ruiz de Larramendik.

Zinegotziaren esanetan, EH Bilduk proposatutako ekimemak «hainbat abantaila ditu», izan ere, berriro irekitzeak ez luke diru asko suposatuko, eraikina dagoeneko eraikita eta ekipatuta baitago. 2.000 metro karratuko lursail batean dago, Gasteizetik 7 kilometrotara dagoena, eta erraz iris daiteke bertara bizikletaz.